Bakailaoak triste daude
Bakailaoak triste daude
Irratia bidelagun dugunok zenbait ahots ditugu buruan iltzatuta, izan ere, geure bizitzaren zati bihurtu baita egunero entzuten dugun pertsona hura. Horregatik, ahots bat itzaltzen denean, geure bizitzaren zati bat joaten da harekin batera. Hori gertatu zaigu Athleticzaleoi Jose Iragorri atzo hil zenean, Bizkaia mailan taldearen partiduak transmititzeko erreferentea bilakatu zena. Berarekin joan da Athleticen partiduak bizitzeko modu bat, sutsua, hunkigarria baina orijinala ere bai. Guztiok dugu gogoan Athleticen golak kantatzeko zuen era, golak baino “bakalauak” esango nuke, baita Athleticeko jokalariei eskeintzen zizkien ezizenak, Isma “Espárrago” Urzaiz edota Fernando “Madari es que es la pera” Llorente adibidez.
Irratian errespetuz aritzen zen, izan ere Athleticeko partiduak transmititzen zituen arerioa iraindu barik eta taldearekin kritiko jokatuz, beraz, ez zen gaur oso modan dagoen hooligan bat; baizik eta guztiz kontrakoa: futbol eta Athleticzale sano bat. Esandakoa gutxi izango da une honetan, bere familia, lagun eta Radio Popularreko lankidentzat batez ere, baina jakin dezatela guztiontzat eredugarria izan dela Iragorri eta bere heriotzak gogor jo gaituela Athleticzaleok. Iragorri barik Athleticen golak ez dira gauza bera izango. Argentinako Radio Paranátik neure omenaldi xumea. Besarkada bat. Goian bego.
“Presencia Vasca” saiorako osatutako zutabea