Imanol Galfarsoro: “Estatugintzan, edozein arrasto arkaikok hondamendia dakar”

Imanol Galfarsoro

Imanol Galfarsoro Madariaga aretxabaletarrak urte asko daramatza atzerrian,  Euskal Herrian oso presente dagoen arren. Titular probokatzaileak emandako irakasleak -berak esana da euskaldunak desagertu egin behar du”-, “Errealitatearen logika, utopiaren logika” izan du berbagai “XXI. Mendeko abertzaletasunaz” EHUren udako ikastaroan.

imanol galfarsoroGlobalizazioaren baitan euskal Estatua Europan nola kokatu hartu du ahotan Galfarsorik, plano utopikoa eta logika praktikoa kontrajarrita.

Utopikoak ez dagoenaren aldeko desira bultzatzen du, baina zehaztasun gabea da, eta berritasunak aldarrikatzen ditu. Modu horretara, Estatu berriak ezin du gaur egungo estatu modernoen imitazio izan. Desioaren eremuan gabiltza, eta borondatearen optimismoa antzematen da.

Oinak lurrean jarriz gero, baina, gogoaren pesimismoa gailentzen da. Helburua ezin baita utopikoa izan, inposiblea -bakea, justizia edo berdintasuna izan daitezkeen zentzuan-, egingarria baino. “Independentzia posiblea da, atzeman daiteke”, dio Galfarsorok, eta horretarako lurralde baten kudeaketarekin lotua ulertu behar ei dugu Estatua -zentzurik burokratikoenean-, horrela herri burujabea lortzeko aukera areagotu egiten baita, egungo Europa ikusita bere baitako estatu baten ametsa oso erakargarria ez dela onartu arren -gero eta gizarte ezberdintasun handiagoak, arrazakeria….-.

.

Prakmatikoak izan beharraz

Logika utopikoa prakmatikoari gailentzen zaio bien arteko tentsioari erreparatu gabe, eta “Estatuaren kontrako argudioak edozein izanda ere, Europan parte hartzeko bidea irekita” dagoelakoan, praktikotasunaren aldeko hautua egiten du Galfarsorok. “Ez gaizki ulertu nire ikuspuntua. Imaginario politikoa lantzea, errealitatetik at kokatu eta aldatzeko zeru utopikoak delineatzea behar-beharrezkoa da gaur egungoa baino gizarte hobeagoa lortzeko,  -oasis harmoniatsua, atlantida berri koloretsua…-. Arazoa da gaur egun Europan gauzatu beharko dela independentzia, utopikoena izanda ere ametsgaiztoko Europa distopiko honetan”. Hemen eta orain, independentzia nahia dugunok Europaz hausnartu beharra dugula adierazi du pentsalariak.

Beraz, “feminismoaren paradoxa berean aurkitzen gara. Parekidetasunaren aldarrian, ingurukoa neurri normaltzat hartu eta imitatzera behartuta gaude” -berbaldiaren hasieran aipatua zuen, adibide bezala, gizartean emakumearen gaitasuna modu espezifikoan jasotzen duen ezer ez dagoenez, gizonek bezala jokatu beharra zutela (Alardean, esaterako; eta ondo begitantzen zaio)-. “Zer esanik ez, diskurtso kudeatzaile administratiboa soilik azpimarratzearekin tentuz ibili beharra dago, baina beharrezkoa da estatu berrien eraikuntza inposiblea ez denaz ohartzeko”.

Imanol Galfarsoro“Paradoxikoki Europaren baitan gauza daiteke bakarrik espainiar Estatuan posible izango ez den estatu hori, ez dagoelako baimentzen duen arautegirik”, Galfarsororen aburuz. “Euskaldunen laguna den Zizek-ek esan zuen -askotan aipatuko du esloveniar pentsalaria- Europar Batasunaren barruan zenbat eta indartsuagoak izan hainbat eta handiagoa izango zela Euskal Herriaren autonomia espazioa; Espainiari kontra egiten diogun neurrian unibertsalagoak izango garela”.

Antzeko itxaropena ei zuen Varoufakis-ek ere -euskaldunen erabakia da, ez Madrilena; esanda-, “eta hau inportantea da”, Liverpoolen bizi den irakaslearen esanetan. “Zizek espekulazio politikoa da, filosofikoa; ezin ditugu bere argudioak erabili, arlo utopikoa indartzeko ez bada, abstraktu eta zabalak direlako. Baina Varoufakis askoz praktikoagoa da, joku arrazionalera dakar afera“.

“Varoufakisen iritziz, herri burujabeek, Europa barruan erabakia har dezaten, buru hotsez eta emozio lasaien bidez, politika ekonomikoen ikuspuntutik sostengarriak izan behar dira. Eta Europaren demokratizazioa lortzen badugu, zein arazo dago euskaldunak Estatu propioa sortzekok horren parte izanda? Errazagoa litzateke, ez zailagoa”.

.

Globalizazioa, aukera

Europaren aldeko entusiasmo txikiari globalizazioaren aurkako susmoa gehitu behar zaio Galfarsororen ustetan berek aldeko aldarria egiten badu ere. “Munduko ezkerrak iritzi hedatua du globalizaziok mehatxua dakarrenarena, uniformizazioa eta amerikanizazioa. Eta kapitalismoaren interesak defendatzen dituela ukatzerik ez badago ere, ez da guztiz zuzena”.

“Ingelesa inperialismoaren obra zela zioten, eta ez dut uste”, dio Galfarsorok, Zizek-ekin jarraituz eta ingelesa adibide bezala jarriz. “Gurea bezalako egoera batean -gizarte elebiduna dugu-, ona da hirugarren hizkuntza bat, unibertsalitatearen tresna, lehen latina bezala, espainieraren bitartekoritzarik gabe munduaren pare jarriko gaituena eta, beraz, espainiera `beste bat´bihurtuko duena”.

Globalizazioa mehatxua da? Frantsesek, esaterako, horrela bizi dute orain, kezkaz eta larritasunez, arazo gisa. “Erreakzio horiek estatu klasikoen krisiarekin lotuta daude; `begira zein loriatsuak ginen eta zer garen orain…´. Globalizazioak Frantzia bere lekuan jarri du; hegemonia galdu dute!”.

“Globalizazioaren neurria Europa da, eta estaturik gabeko herrien aukera areagotu egingo da bertan parte hartzeko”, Galfarsororen tesiaren arabera. “Euskal Herriarentzat ez da mehatxua zentzu kulturalean eta aukera da zentzu politikoan, bi Estatu handien eraginetik askatzeko”. Espainiaz eta Frantziaz ari da, noski.

Nazio kolonizatuek eskubide berdinek eskatzean jartzen da prozesu askatzailea abian -eta gure diskurtso emanzipatzailea Europako tradizio politiko-kultural-filosofiko klasikoan egin dugu-, independentzia eskatu eta sustraietara berritzulera bat burutzen da. “Eta nola islatu diskurtso askatzailea estatugintzan? Benetako estatu garaikide kosmopolitak guztiz zehazgabeak izan behar dira identitatearen predikazioan -ez nabil gizarteaz-, bakarrik orduan izango dira posible”.

“Inolako identitate predikamenduk, arrasto arkaikok, hondamendia dakar; hemen dagoen edonor hemengoa da. Patriotismo berriak ezin dira gure eredu bilakatu, beldurrarenak. Giza unibertso hobea sortu behar dugu, eta estatu duina irudikatu, subordinaziotik askatzera datorrena, guztiz askatzailea. Euskaldunak bukatu behar du”.

Imanol Galfarsoro / Imanol Galfarsoro / Imanol Galfarsoro / Imanol Galfarsoro
abertzaletasuna, EHU, Imanol Galfarsoro, jakin, udako ikastaroa, XXI. mendea, zuzeu
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude