Aberri eguna ala aherri eguna?

Aberri eguna ala aherri eguna? –

Apirilaren 12an aberri eguna ospatuko dugu euskaldun askok. Aberri hitza, dena den, anbiguotasunean murgildu du Eusko Jaurlaritzak, beste esanahi askorekin batera. Zein da gure aberria? Orain dela 40 urte, inork gutxik izango zuen galdera horri erantzuteko zalantzarik: 7 herrialdez osaturiko Euskadi/Euskal Herria, ikurrina ikur zuena. Gaur egun, batez ere EAEko lurretan, gobernuak aberri berri bat sortu du, eta biztanleriak erabat onartu du, dela kontzienteki edo inkontzienteki. EAJ-k bikain ulertu zuen George Orwell-en 1984 liburuan hizkuntzak zuen garrantzia, eta horrekin dotore jokatzen jakin izan du. Noski, EAJ alderdikoak euskaraz entzutea, tamalez beste alderdietakoak bezalaxe, ez da lan erraza, eta gehienetan “país”, “nación” eta “pueblo” hitzak entzungo dizkiegu. Igandean EAJ-k ere aberri eguna ospatuko du, baina bere herria ez da alderdiak orain dela 40 urte aldarrikatzen zuen bera. Aberri berri bat sortu dute, edukiz gabea, 3 lurralde dituena, ikurrina ikur eta Euskadi izena ei duena. Hori da EAJ-k igandean ospatuko duena, Euskal Herriaren segregazio politiko zein kulturala, hain zuzen ere.

Aberri eguna ala aherri eguna?Azken egunotan entzun diegu 40 urte direla demokrazia berriko Eusko Jaurlaritza berria osatu zenetik, eta bikain jakin izan dutela “herria” eraikitzen eta euskal nortasuna defendatzen. Euskal biztanleria lozorroan egon da 40 urtez, eta nahikoa da, orain ernatzen ez bagara gureak egin du! Hegoaldearen sakabanaketa, EAE alde batetik eta Nafarroa bestetik, PSOE alderdiari zor diogu, aldeko botoa azken momentuan kontrako egiteagatik. Alderdi horixe dugu orain momentuan Nafarroan eta EAEn EAJ-rekin batera. Ez dezala inork uste PSOE euskal kultura eta hizkuntzaren alde ezer egiteko prest dagoenik, ezta egin nahi duenik ere. Penagarria da oso gobernuan alderdi espainol bat ikustea eta jendea eroso dagoela ikustea. PSOE alderdiak goian aipatu sarraskiaz gain, bestelakoak ere egin dizkio euskal nazioari: Euskadi (=EAE noski) eguna ospatzea, D ereduan ikasita B2a eskuratzea, gradu bat euskaraz ikasita C1a eskuratzea, besteak beste.

Euskal kultura azkenetan da, hegoalde eta iparraldearen artean sekulako arrakala kulturala sortu da. Irungo batek askoz gertuagoko ikusten du Sevillako lagun bat, Senpereko lagun bat baino. Belaunaldi bat atzera joanik, kulturak batzen gintuen. Ondarroako bat eta Atharratzeko bat erraz imajina nitzake euskal dantzan, mahai baten inguruan kantuan edo bertsotan, frontoian pilotan eta abar luze batean. Gaur egun, nekez imajina nezake halakorik. Berriki, koronabirusa dela eta, EITB-ren jarrera ezin argiagoa izan da. Kontatzera animatzen zaituztet (etb1eko eguraldia atala alde batera utzita), teleberrian EH edo “País Vasco” (EH zentzuan) hitzak zenbatetan entzun diren. Alde batetik, Euskadi (EAE) izan dute ahotan, Nafarroa bestetik, iparraldea ia erabat ahaztuta izan dutelarik. Grafiko bakar batean ere ez ditugu Araba eta Nafarroa adibidez batera ikusi.

Urteak darama gobernuak euskararen egoeraren gorakada aldarrikatzen. Horra hor beste gezur potolo bat. Euskara inoiz baino ahulago dago, eta garaia da hori euskal gizarteari zabaldu eta ikusarazteko. Gasteizen, orain dela 40 urte, euskararen erabilera %0 izango zen seguruenik. Soziolinguistikako klusterraren arabera, 2016an haurrak haien artean aritzen direnean euskararen erabilera %0,9 zen. Pentsa, 40 urtean 0,9 puntu igo bada, zenbat urte beharko diren Gasteizen haurrak haien artean euskaraz aritzeko. Lasai, kalkulagailua eskura dut eta: 4444,44 urte. Hori da egoera ordurako erdaldunduta zegoen lurralde batean. Okerrena, baina, euskara bizirik zegoen herrietan ikus dezakegu. Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan egoera deskriba ezina da, egoera latza baita eta galera etenik gabea. Lurralde hauetan, egoeraren jakitun gara baina gobernua ez dirudi ezer egiteko prest dagoenik. EAEn egoera ez da batzuek uste duten bezain pozgarria. Adibide xume bat plazaratze aldera, Bermeoko biztanleen %72k dakite euskaraz, baina %36ak soilik erabiltzen du. Orain dela 40 urte, frankismotik atera berritan, erabilera datuak altuagoak ziren. Hizkuntzaren erabilera da hizkuntza baten osasunaren adierazle, ez jakintza. Hau behin eta berriz errepikatu behar dugu, jendeak ulertu arte. Hemendik gutxira euskaldun guztiek jakingo dugu ingelesez, baina horrek ez gaitu ingeles bilakatuko. Era berean, euskara denok dakigun arren, inork erabiltzen ez badu, euskara hilik egonen da.

Euskal Herria Batera ekimenak zazpi lurraldeen batasuna defendatzen du, eta baita bizi dugun egoera tamalgarriari buelta emateko borroka egiteko nahi zein prestutasuna ere. Horren aldarria da igandean burutuko dena. Hori dugu benetako aberri eguna, orain dela 40 urte EAJ-k ere aldarrikatzen zuena. Uz diezaiegun nahi badute egungo jeltzaleei igandean aberriaren aherritasuna ospatzen. Argi uz diezaiegun, baina, Euskal Herriak zenbat lurralde dituen, zein egoera bizi dugun, eta ikurrinak zer errepresentatzen duen.

Gora aberri eguna!

Aberri eguna ala aherri eguna?

7 pentsamendu “Aberri eguna ala aherri eguna?”-ri buruz

  • Artikuluak dio” Igandean EAJ-k ere aberri eguna ospatuko du, baina bere herria ez da alderdiak orain dela 40 urte aldarrikatzen zuen bera”

    Duela bi urte, EH Bilduk uste zuen Eusko Legebiltzarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriaren inguruan lortutako akordioa «eredugarria, historikoa eta transbertsala» dela, eta «gehiengo berriak eraikitzeko aukerari atea zabaltzen» diola. Hori adierazi zuten Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte koalizioko bozeramaileek Barakaldoko BECen egindako agerraldian.

    Hemen zein alderdik aldarrikatzen du herria duela 40 urte bezala?

  • ahobatiritzibat 2020-04-10 19:33

    Ados nago diozun horrekin. Artikuluan gehien bat EAJ alderdiari egin diot kritika, azken 40 urtetan hau izan baitugu boterean nagusiki. Nire asmoa ez zen, baina, EH bildu alderdiaren apologia egitea. Arnaldo Otegik berriki azaldu du argi eta garbi euskal kultura albo batera utzi beharko dugula independentzia nahi badugu, azken hau Bilbotik etorriko omen baita. Nire asmoa gure herri/aberria eta ikurra zein den argi uztea zen, eta batzuek darabilkioten terminoen anbiguotasunari muzin egitea.

  • Gilen Mejuto 2020-04-10 19:43

    “Arnaldo Otegik berriki azaldu du argi eta garbi euskal kultura albo batera utzi beharko dugula independentzia nahi badugu, azken hau Bilbotik etorriko omen baita”.

    Emango duzu mesedez horren referentziarik?

  • Gilen Mejuto 2020-04-10 21:40

    Eskerrik asko.

  • Bihar ospatuko den aberri egunean, Euskal Herria Batera taldearen deialdian bi gauza azpimarratu nahi nituzke:
    Lehena, azken urteetan egin denaren kontrara, independentziaren aldarrikapena ez da azaltzen. Youpi munduan bizi garela baizik, Elkar zaintza, maitasuna, denak batera..
    Bestetik, deitzaileetako batzuek aberri eguna, alderdi eguna bilakatu dute azken urteetan, gainera euskal herria bi aberri egunetan zatituz. Orain berdinak etortzea batasuna eta alderdietatik kanpo egin behar dela esanez txiste bat iruditzen zait.

  • Independentziaren aldarrikapenari buruz ez da sekulan susmatzen nazioarteko porposamen bat non konplizitate eta laguntza bilatuko genukeen.
    Honi buruz hiru oztopo ikusten ditut. Alde batetik euskaldunok dugun Estatua ez dugu aldarrikatzen eta nazioarteko mailan ez dakite zehazki zeri buruz hitz egiten dugunik. Beste aldetik inork ez du dohainik laguntzarik ematen eta guk zer eskaintzen dugun eta norekin hasi harremanak ez ditugu ezta planteamendurik egiten. Azkenean, kanpotik norbaitek analizatzen bagaitu azkar konturatu da herri hontan ez dagoela adostasunarik gure sujeto politikoari buruz, autodeterminazioari buruz, hauteskunde inperialistei buruz, instituzio kolonialistei buruz, gure lurraldeetako markori buruz, gure ikurrari buruz, gure denominazioari buruz, gure erreserkiari buruz, etabar… Panorama hori ikusi ez gero nork hurbilduko da gurengana? Esango diguten lehen gauza argitu beharko garela eta gero ikusiko da.