Tentela eta inozoa
Tentela eta inozoa, halaxe sentitu nintzen goizeko 9:30etako sesiora presaka eta korrika sartu eta aretoz erratu nintzela ohartzean. Inoiz gertatuko zitzaizuen, ala? Halakotan ez da jakiten proiekziotik irten eta kafea hartzera joan, geratu eta dena irentsi, ala zer egin. Nik irtetzeko asmoa nuen, daitort, baina Zuzendari Berrien ataleko ‘Los tontos y los estúpidos’ Roberto Gastonen zintak ipurdia besaulkira itsatsi zidan.
Zinema hastapenetan hori zen: errodatutako antzerkia. Eta horixe bera egin du Gastonek; hangar batean grabatu eskenak, atrezzo minimalistarekin girotuz, argiekin jolastuz, ezinbesteko Off narratzailearen laguntzarekin. Zuzendariak hasiera hasieratik errebelatzen dio ikusleari antzerki obra baten entsegua dela filma, sekuentziaz sekuentzia. Sorpresari uko egiten dio, eta zuri-beltzean eta soinurik gabeko istoriotik kanpoko betelan kutsuko sekuentziak sartzen ditu, obran parte hartzen duten aktoreen kanpo bizitza erakustsiz. Ulergaitzak egin zitzaizkidan pelikularen zatiok, hala hasieran, nola amaieran, matrioska efektua lortzeko ez baitziren beharrezko.
Mario, Paula, Miguel eta Lourdesen antzezlanaren barruko istorioak, baina, pantailara lotuko zaitu. Eta Roberto Álamo aktoreak interpretatzen duen antzerki zuzendariaren papelak oso dibertigarria egiten du filma, sekuentziak moztuz, aktoreei aholkuak emanaz. Barrutik kanpora, kanpotik barrura. Drama eta Komediaren arteko muga finean, behin baino gehiagotan jarri zuen Gastónen filmak aretoa dantzan, parrez. Eta niri ez ninduen tentela eta inozoa sentiarazi Kursaaletik ateratzen. Aretoz erratu izanaz poztu nintzen. Galdu baino, irabazi nuenaren sentsazioarekin.
‘Los Tontos y los estúpidos’ (Zuzendari Berriak atala)
Zuzendaria: Roberto Gastón
Aktoreak: Josean Bengoetxea, Roberto Álamo, Cuca Escribano, Aitor Escribano, Ohiane P. Etxebarria, Erika Olaizola