Sautrela 381: Iban Zaldua (Aurrerapena)
Autofikzioa, literatur munduan azken boladan sarritan entzuten den hitza dugu: autofikzio-nobela, autofikziozko narrazioak… Haatik, ba al dakigu zehaztasunez zer ote den autofikzioa delakoa? Zer diferentzia ote dago, esaterako, kontakizun autobiografiko eta autofikziozko baten artean? Ez ote dira autobiografiak ere fikziozkoak neurri handi batean? Azken urteotan boladan ipini den kontzeptu horri buruz jardungo gara aste honetan erreportajean. Geure buruei galdegin diegu ea moda hutseko kontua den edo benetako berritasun literarioa. Ea benetan gauza berria den edo literaturaren historian aspalditik jorratua izan den egungo publizitaterik gabe.
Elkarrizketan Iban Zaldua izango dugu gurekin. Dagoeneko ibilbide oparoa egin duen idazlea dugu; urrutira joan gabe iaz Euskadi Saria lortu zuen gaztelerazko saiakera arloan. Batez ere ipuingintzan nabarmendu izan da dena den, eta oraingoan ere ipuin liburu batekin datorkigu: Inon ez, inoiz ez. Bere proiektu mardul eta garrantzitsuenetakoa ezbairik gabe, eta idazlearen ohiko ezaugarriak topatuko ditugu bertan: ironia, joko literarioak, historia eta fikzioa, posiblea eta posible ez denaren arteko nahasketak… Liburu berriari buruz ariko zaigu, bada, Zaldua.
Sautrela 381 from sautrela on Vimeo.
Beñat Sarasolak liburu bakan horietako bat ekarriko digu. Agiriak izeneko liburu kolektibo bat, hainbat euskal idazle eta artisten artean ondurikoa eta Gabriel Arestiren omenez haren heriotzaren ostean argitaratutakoa. Aski edizio ederra duen liburua eta bitxikeriaz beterikoa, idazle ezagun zein ezezagunen poemez betea.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.