Gandiagaren ttirritta, bizimolde sakona

Gandiagaren ttirritta, bizimolde sakona –

Ttirritta intsektuarekin identifikatu nahi izan zuen bere burua Gandiagak bere bizialdiaren azken etapan. Hala egin zuen ageriki bere olerki zenbaitetan, zein prosazko bestelako idatzietan eta egindako adierazpenetan. Paulo Agirrebaltzategik erreparatzen dio Gandiagak egindako hautu honi eta ondo, sakon eta luze jardun zuen horretaz (P. AGIRREBALTZATEGI, Bitoriano Gandiagaren espiritualitate eta inspirazio frantziskotarrak. Ttirrittaren parabola). Naturarekin bat-bat eginda bizi izan zuen Gandiagak bere espiritualitatea eta bere olerkiak alderik alde daude berorrek guztiz zeharkatuak. Naturarekiko berezko lotura horren baitan zenbait eta zenbait animaliekiko egindako erreferentziak ere barra-barra ditugu Gandiagarengan. Literatur kritikari ugari izan ditu Gandiagak, baina, auzigai hau, animaliekiko joera hau, egia esatera, oraintsu arte oso ere oso oharkabean pasa izan da, harik eta García Trujillok Herri maitea, herri dorpea bere liburuan kontu honi oso propio eta sakon erreparatu zion arte, Agirrebaltzategik eskuartean darabildan bere artikulu honetan argi ohartarazten digunez.

Hortaz, esanda moduan, animaliak daude oso presente Gandiagaren olerkietan, horietariko zenbait, txori zein intsektu. Astoa, ahuntza, otsoa eta bestelako zenbait eta zenbait animalia aipatuz joaten da bere obran zehar olerkiz olerki. Dena dela, aipamen, erreferentzia horiek bitartekaritza lan metaforikoa egiten diharduten hautuak baino ez ditugu. Ez du horietariko ezeinekin lotzen bere burua Gandiagak, bere adierazgaien metafora hutsak baino ez ditu. Gehienera jota, unean uneko bere baitan diharduen sentipen edo egoera baten baten ahotsaren adierazgarri izan genezake, izatekotan, animalia baten baten aipamena; “matxinsalto antza badut ere, ez naiz matxinsalto” diosku; bestetzuetan, esaterako, oiloa bezalakoa ez duela izan nahi, nahiz eta inoizka zoritxarrez oiloaren egin izan, esango digu.

Ttirritta (txitxar), aldiz, oso-oso bestela agertzen da bere bizitza eta obraren azken aldian. Honekin ondo ere ondo identifikatzen du bere burua, edo bai egin nahi ditu identifikatzeko ahaleginak; “baina nik, ez kirkil, ez kutturlio, txitxar izatea dut erabakia” (B.GANDIAGA, Adio, 68-70 orr). Bere lehendabiziko aldian elorriak bete zuen harako erdigune hori, bere azkeneko etapan ttirrittak beteko du. Bere biziaren azken etapakoa dugu erabat ttirrittarekin bat egin nahi izate hori; izanez ere, “txitxarra” intsektu kantariaren aipamenik kasik batere ez dago Gandiagaren obran zein bizitzan, 1968.ean Olerti aldizkariko Hiru dorreak izenburuko olerkiaren salbuespena bazter utzirik, 1990.eko otsailaren 14ko lau orrialdeko adierazpenen testura arte (Ttirrittaren deklarazioa deitutako testua eta Biziminez heriotzondoko obran txertatukoa (76-78 orr.)), non “ttirritta izena aukeratu dut” argi adierazi zuen (P.AGIRREBALTZATEGI, cfr. 51). Agirrebaltzategik ondo adierazten digun moduan, 1990.eko urte hori garrantzi handikoa dugu ttirrittaren aldeko hautu gandiagar horri dagokionean, izan ere, Gandiagaren deklarazioa otsailekoa badugu ere, handik gutxira, ekainean, Arantzazuko seminarioa itxi zuten eta Bitoriano, jada 61 urteko genuela, eta han irakasle 35 urte izandakoa, erretiroa hartzekoa zen eta Arantzazuko komunitatera aldatu behar zuen bere bizilekua. Gandiagak berak aitortzen du une hori inflexio unetzat bere bizitzan eta bere ttirrittaren aldeko hautu egin izanaren unea; “Seminarioko zeregina oraindik amaitu orduko hasi zinen zeure etorkizuna asmatzen eta prestatzen. Ttirrittaren antzeratsuko izan nahi zenuen aurrerantzean: kantuari emana” (Bitoriano, adiskide).

Aipatu deklarazio hau ezinbestekoa dugu Gandiagaren hautu honen nondik norakoan sakondu nahi badugu. Hasteko eta behin, eta Agirrebaltzategik ohartarazita moduan, bere olerkietan ez bezala, honako testu honek data zehatza du, 1990.eko otsailaren 14koa. Gutun forma hartzen du deklarazio-testu honek, ez baten bati zuzendutako gutun, baizik-eta jendeari bere orokorrean zuzendutako gutun ireki moduan, eta bertan bere ttirrittaren aldeko hautuaren zergatikoez aritu zen. Azkenik, ttirritta ere izenburu eramango du testuak. Ttirritta eta ez txitxarra, eta betiere Jose Manuel Lujanbio handiarentzat “Txirrita” izengoitia eramateko ohorea utzita; izan ere, intsektu honen aldeko hautuari uko egin behar ez izateko, berori eutsi, baina Azkueren hiztegian aurkitutako lapurterazko “ttirritta” hitza aukeratu zuen.

Zertara dator, zer dela-eta ttirrittaren aldeko hautu hau bizitza opzio moduan? Zer dela-eta? Bada, azkar eta sinple esanik, bere bizimodu berriari, erretiroko horri hain justu, zertan erreparatu, zertan esanahi eta zentzu aurkitu ahal izateko. Berak dioen moduan, eta antsietate krisian bete-betean zegoelarik izkiriatutako “Denbora galdu alde” liburuan jada luze eta sakon aurreratu zuen moduan, oso langile, oso bere eginbeharrekoetara eta besteen eskakizunetara emana bizi zen, guztizko ardura, kezka eta perfekzionismoz emanda ere. Eramandako bizimolde horri “inurri moduan” bizi izanaz deskribatuko du oraingo testu berantiar honetan:

“Bere erabakiaren inspirazio eta oinarritzat, berriz, San Frantziskoren bizitzako «txitxarraren istorioa» kontatzen du bere erara testuan. Izen berri eta erabaki tinko eta guzti, badaki ez zaiola erraza gertatuko nahi duen biziera berria egitea, bere bizitza osoan inurriarena egin duelako eta aurrerantzean ere «jende inurrien» artean bizi beharko duelako. Eta bere meditazioan jarraituz, ttirrittarena bizitzeko modua eta kantatzeko modua dela, modu duina, saiatzen da defenditzen; pikondoan bizi den txitxarraren bizimodua aukeratzea ez da, bere ustez, «pikondoan bizitzea» -en la higuera-, errealitateari ihes egitea, bestelako errealitatea sortzea eta gauzatzea baino.” (P.AGIRREBALTZATEGI, 53)

“Nik ttirritta dut aukeratu” esango digu, eta ttirrittarekin batera, ttirrittak aukera izan ohi duen pikondorako hautua ere egin nahi du bere Gandiagak. Pikondorakoa mundu-ikuskera bat da, mundua, bizitza eta gizarterako begirada berezi bat:

“Pikondoan bizitzea, gutxiren aukera nahiz halabeharra dela, gertatu egiten denez gero, errealitate da, eta izan badena ez dago bere buruz kanpo. Pikondoa aukera bat da, ikusmira bat, jarrera eta egongune bat. Beste era batzuetako intsektuen artean ttirrittak pikondoa hautatu zuen bere talaiatarako. Eta nik ttirritta nere eredutarako” (Biziminez, 11).

Ttirrittaren bizieran aurkitu zuen Gandiagak non oinarritu, non erreparatu,hortik aurrera nola bizi nahi zuen zehazteko orduan. Ttirrittak egiten duen moduan, egin nahi du berak, bera bezala bizi eta aritu:

Ez dut lanik egin nahi,
ez dut nahi balio,
hauxe dut bai helburu
bai desafio.
Ttirritta izan nahi dut
azkenak artio
kantua eta soa
ditut bokazio;
pikondoan fio,
ernai eta iyo,
txirritol txirrio
(Urruñako Goyetche-rena da aipua, Fableac edo aleguiac Lafontainenetarik berechiz hartuac liburukoa)

Nolanahi ere den, ez da hala-holakoa, ustekabeko edo oinarrik gabekoa Gandiagaren ttirrittaren aldeko hautu hau. Bere komunitatearen fundatzailea duen eta bai eta bere espiritualtasun pertsonalaren inspiratzaile ere izan zuen Asisko San Frantziskoren eskutik ernatu zitzaion gogo hau. San Frantziskok bazuen jada “Ttirrittaren istorioa” deitutakoa. Pikondo batean bizi zen ttirritta baten istorioa jasotzen du San Frantziskok. Hor zebilkion ttirritta San Frantziskori, kanta eta kanta, eta, halako batean, berera hurreratzeko dei egiten dio, zeraxe ziotsolarik, “ene arreba ttirritta hori, zatozkit”. Hori entzun ostean, ttirritta azkenik eskuetan pausatu, eta orduantxe San Frantziskok zera xuxurlatzen dio: “kanta, ene arreba ttirritta horrek, eta gorets ezazu poz-dardaraz Jauna, zure Kreatzailea”. Esaneko, bertan jarri zen ttirritta kantuan, eta ez zen isildu harik eta Jainkoaren gizonak, haren kantuari bere gorespena lotuz, egon ohi zen lekura itzul zedila agindu zion arte.

Istorio horretan, eta bere kontakizunak iradokitzen zion irudi-argazki horretan, zentzu atmosfera horretan, hartuko zuen atseden hortik hara Gandiagak. Izanez ere, ez zitzaion samurra egin izan beti bere iraganeko “inurri bizimoldeari” uko egitea, inondik ere. Ahuntzak mendira du joera eta berari ere “lehengo Gandiagak” ere hots egiten zion tarteko. Bestetik, berak zioen moduan, ez da samurra inolaz inurrien artean bizitzea inurria izan gabe. Egoera honelakoen aurrean, ezbaiak edo zalantzak sor zekizkiokeeneko horietariko horietan, Frantziskoren hitzak gogora ekartzeko eginahalak egingo ditu beti; “Kanta, ene arreba, ttirritta horrek, eta gorets esazu poz-dardaraz Jauna, zure Kreatzailea” (Biziminez, 77-78). Ezbaiko une edo aldi horietan hitz horiek eta beroien esanahi sakona gogoraraziko dizkio bere buruari Gandiagak eta, hartara, bere ustea sendotu eta berorretan bere burua bermatu:

Ttirritta naiz ni
uztaileko iratzeak
bezalako berdea
Matxinsalto antza badut ere
ez naiz matxinsalto
Kantatzea zait gustuko
kantuan berriz hasi eta hasi
aritzea
amaigabeko hasi eta hasi
amaibakoan.
(Biziminez, 75)

Gandiagaren ttirritta, bizimolde sakona

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude