Orain itsasoa gara
Orain itsasoa gara –
Euskararen Egunak 75 urte bete ditu. Orduan, 1949an, Eusko Ikaskuntzak egindako adierazpen publikoa honela hasten zen: «Eri gaizki da eskuara, hil-hurren ezpada ere». Efemeride aproposa da gure hizkuntzaren egoeraz gogoeta egiteko. Honantz hiru zertzelada.
Lehena, astelehen honetakoa. Abenduak 2. Nafarroako Parlamentua. Danserie Ensembletaldeak kontzertu ederra eskaini zuen Bernart Etxepareren obraren inguruan. Aretoa jendez lepo. Unai Hualde Parlamentuko presidentearen esanetan, inoiz ez bezala aretoak aforo arazoak izan zituen, kontzertuak ikusmin dezente piztu baitzuen nafar gizartean. Beno, bada euskararen nazioarteko eta Nafarroako Egunaren bezperako ikuskizun solemnearen aurkezpena egin zuen pertsonak Etxeparerenean ez, Cervantesen hizkuntzan egin zuen sarrera osoa, salbu eta «jaun-andreak» esateko. Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz.
Bigarren zertzelada asteartekoa da. Kokagunea: Gasteiz, IAK Izaskun Arrue Kulturguneko tabernaren inaugurazioa. Jende dezente paratu zen. Giro ezin ederrean joan zen dena. Guztion buruan kezka bakarra: jarraitutasuna eman beharra.
Eta hirugarrena DA Durangoko Azoka. Urtero legez, korridoreak jendez lepo, hamarnaka aurkezpen eta ekitaldi. Sortzaileak gustura beren liburuak sinatzen eta irakurleak artatzen. Errealitatearen isla ala irudikeriaren sintoma?
Gehiago sakonduta: Iruñean, Gasteizen eta Durangon aste honetan ikusitakoak ongi ilustratzen al du egun euskarak bizi duen egoera? Egun bakarrean jazotakoa urte osoaren adierazle al da? Galdera ez da samurra eta erantzunak testuingurua behar du.
Geiserrak bezala
Modernitate likidoak blaitzen du XXI. mendea. Munduan zehar korronte autoritario askotxo indartsu dabiltza. Militantzia politikoa aldatu egin da. Ez dago bizitza osorako konpromisorik. Mugimendu sozial anitz daude, han eta hemen. Geiserrak bezala agertu eta desagertu egiten dira. Ur beroko turrusta aldizkakoak dira, lurrazpitik gorantz ateratzen direnak. Orain oso indartsu eta hemendik lasterra ahul. Edo hil.
Korronte global horiek eragina dute soziolinguistikan ere: sendoago egiten dituzte hizkuntza nagusiak eta ahulago gutxituak. Euskara ez dago errealitate horretatik kanpo. Hemen eta orain komunikatzeko beharra daukagu —hizkuntza edozein dela ere—. Joera instrumentalista hori gure gizarteko esparru guztietara zabaldu da. Frankismoaren amaierako konpromiso militante hura, euskara ikastera bultzatu gintuen bulkada zoragarri eta arriskutsu hura… lurmendu egin da. Orduan gu ginen ustez iraultzaile zen prozesu haren protagonista: hizkuntza maite genuen, herria maite genuen eta maite gintuztenak ere maite genituen, euskaltegian bezala ohean ere. Orain euskaltegiak beren lanpostua egonkortu edota funtzionario izan nahi duten ikaslez beteta daude.
Ez gaitezen krudelak izan. Hemen gertatzen dena guztiz normala da administrazio publiko guztietan. Baina orobat, esan dezagun, Euskal Herriko administrazio publiko askok oraindik ere gure hizkuntzaren ofizialtasuna aitortu gabe jarraitzen dutela —Nafarroako zati handi batean eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan— edota —are lotsagarriagoa dena— hizkuntza gutxituen aurkako mezu esplizituak zabaltzen dituzte (Macronen azken adierazpenak).
Hori guztia egia da. Euskararen erabilera soziala ere —beste hainbat arlotan gertatzen den bezala— impasse batean dago. Gelditu egin da, baina oro har esan liteke larrialdi linguistikoaren egoeran gaudela? Ez dakit bada diagnostiko bezala egokiena den. Zalantzak ditut. Mobilizatzeko lelo bezala, akaso. Baina norengana iritsi nahi dugu? Soilik konbentzituta gaudenongana?
Atzera begira aurrera egiteko
Begirada atzera pausatuz gero, asko egin dugu aurrera. Nahi baino askoz gutxiago. Konforme. Baina —euskararen mundura ahalik eta jende gehien hurbildu nahi badugu— uste dut mezu positiboagoak zabaldu behar ditugula. 2025eko euskal gizartearen erretratua —eta baita euskararen egoerarena ere— 2000. urtekoarekin alderatuta desberdina da. Eta 1975eko Euskal Herriarekin konparatuta, nabarmen desberdinago. 1950ean bizi zen agonia sozial, politiko eta kulturaletik urruti gaude. Eta zer esan duela ehun urte zegoen egoerarekin alderatuz gero. Bitarte honetan hizkuntza gutxitu asko desagertu egin dira planetan (400dik gora). Euskara, ez; euskaldunok nortasun handiko komunitate trinko eta sormen ikaragarria duen giza taldea osatzen dugulako. Besteak beste.
Hori ez da aski. Ez dugu inolaz ere gure buruarekin onberak izan behar. Euskal Herri berrian, sektore berriak erakarri, seduzitu behar ditugu. Azken bizpahiru hamarkadetan gure herri eta hiriburuetara etorri diren sektoreez ari naiz. Kontziente izan behar dugu pertsona horientzat —askotan— lehentasuna egunez egun bizirik irautea dela eta hizkuntza gutxituen auzia oso bigarren mailako kontua dela (auzi izatera ailegatzen bada ere).
Epaitegietatik, komunikabide eskuindarretatik edota alderdi politiko espainiar zaleetatik zabaltzen ari diren euskararen aurkako narratiba berri horiek aztertu, eztabaidatu eta irmoki borrokatu behar dira. Eta horien aldean narratiba askatzaile eta inklusiboak lehenetsi. Euskara leiho bat da. Zabalduz gero, amaierarik ez duen ozeano bat ikusteko parada ematen digun tresna. Milaka errekasto, erreka, ibai eta itsasotatik jariotako urak biltzen dituen ozeanoa dugu parean. Korronte asko daude bertan. Ekaitz ugari. Itota ere hil gaitezke. Batzuetan bare dago. Besteetan haserre. Baina ozeano izaten jarraitzen du.
Etorri zaigun eta ate joka dugun ofentsiba ezin dugu gutxietsi. Gure hizkuntzak momentu berezia bizi du. Ukaezina da hori. Euskal sortzaileen egoera penagarria da. Justiziaren administraziotik datorren bulkada, onartezina. Ez dakit larrialdi egoeran gauden, baina —maila askotan— egoera bai da kezkagarria. Estualditik zabalgunera igarotzeko urrats sendoak emateko garaia da. Estualditik zabalgunera.
Itsasoaren metafora buruan eta Eñaut Elorrietaren kanta gogoan: «Eta ez galdetu inoiz zer galdu genuen negar egin genuenean, malko haiei esker orain itsasoa gara».