Kritika Zinematografikoa: “Volveréis”
Kritika Zinematografikoa: “Volveréis” –
Zuzendaria: Jonás Trueba
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia
-Baina ondo daude, eh?-
Belaunaldi oso baten sentimenduak eta erronkak bistaratzen dituen Quién lo impide (2021) lan monumentalaren ostean, Jonás Truebak ohikoa duen (ustezko) sinpletasuna berrartu zuen Tenéis que venir a verla (2022) pelikula txiki, arin, iheskor baina ederrarekin. Aspaldikoz elkartuko diren lagunak, bikoteen arteko hartu-emanak eta hizketaldiak, irakurraldiak, paseoak…. Bada, lehenaren ausardia estetikoa eta bigarrenaren intimotasun umila uztartuz, zinemagile espainiarrak gozagarria bezain xumea eta zintzoa den obra oparitu digu oraingoan.
Eta oparia diot, behin eta berriz ikusteko, bere unibertsotik alde ez egiteko eta gozatzeko modukoa delako, zalantzarik gabe, VOLVERÉIS: Hamabost urteko harremanaren ostean, Ale (Itsaso Arana) eta Alex (Vito Sanz) banatzekotan dira, eta emakumearen aitaren betiko ideia zentzugabe bati helduz festa bat antolatuko dute haustura ospatzeko. ‘Ziur zaudete?’, izango da lagun guztien bat-bateko erreakzioa; ‘Baina ondo gaude, eh?’, bikotearen erantzun automatikoa.
Zoroa eta txoroa dirudien argumentuari -beharbada bazkalosteko komedia estatubatuar nekagarri horietan soilik ezagutu dugunari- buelta eman dio Truebak, ironia, umorea eta inteligentzia txertatuz. Izan ere, iraultzailea ez da horrenbeste filmaren abiapuntua izango, baizik eta berau egikaritzeko formulazioa. Zuzendariaren esku-hartzea ageriko da oso, baina ikus-entzuleongan ez du sekula distantzia artifizialik ezarriko. Bizitza eszenaratzearen mesedetara jartzeko erraztasunak eta interpretazioen naturaltasunak bat egingo dute, eta ondorioz, ezin bereiziko da errealitatearen eta eraikitako munduaren arteko muga. Izan ere, bizitza bera bezala, errepikakorra da VOLVERÉIS; bizitzan bertan gertatu ohi denez, sentimenduak eta emozioak ditu motore; eta bizilegez, pertsonaiak literaturan, filosofian, musikan babestuko dira.
Baina batez ere, zineman: Ale zinemagilea da (Arana ere hala da; kasu honetan, gainera Truebaren alter ego-a), eta pixkanaka-pixkanaka joango gara konturatzen ikusten gabiltzana izan daitekeela emakumea errodatzen ari dena, eta Alex aktorea (Sanz bezala, noski). Are, lan-taldea proiekzio-mahaian bilduta erakutsiko digu zinemagile espainiarrak, eta lehen sekuentzietatik martxan dagoen joko metalinguistikoak goia joko du orduan: filma propio analizatu, kritikatu, eta aztertuko dute, iritzi-trukaketa kolektibo batean.
Pelikula hautsia da VOLVERÉIS, inperfekzioei beldurrik ez diena. Lineala bezain zirkularra, ziklikoa. Maitasunaren logikei jarraiki, inprebisiblea. Eta batez ere, jostalaria. Duen izaera auto-erreflexiboak Federico Fellini italiarraren Fellini otto e mezzo (1963) maisulana iradokiko digu sotilki, Eric Rohmerren Conte d’automne-en (1998) bezala agurtuko gara bertatik, eta bidean, Ingmar Bergmanengan babestuko gara, Søren Kierkegaarden tesiak aplikatuko ditugu, eta Fernando Trueba handia maitatuko dugu.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Volveréis”