Irakasleak babestu, PAI legea deuseztu

Irakasleak babestu, PAI legea deuseztu –

Irakasleak babestu, PAI legea deuseztu

Gimeno, Unzue, txapuza hau zuena da

Irakasleak babestu, PAI legea deuseztuSTEILAS sindikatuak jendearteari bere iritzia adierazten dio, PAI lanpostuen egonkortzearen inguruko prozesu judizialean emandako azken berrien harira. Lehenik eta behin, gaia behar bezala mahairatu behar da. Aspalditik heldu da kontua, eta urte askoko ibilbidea ezagutzeak lagundu dezake ulertzen nolatan iritsi garen oraingo egoerara.

2011n, Perez-Nievas kontseilaria saiatu zen 6 ikastetxetako British programa Nafarroa osora zabaltzen, baina British Councilek ez zion eman horretarako baimenik. Horrela, TIL programak hasi ziren eta, ondoren, PAI izena hartu zuten. 2014an, aldez aurretiko plangintzarik gabe, %50ean handitu zuten ikastetxe kopurua, Nafarroako 267 ikastetxeetatik 84 izatera iritsi arte. Gaur egun, Nafarroako eremu zabal batean familiek ezin dute aukeratu PAI nahi duten ala ez: PAI-A, PAI-D eta PAI-G familiek ezin dituzte aukeratu eta, de facto, hizkuntza ereduak dira.

Programari buruz egin den ebaluazio-txosten bakarretik ondoriozta daiteke programak nabarmen okertzen duela sarrera berantiarreko eta maila sozioekonomiko baxuko ikasleen ikaskuntza. Gainera, tutore-tutorekidearen figurarekin, Haur eta Lehen Hezkuntzako espezialisten 700 lanpostu baino gehiago ordezkatu ziren C1 profileko maisu-maistrekin, eta ingeleseko espezialisten 300 lanpostu baino gehiago kendu ziren. Lanpostu horiek ez ziren beste espezialitate batekin ordezkatu, eta ikastetxeek laguntza horiek galdu zituzten.

2022an PAI Legea onetsi baino lehen, Hezkuntza Departamentua saiatu zen ingeleseko profileko lanpostuak betetzen zenbait trikimailu erabilita:

  • kontratazio zerrendetan entresakak egitea ingeleseko titulua zutenekin: esleipen ekitaldietan, araudian ez zeuden zerrendak sortzea, eta langileak behartzea ingeleseko lanpostu bat hartzera.
  • ingeleseko espezialisten oposizioa deitzea, gero espezialista horiek tutore aritzeko.

Hala ere, azken urteotan funtzionario bilakatu diren askok behin betiko destinoa lortu du ingeleseko lanpostu batean baina, ahal izan duenean, profilik gabeko beste batera alde egin du. Horregatik, besteak beste, izan da hain altua interinitate tasa PAIko ikastetxeetan.

Estatuko araudiak galarazten du atzerriko hizkuntzako C1 titulazioa betekizun izatea eskatzen duten oposizioak deitzea. Dena dela, Nafarroako Hezkuntza Departamentua saiatu zen araudia aldatzen autonomia bakoitzak eskumena izan zezan deialdi bakoitzean titulazio hori eskatzen zuen ala ez erabakitzeko. Isabel Celaá Hezkuntza ministro ohiak sarbiderako Errege Dekretua aldatzea proposatu zien sindikatuei eta sindikatu guztiek, batek izan ezik, erabat baztertu zuten proposamena. Nafarroan ere LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT aldaketa horren aurka agertu ginen.

Estatuko araudia aldatzeko ezintasunaren aurrean, bide arriskutsu eta desegokienetik jarraitu zuten, segurtasun juridiko falta handiarekin; irakasleak funtzionarizatzeko eta kontratatzeko foru lege bat idatzi zuten, atzerriko hizkuntzaren profila eskatzen zuena (atzerriko hizkuntzak ofizialak ez direnean), eta bi irakasle kidego mota sortu zituzten, eginkizun berdinak baina lan eskubide desberdinak zituztenak: espezialitate berriak ez lortzea, ezinezkoa izatea beste espezialitate batera lekualdatzea, beste erkidego batzuetara mugitzeko ezintasuna, eta abar.

Lege hori presaka izapidetu zen sindikatuekin negoziatzea saihesteko eta interinitatearen arazoari bere osotasunean heldu gabe (espezialitate, hizkuntza eta irakasleen kidego guztiak). Horrela, Departamentuak egonkortzeko ezohiko deialdi bat egin zuen, eta bertan egonkortu beharreko lanpostuen %80k baino gehiagok atzerriko hizkuntzaren betekizuna zuten. Hau da, 147 lanpostu egonkortu ziren gaztelaniazko PAIko Lehen Hezkuntzan eta 152 gaztelaniazko PAIko Haur Hezkuntzan, baina 1 bakarra gaztelaniazko Lehen Hezkuntzan, 1 euskarazko Haur Hezkuntzan, eta bat ere ez gaztelaniazko Haur Hezkuntzan ezta euskarako Lehen Hezkuntzan ere, espezialitate horien interinitatea oso handia zenean eta izaten jarraitzen duenean.

Interinitatea murrizteko legeak behartzen dituen ehunekoak ez dira bete Nafarroako Hezkuntza Publikoan: iruzur handi baten aurrean aurkitzen gara. Hezkuntza Departamentuaren helburua ez zen Nafarroan interinitate erreala %8ra murriztea. Honako hau lortu zuten: plantillak aldatzeko tresna juridikoa; interesatzen ez zaizkion irakasleak kaleratzea eman gabe kalte-ordainik edo bestelako eskubiderik; eta ezartzea euskarazko hezkuntzaren aurkako politika.

PAIren Legearen aurka bozkatu zuten alderdi politikoek, gerora Parlamentuan egonkortze dekretua eztabaidatu zenean aukera izan zuten ingeleseko hizkuntza eskakizuna zuten plazak kentzeko, baina ez zuten egin. Gainera, Nafarroako Gobernuak bazekien lege hori Konstituzioaren aurkakoa izan zitekeela, eta beraz, Remirez kontseilariak akordioa lortu zuen Espainiako Gobernuarekin, Konstituzio Auzitegiak helegiterik jar ez zezan. Bi gobernuak PSOEkoak izanik, ez zitzaien komeni zalaparta handirik sortzea.

Horren aurrean, 2022ko udan STEILASek erabaki zuen helegitea jartzea, PAIren Legetik sortutako dekretuaren aurka, egonkortzeko merezimendu-lehiaketak burutu baino hamar hilabete lehenago. 2023ko ekainean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoaren kontrako epaia eman zuen, eta deliberatu genuen gorago jotzea eta kasazio errekurtsoa aurkeztea, Espainiako Auzitegi Gorenarenari (EAG) zuzendua. Urtebete baino gehiago igaro ondoren, EAGk kasazio errekurtsoa izapidetzea onartu du, iritzita PAIren Legean konstituzioaren aurkako zantzuak egon daitezkeela. Atzerriko hizkuntza bateko C1 titulua ezin baita eskakizuna izan zerbitzu publikoetan aritzeko.

Hau guztia horrela izanik, STEILASek ez daki Gorenaren epaia zein izanen den. Gure helburua ez da inor desfuntzionarizatzea; gure helburua da PAI Legea geldiaraztea. Helegite hori gabe, Nafarroako Gobernuak are kalte handiagoa eginen lioke Hezkuntza Publikoari, bai euskarazkoari, bai gaztelaniazkoari.

Carlos Gimeno eta Begoña Unzué (Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia) eta, finean, Nafarroako Gobernua dira eragindako kalte guztien erantzuleak: bai PAIrekin egonkortutako irakasleei eragindakoak; bai egonkortze prozesu horretan parte hartzeko aukerarik izan ez zutenei eragindakoak. Eta baita PAI ikastetxeetako ikasleei eragindakoak ere, oso zalantzan jartzekoak baitira programa horrek dakartzan onurak. Horregatik, STEILAS sindikatutik pertsona horiek guztiek bizi izan duten egoerarentzako konponbidea eskatzen dugu.

Izan ere, isilik gelditu eta konplize izan behar genuen lege urraketa nabarmen baten aurrean?, ez gara mugituko egonkortzeko inongo aukerarik izan ez zutenen alde?, ez gara altxatuko euskarazko hezkuntzaren aurkako politika bermatzeko sortutako legearen aurka?

Azken egunotan jakin dugu Auzitegi Gorenak STEILAS sindikatuaren kasazio errekurtsoa izapidetzea onartu duela. Prozesua luzea izanen da, eta hilabeteak pasako dira epai bat eman arte baina argi dugu, epaia edozein izanda ere, Gimeno, Unzue eta Nafarroako Gobernua direla erantzule bakarrak. Haiek hartutako erabakiekin martxan jarri zuten ziurgabetasun juridikorik gabeko prozesu bat eta orain, helegite baten ondorioak zeintzuk izan daitezkeen jakin gabe, saiatzen dira haien burua zuritzen egoeraren erantzukizuna STEILAS sindikatuari leporatuz.

Irakasleak babestu, PAI legea deuseztu

Irakasleak babestu, PAI legea deuseztu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude