Titiak ukitzen

Titiak ukitzen

Azken egunetan sarean indignazio eta haserre asko sortu duen gaia da San Ferminetako txupinazoaren momentuan neska batzuk mutilen sorbaldetara igo eta kamiseta altxatzearena, gero mutil askok eta askok beraien titak ukitzen zizkietelarik. Batzuetan neskak nahi izanda, besteetan ez. Eta erakuste hutsak ez du inolako baimenik ematen ukitzeko.

Bada bideo bat non 3:39-tik aurrera neska bat aipaturiko bigarren egoeran aurkitzen den. Neska argi eta garbi oldartua da, defendatzen saiatzen delarik, lortu gabe. Pertsonalki, hain da handia sortzen didan nazka, bertan izan banintz ez dakidala nola erantzungo nukeen. Gizon naizen eran, haserrarazi eta lotsa sentiarazten didate. Mutil horiei identifikatu eta salaketa jarri ahalko litzaieke. Ziur aski, nahiago izango dute ikurriñarena egin zutenak salatu.

Hala ere, honetaz gain, badira gauza batzuk ihes egiten dizkigutenak. Gehienetan, ez zaigu bururatzen neska horien nahia zein izan daitekeen pentsatzea. Feministak* garenez, egiten dugun lehengo gauza salaketa da. Nik bi jarrera posible ikusten ditut titiak ukitzen dizkieten edo biluzten dituzten neska horiengan. Hau da, balitekeela gozatzen egotea eta balitekela ezetz. Edo baliteke hasieran baietz baina geroago pasatzen hastea…

Bestalde, sexu harremanetan, normalki, ukitzeko baimena ez da hitzez ematen. Baizik eta keinuez, jolasean, eta batzuetan baita elkar ukitzen ere… Formetan egon ohi da ezberdintasuna. Eta gainera, horrek egiten du hain erakargarri. Inork ez luke esango “uzten al didazu ukitzen?” “ez, ez dizut uzten” edo “bai, uzten dizut”. Ez gaude kontratu bat sinatzen! Baina ezezkoa hitzez edo keinuez ere jaso daiteke. Bideoan argi eta garbi ikusten da neskak ez duela ukitua izan nahi eta hor ez dago eztabidarik. Baina badira argazkiak non neskak hamaika eskuz ukituak diren bitartean, irrifartsu azaltzen direnak. Gure lehen erreakzioa gaitzezpena izan daiteke. Baina hobeto pentsatzen badugu, ondoko galdera datorkigu: neska horiek nahi dutena egiten ari badira, nor naiz ni hori gaitzesteko? Sexuan badira hainbat eta hainbat rol, fantasia… Batzuk ez ditugu atsegin, gustuez ez baitago ezer idatzia. Baina beste batzuk gure oinordetza morala ezin gaindituz baztertzen ditugu. Beti sartzen dugu hanka morala erabiltzen dugunean arrazonamenduaren ordez. Txarrena nahi gabe egiten dugula da.

Titiak ukitzen

Titiak ukitzen

Eta neska gustura dagoen kasuetan hanka sartzen dugulakoan nago. Paternalismoan erortzen gara. Eta feministak garen heinean ez dut uste emakumearen bere gorputzarekiko erabakitzeko eskubidearengatik asko egiten dugunik. Guztiz alderantzizkoa: matxismoa praktikatzen dugu emakumea askatzen ari garelakoan. Guzti honen erdian neska horien iritzia entzutea izango litzateke benetan baliagarriena.

Bada beste kontu bat ere. Neska matxisten artean iniziatiba eta erabakia hartzen duena mutila izan behar dela onartzen dutela ikusten dut. Hau da, neska ikusgarri jartzen da mutila gertura dadin ligatzera eta aukeratua izan dadin. Gustatzen zaien eta nahi duten zerbaitegatik mugitzen ez diren neskak. Zain. Hau asko ikusten dut, batez ere, hegoamerikako etorkinengan. Eta pena handia ematen dit. Honekin esan nahi dudana da balitekeela titiak erakutsi eta ukitzen uzten diren neska horiek patroi horri jarraitzea, hamarnaka mutilek ukitzea laudorio handia bailitz. Nahiz eta beraien erabakiz izan, mutilen azpitik jarriz. Baina ezin ez egitera behartu, azken finean bere erabakia baita.

Bukatzeko, gertatu zait neska ezezagun batek ipurdia ukitzea nere ondotik pasatzean parrandaren batean. Jendeari kontatzean “jode, denak zoratzen dituzu!” eta horrelakoak esan dizkidate irripartsu. Ekintza bera ezberdin tratatua. Nire errakzioa defentsiban jartzea izan zen. Hori mutil batek neska bati egiten badio, zaplastekoa jasotzen duela esan nion eta bere lagunak arrazoia eman zidan. Baina ondo pentsatzen badut, ez dut ezer ofentsiboa ikusten hartan. Are gehiago, gustatu egin zitzaidala esango nuke, eta benetan izorratu zidana beraiek baimena eman behar didaten moduan, nik ere eman beharko niokeela zen. Azkenean, hura ez zen komunikazio bat baino gehiago izan. Joku bat da eta dena ez da hitzez esaten.

Batzuetan, gure eskubideen defentsan giro on guztia izorratzen dugu.

*Esan behar dut inoiz ez zaidala hitz hau atsegin izan. Bi generoen arteko berdintasuna aldarrikatzeak beste izen bat beharko luke.

Titiak ukitzen

Gai sozialez, ekonomikoez, politikoez, generokoez ausnartzea atsegin dut. Guztiaz zerbait jakin nahi eta ezertan ez aditua. Beraz, noizbait hanka sartuz gero, kritikatu lasai. Noizbehinka zerbait idazteko asmoz sortutako zirrikitua. Ea nire buruarekin fidela izatea lortzen dudan @ikerkai

14 pentsamendu “Titiak ukitzen”-ri buruz

  • Horretarako hitz bat daukat nik: berdintasuna.

  • Iepa! Gai honi buruz irakurketa gehiegi egin dira eta nire iritziz bat eta bakarrak (irakurketa ez irakurketa egile) eman du gakoan: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-07-10/004/003/askatasunez.htm

    Izan ere, “feministak garen heinean” berdintasunaren inguruko irakurketa bat egitea rolen analisian sakondu gabe akats handia da. Zer inporta du neska hori pozik eta alai egoteak, egoera horietan beti neskak agertzen direnean? Zergatik ezartzen duzu norbanakoaren plazerran oinarria eta ez hamaika aldiz errepikatzen den patriarkatuaren forma biolentoan? Eta, ez al du patriarkatua bera erreproduzitzen neska bat bost “matxitoz” inguratuta egoteak? Ez al dira bi esfera banandu behar norbanakoaz hitz egiten dugunean? Hau da, zuk neskaren plazerra aipatzen baduzu, nik mutil horien biolentzia aipatuko nuke, zuzenean joan direlako neskarengana panpin bat bailitzan.

    Jarrerak, rolak… dira analizatu beharrekoak, ez kasuan kasuko balizko egoera adostuak.

  • Iker gakoa aipatu du. Hau da, desirako objektua izatea aukera libre bat dela eta hau da feminismo batzuek ukatzen dutena.

    Portzierto Iker, ez dira fantasiak desirak baizik. Fantasiak imaginarioan gelditzen dira eta ez dago errealitate bihurtzeko benetako asmorik, desirak bai.

    Aitor, emakumea ‘matxitoz’ inguratzearen eredua errepikatzea ez da patriarkatuaren adibidea baldin eta libreki horrela aukeratu baldin bada. Patriarkatua agerian gelditzen da kontrako adibidea jarriz:

    Gizonek ez daude prest desirako objektua izateko, patriarkatuaren eraginez beraiek kontrola izan behar dutelako.

  • Ze Disney ta ze… Pertsona heldu batek ikusiko du, ba, bere gorputzarekin zer eta noiz egin…

    Nik ikusten dut emakume bat parrez bere titiak erakusten, eta barrez titiak ikutzen dizkiotelako. Emakume horrek une horretan nahi badu titiak ikutu diezazkioten, ba perfekto. Beste momentu batean ez du nahiko, eta perfekto hori ere. Perfekto. Bi aukerak errespetatu behar dira. Errespetu osoz eta modurik tajanteenean bai bata eta bai bestea. Eta kitto.

    Eta errespetoa erakustea da ez interpretatzea titiak horrela ikutzen uzteko erabakiaren atzean ez dakit ze rollo dagoela… Ba ez. Helduak gara. Teorizazio oso sakonak egin genitzake, baina argazkian ikusten dena kritikatzeko konfesionario usaineko moralina judeokristaura jo behar da. Eta hortik, eskoteak kritikatzera, edo minifaldak, edo ilea tintatzea, edo auskalo …

  • Zenbateko itxurakeria. Beti besteek zor digute errespetua eta jakin behar dute zer nahi dugun, ezta? Denok gara libre nahi duguna egiteko, baina aurrean zer topatuko dugun konsziente izan behar dugu.
    San Fermin egunean Kastillo plazan titiak erakusten dituen neskari titiak ikutuko dizkiote nahi ala ez nahi. Bandera espainola lepoan lotuta Euskal Herriko zenbait kaletan sartzen dena jipoituta aterako da. Berdin ikurriña lepoan lotuta Espainiako zenbait kaletan dabilena. Enzierroan korrika ateratzen dena zezenak harrapatuko du, erori eta burua hautsiko du edo jende azpian zapaldua izango da.
    Eta bai, aukera guztiak errespetatu behar dira, titiak erakutsi, gorde, barrabillak depilatu… Aukera guztiak dira errespetatu beharrekoak. Baina… Hortxe dago koxka. Askotan ez dira errespetatzen. Eta beraz, Kastillo plazan titiak ikutzea nahi ez duenak ongi egingo luke gordean mantenduko balitu. Eta (asko) ikutzea nahi duenak nekez aurkituko du toki hoberik.
    Eta mesedez ez etorri inor ere patriarkatu, matriarkatu edo bedeinkatuekin. Buru pixka bat da behar duguna. Besterik ez.

  • Objektua izatea aukera libre bat dela? Hori preso izatea aukera libre bat dela esatea adina baieztapen arriskutsua da. Oinarri horretatik abiatuta argi daukat ez dugula inongo adostasunik lortuko. Hala ere zuk baieztapenaren ukazio simetrikoan jartzen duzu gakoa: gizonezkoek ez dutela desirako objektu izan nahi. Noski, emakumeek izan nahi dute, ezta? Eta nahi ez duen emakumea ez da emakumea, eta nahi duen gizona ez da gizona? Eta arazoa da objektu izan nahi ez izatea? Ba nik kontrakoa esango nuke, baina agian isolatutako “feminismo batzuk” horietan erortzeko arriskua daukat, emakumearen objektu izaera aitortzen duenik egongo balitz bezala…

  • Aitor, baina zergatik jeneralizatzen duzu? Argi dago goiko argazkiko emakume horrek desirako objektu izan nahi duela, edo “desirako objektu” moduko palabroak erabili gabe, besterik gabe ondo pasatzen ari dela bere titiak erakutsi eta mutilek ukituz.

    Horrek ez du esan nahi besteak baino emakumeagoa denik, edo gutxiago denik. Eta “desirako objektu” izanez ondo pasatzen duten gizonak ez dira ez gizonago, ez gutxiago.

    Errespetua ez da bakarrik ezetz entzutean ezetz hori errespetatzea, “ez” libreki esan didalako eta libre onartu behar delako. Errespetua ere bada “baietz” esaten duenari bere aukera errespetatzea, atzean zer dagoen juzgatu gabe, teorizazio jeneralizatu batean enkajatzeko.

  • Orokortu? non?

    Honetan guztian analisiaren parte bat ahazten ari zarete: gizonen jarrera. Denok ez dugu irribarre batetan “ukitzearen” aurrean baimena ulertzen; eta nekez ikus dezaket argazkiotan gizon bakarra egoera horretan baimena ulertzeko gai dena. Besterik gabe neska ukitzera doaz, zuzenean objektu sexual gisa ulertuta, zuen hizkuntzaren arabera izan nahi duen edo ez galdetu gabe. Jai giroan halako ondorioetara heltzeko inork, momentuan bertan, irakurketa bat egiten duela pentsatzea guztiz irreala da. Hor ez da arrazoimenaren indarrik, hor patriarkatuaren agerkari bat da, nahiz eta zuek, etxetik, jarrera espontaneo hauek filosofiarekin lotzeko saiakera egin.

    Hala, espontaneotasun batetan kabida eta aukera dago paperak elkar trukatzekoa. Alegia, ukitua dena, objektu sexuala dena, gizonezkoa izatea. Ez bada gertatzen ez da kasualitate hutsagatik; hori argi izan, aukeraketa librearen teoria defendatzen duzuenok.

  • Orokortu, non? “gizonezkoek” “emakumezkoek” aipatzen dituzunean, orokorrean. Hor argazkian gizon eta emakume konkretu batzuk agertzen dira, titiak erakutsi nahi ez dituzten emakumeak eta titi erakutsiak ikutu nahi ez dituzten gizonezkoak (bai, existitzen dira) konkretuak diren bezala.

    Eta rolak trukatzekoa…. ez dela gertatzen? telebistako hainbat programatan agertzen dira ba, gizonezko batzuk, ez dakit “desira objektu” izateko edo zer baina arreta handiz prestatzen direnak (ondo muskulatuak, depilatuak, diamantezko belarritakoak) eta hantxe jartzen direnean diskoteketan kamiseta kenduta, esku ugari izaten dituzte gainean. Baina horiek ere gizon konkretuak dira, eta ikutzaileak emakume konkretuak. Hor ere seguru asko patriarkatuaren rolloak izango du zerikusirik…

  • Noski, gizonezko eta emakumezko aipatzen ditut rol gisa, kasu konkretu honen analisira aplikatuta, horri buruz ari baikara, ezta?

    Rolak trukatzekoa modu espontaneoan aipatu dut. Telebistakoa aurre meditatua da, eta noski erabiltzen dela gizona objektu gisa; gizonaren sumisioa ere ezinbestekoa zaio sistemari, betiere emakumearena gainditzen ez badu. Bi rol aurrez aurre izatea abantaila handiak eskaintzen dizkio. Hala ere, desberdinak dira emakumea edo gizona “protagonista” direnean. Desberdinak dira jarrerak eta hartzen diren botere posizioak. Diskoteketako “matxo men”-a puto amoa da; emakumea puta (ironiaz uler bedi).

    Ziur izan ezazu patriarkatua gurasoak direla… (eta ez nabil txantxetan)

  • Ba uste dut titiak ukigai eta erakusgai dituzten emakume horrengan “arazo” bat ikusten duena dagoela gertguago emakume hori putatzat hartzetik, errespetatu beharreko jokamolde gisa hartzen dugunok baino.

    Dena dela, rolen eta patriarkatuen kontu honetan teorizazio gehiegi eta errealitarean enkajatu “beharreko” ikuspegi bat dagoela iruditzen zait.

  • Ez pentsa, erakuste soilagatik ukigarria dela uste duenak du “arazo” handiena…

  • Arazoa du hor arazoa ikusten duenak.

    Eta, kontxo, argazkiko neskaren aurpegia ikusita, ez dut uste oso arraroa denik ondorioztatzea kasu konkretu honetan ukigarriak direla. Eta seguru gizon horiek denak ez dutela ezer ikutzen hondartzan top-lessa ikusten dutenean. Kasu konkretuak desberdinak baitira.