Aiert Goenaga Durangoko Azoka proiektutik kanpo utzi du Gerediaga Elkarteak
Durangoko Azokaren “hobe beharrez”, Aiert Goenaga zuzendari karguan ez berritzea erabaki du Gerediaga Elkarteak. Euskadi Irratiak zabaldu du berria, eta datozen orduetan emango dute albistearen berri xehe xehe protagonistek.
Haatik, ZuZeu-k jakin du aspalditik datorren tirabiren amaiera izan dela Goenagaren kanporatzea. Izan ere, besteren artean, Ahotsenea eta Irudienea bezalako ekarpen autonomoekin Azoka tamaina eta kudeaketa eredu horizontalagoa hartzen hasia zen. 2013ra begira Landako eremutik zabaldu eta Durangon “Hiri Azoka” sortzea zuen proiektu Goenagak. Bide parte hartzaileago hori gauzatzeko tresnak prestatzen hasiak ziren, koordinazio mahaiak kasu.
2012ko Azokarekin egindako lanarekiko argitaletxe askoren inpresioak baikorrak izan ziren, eta bisitarien joan-etorria ere oso arrakastatsua izan zela jakinarazi zuen Goenagak berak. Halere, dirudienez, Gerediaga Elkarteak Azokaren gaineko kontrola eskuetatik ihes egiten ari zitzaiola ikusita, atzera egin du. Lehen neurri gisa Azoka 47ko zuzendari Aiert Goenagaren kargu-uztea sinatu du: “ez da erabaki erraza izan baina Azokarentzat onena izango delakoan gaude”. Datozen liburu eta disko azoketan zenbateko eragina izango den ikusi behar orain, eta nork hartzen duen gidaritza eta zein bide urratuko duen.
Aupa Aiert! lan bikaina egin duzu. Harrituta utzi nau erabakiak, bide onean baitzebilen Azoka. animo!!
Bide onean zebilen Azoka? Norentzat? Ez behintzat bertan izateko gure indar eta sos guztiak xahutu behar ditugun argitaletxe txikiontzat.