Betiko “orain” batean bizi al gaitezke?

Betiko “orain” batean bizi al gaitezke? –

Noan datozen lerro hauen bitartez, aurreko artikuluan  jada aurreratutako eternitateaz hausnartzen jarraitzera,  hara eraman nuen Wittgenstein-en zita berriz ere hona propio ekarriz. Aipatu zitak honela zioskun:

Betierekotasuna denbora-iraupen amaigabearekin lotuta ulertu beharrean, aldiz, denboragabetasunarekin lotuta ulertzen bada, orduan betiereko bizi da orainean bizi dena. Gure begi eremua mugagabe den beste da amaigabe geure bizitza” (Wittgenstein, Tractatus Logico-Philosophicus, 6.4311)

Eternitatearen gaineko ulerpen honi zuzenean ekin baino lehen, aurrez errealitatearen beraren gainean dugun ulerpenaz hitz gutxi batuk hona ekartzeari ezinbesteko deritzot. Errealitatea zatika dugu hautematen, ezinbestean. Are batasuna, errealitatea bere osoan, den eta gerta daitekeen ororen osotasuna, eta, finean, mundutzat dugun hori burutan hartzen dugunean ere, berori, zatika ezagun zaizkigun gauza eta errealitate zehatz eta partzial horien guztien batuketa, gehiketa gisa, ulertu ohi dugu. Errealitatea, baina, ez da errealitate solte guztien batuketa, ez; mundua ez da den ororen batuketa, ez, inondik ere ez, askozaz gehiago ere bada, edota, areago ere, askoz gehiago izatetik haraindi ere legoke. Mundua, hortaz, ez da batuketa bat; izatekotan, den, izan den, izankizun den, edota, are izan litekeen oro ere, berorren baitan barne-hartu dezakeen mihise orohartzaile baten moduko zerbait dela pentsa genezake. Erreal den oro barne hartzen duen mihise baztergabea geneukake hortaz mundua, geneukake hortaz errealitatea.

Errealitate partzial horiek guztiak une batean edo denbora-tarte batean zehar agertzen dira. Denbora dute hortaz euren izatasun iraunkorraren gida-hari. Denboraz dugun kontzepzioari dagokionez, errealitatez gora esan dugun antzeko zerbait esan genezake; denbora, zatika, denbora-tarte ezberdinez hautematen dugu; eta horrekin batera, edo, hobeki esatera, horren ondorio zuzenaz, “segida” moduan ulertzen dugu. Baina, errealitatea ez dela batuketa bat esaten nuen modu berberean, antzeko zerbait ere esan genezake denboratasunaz. Denboraren bizipen bat dugu, bizipen bat, zeinaren arabera nolabait edo besteko iraunkortasunez dirauen edozer “atalkako segida” batean hautematen baitugu.

Halarik ere, denboraren aurrez aurre geure burua jartzen ahalegintzen bagara, zerataz konturatu gintezke segituan; “ex-trospektiboki” (hau da, behin barne-murgiltze introspektibo bat eginda, kontrako norantza hartuta, barnetik kanporako abiatze bat eginaz) denboratasunaren aurrez aurre kokatzen baldin bagara, zinetan gu ez gaude denboraren baitan, alderantziz baizik, denbora dago geure baitan. Edozein gauza, jasaten duen aldakortasuna tarteko ere, batera bere batasun perfektuan ikusteko modu bakarra baino ez dugu denbora; hau da, berez eta izatez egonkortasun eta aldiberekotasuna baino ez den hori mugimenduan, edota, bestela esanda, etengabeko segidan ikusi ahal izateko aukera hori denborak bestek ez digu luzatzen. Baina sakonean guztiz bestelakoa dugu kontua:

Zeu zara mugimenduan dagoena, ez denbora. Utzi mugitzeari eta denborak bere jarioari utziko dio…halako moldez, non iraganak eta etorkizunak elkarrekin bat egingo duten “atergabeko orain” batean” (NISARDATTA, “Yo soy Eso”, 651).

“Zuk zeuk egiten duzu denbora: bere erlojua zure kontzientzia eta zure zentzumenak dira, utzi zure egonezinari eta denborarenak egingo du” (ANGELO SILESIO, Peregrino Querubínico, I, 189).

Denboraren “atzealdea”, hortaz, aldiberekotasun perfektua baino ez da, hau da, eternitatea, berau denboragabetasuntzat jota, ezen ez azkenik gabeko denboratasuntzat. Errealitatea bezala, denbora, zatika ulertu behar dugu, derrigor, batasunaren ñabardura guzti-guztiak batera, euren aldiberekotasunean, ikusteko erabat ez gai garen aldetik.

Hein honetan, denborazkoak ezin du denboragabea atzeman, baina denborazko kontzientziak, hau da, gure kontzientzia arruntak, irreala irrealtzat hauteman dezake eta, hartara, bere baldintzapen eta mugez ohartun izanda, berorrengandik haraindi joan liteke.

Eternitatea, betierekotasuna, esanda moduan, ez da azkenik gabeko denboratasunaren sinonimoa, ez, bete-beteko kontzientzia baizik, segidarik gabeko aldiberekotasunaren gainean iritsitako kontzientzia baizik. Eta denboratasunik gabeko kontzientzia honetarako bidea “oraina” baino ez dugu, une honetantxekoa, berau esku-eskura izanik ere, maizenean hain oharkabean labaintzen zaigun “oraingo une hau” hain justu ere.

Errealitatea jada bada, beti ere beti. Orainaldia dugu errealitate bakar-bakarra, den-dena beti “orain batean” agitzen den aldetik. Kontua horrela, handik hara, ezin iheskor zaigun uneaz mintzo, berorren aurretikoak zein ostekoak mugatutako uneaz ezin mintzo; bestera baizik, aurrerantzean, azkenik gabeko “orain” bati buruz mintzo izango gara, denbora guzti-guztia bere altzoan barne-hartzen duen “orain” bati buruz, finean eta buruan erreal den denbora suerte bakarraz. Azken batez, zer ditugu, bada, oroitzapen eta aurreikuspen guztiak? Ez al ditugu bada “orain” honen esperientziak baino? Izanez ere, ba al dauka ezerk izaterik “orain” ez bada?

“Orainak” bere izatean jartzen digu errealitatea erakutsian, azkenik gabe, eta azkengabeki, berau multidimentsionalki hedatzen du, denborarik gabeko “orain” bat den aldetik. Horrelatsu hain justu ere deskribatu zigun Nisardagattak:

Azken batez, gertakari baten oroitzapena ezin pasa da gertakariaren beraren gainetik, ez eta etorkizun den gertakariaren aurreikustearen gainetik ere. Badago unean unekoan salbuespenezkorik, iragandakoak eta etortzekoak inondik ez dutenik; bizitasuna, gaurkotasuna ditu “orainak” bereizgarri, “oraina” gailentzen da propio, argiztaturik balego bezala. Orainaldian “errealitatearen zigilua” iristen da”  (NISARDATTA, “Yo soy Eso”, 138)

Igor Goitia

Betiko “orain” batean bizi al gaitezke?

Betiko “orain” batean bizi al gaitezke?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude