[2023ko Brigadak] Venezuelatik 1. Kronika
[2023ko Brigadak] Venezuelatik 1 Kronika –
Teknologia burujabetza Venezuelan
1922. urtean Venezuelan petrolioa lehen aldiz antzeman zenetik, horixe izan da herrialdearen diru-iturri nagusia eta bertako ekonomia sostengatu duena. Orduz geroztik, herrialdearen jarduera ekonomiko funtsezkoena petrolioa erauztea eta horretatik abiatuta erregaiak ekoiztea izan da, eta nazioaren ekonomia osoa petroliotik irabazitako errentan oinarritu denez, sektore honekiko dependentzia erabatekoa izan da. Esan daiteke beraz, Venezuelako ekonomia-eredua errentista izan dela ordutik aurrera, eta alde batera utzi dela ekonomia produktiboago bat sustatzeko ahalegina, burujabetza materiala lortzeko beste arloetan.
Hori harik eta 1999. urtean Hugo Chavezek hauteskundeak irabazi eta boterera iritsi zen arte. Bere gobernuak ekonomia dibertsifikatu, hainbat eratako inbertsioak sustatu, eta zenbait enpresa publiko sortu edo indartu zituen telekomunikazioen eta teknologiaren arloan.
Venezuelan teknologiaren arloko enpresa publikoak ugariak dira. Esaterako:
- CANTV (Compañía Anónima Nacional Teléfonos de Venezuela) telekomunikazio-operadore publiko nazionala da, herrialdeko Internet zerbitzu hornitzaile (ISP) nagusia. Beste enpresa batzuekin elkarlanean jarduten du hardwarea (ordenagailuak, mugikorrak…) eta telekomunikazio-zerbitzuak prezio irisgarrietan eskaintzeko. Oso zerbitzu merkeak eskaintzen ditu, ia doakoak kasu askotan. Gainera, zonalde zaurgarrienetan eta isolatuenetan estaldura bermatzeko ahalegin berezia jarri izan du hainbat proiekturen bidez, arrakala digitala ezabatzeko asmoz. Bere filiala den “Movilnet” enpresa eta markaren bitartez telefono mugikorrentzako zerbitzua komertzializatzen du. 2012 urtean Movilnet Venezuelako telefono-linea guztien %50 baino gehiago izatera iritsi zen.
- Vtelca (Venezolana de Telecomunicaciones, 2007an sortua) eta Orinoquia (2017an sortua) sakeleko telefonoak ekoizten eta merkaturatzen dituzten bi telekomunikazio-enpresa estatal dira. Vtelca-ren lorpen ezagunenen artean “Vergatario” izendatutako sakeleko telefonoa dago: bere funtzionamendu harrigarriagatik Presidenteak esapide baldar eta herrikoi honekin bataiatu zuen gailua. Oso telefono gogorra omen zen, kalitate onekoa eta beste edozein telefonok estaldurarik lortzen ez zuen lekuetan ere seinalea jasotzen zuena. Esaten da Chavez-ek berak ez zuela besterik erabiltzen, batez ere gai delikatuetarako.
- VIT (Venezolana de Industria Tecnológica) ordenagailuak eta zerbitzariak ekoizten dituen enpresa publikoa da.
- Eta Inelec eta Corselca (Corporación Socialista de Electrodomésticos, 2015ean sortua) etxetresna elektrikoak diseinatu eta sortzen dituzten bi enpresa publiko dira. Gaur egun, Venezuelak Txinako gobernuarekin indarrean duen aliantzaren bitartez, enpresa publiko hauetako batzuetan parte-hartze txinatarra adostu dute, portzentai txikietan, baina helburua da gutxinaka parte-hartze hau murriztea eta enpresak geroz eta autonomoagoak eta burujabeagoak izatea.
Horrez gain, Hugo Chavezen gobernupean teknologia libre eta irekiak bultzatzeko ekintza andana egin dira. Chavezek berak 3390 Dekretua sinatu zuen 2004. urtean, zeinaren bidez xedatzen zen herrialdeko Administrazio Publikoak lehentasunez estandar irekiekin garatutako software librea erabiliko zuela bere sistema, proiektu, eta zerbitzu informatikoetan. Zientzia eta Teknologiarako Herri-Boterearen Ministeritzan jaso gintuztenean, nabarmen ikusi genuen: ordenagailu guztietako sistema-eragileak eta arakatzaileak software librearekin zebiltzan. Beranduago, 2013an, Infogobernuaren Legea ere onetsi zuten, software librearen afera barnebiltzen zuena baina askoz urrunago zihoana burujabetza digitalaren alorrean.
Bestalde, Chavez komandantearen gobernuak 2008 urtean “Canaima Educativa” proiektua abiarazi zuen. Honen bidez, estatuak “Canaimita” bezala ezagutzen diren ordenagailua sortu zituen haurrek eskolan erabiltzeko, hezkuntzaren digitalizazioan laguntzeko asmoz. Ordenagailuok “Canaima” sistema-eragilea darabilte, Linux sistema-eragile librean oinarritutakoa, eta gaurdaino 6 milioi inguru banatu dituzte guztiz dohainik. Proiektu horri esker Venezuelak sari internazionalak ere jaso izan ditu. Ez hori bakarrik, gobernuak nazio-mailako “Teknologia Libre Kongresuak” eta beste hainbat ekimen ere antolatu ditu. Horien artean, “Carabobo libre” ekimena: gazteenek beren ordenagailua haien kabuz konpontzeko edota ordenagailuen mantenua egiten ikasteko mintegiak. Ekimen horren baitan gazte batzuek defektuzko kargagailua ordezka dezakeen lehen kargagailua sortu zuten.
Estatuak gainera “Ingenia” izeneko Berrikuntza eta Garapen ikerketa-zentroa dauka, ikerketa eta sorkuntza aurreratua burutzeko. Haien laborategiak bisitatzeko aukera izan genuen, eta 3D inprimagailuen eta era askotako mikrotxip eta tramankuluen artean, nabarmentzeko moduko sormen-gaitasuna antzeman genuen.
Aipatzekoa da, bestalde, ANAE Venezuelako Agentzia Espazialak jada 3 satelite txiki jarri dituela orbitan.
Baina beharbada aipagarriena, gobernu chavistak teknologiaren inguruko kultura eta kontzientzia eraldatzeko egindako ahalegina da. Norabide horretan, Fondoin (Fondo de Reconversión Industrial y Tecnológica) erakundearen lana goraipatzekoa da. Eraldatze-zentro honek formakuntzak eskaintzen ditu ezagutza librea, ekonomia zirkularra, teknologia burujabe eta libreak edota jasangarritasuna bezalako kontzeptuak sustatzeko. Akademizismoarekin, lehiakortasunarekin eta indibidualismoarekin amaitu nahi dute, eta kolektibotasuna, parte-hartzea eta horizontaltasuna bezalako logikak indartu. Horrekin lotuta, genero-parekidetasuna ere bultzatzen dute, emakumeek espazio askatzaile bat aurkitu dezaten teknologiaren munduan. Helburua fabrika oro eskola bat bihurtzea da.
Hala ere, esan behar da Venezuelak pairatzen duen blokeoa eta bere kontra egiten ari den gerra ekonomikoak kalte handiak eragin dizkiola bere ekonomian, batez ere, petrolioaren sektorean. Petrolioarekin lotutako diru-sarrerak 2013 urtean $ 56.000.000.000 izatetik, 2022 urtean $ 600.000.000 izatera igaro dira (PDVSA “Petróleos de Venezuela” konpainia estatalaren datu ofizialen arabera). Hau da, sektore honek bere diru-sarreren %99 inguru galdu ditu, eta horrek asko mugatu du herrialdearen inbertsioa teknologian eta beste hainbat alorretan.
Horrexegatik, elkartasun internazionalista guztiz funtsezkoa da gure burkide venezuelarrek inperialismoaren aurrean tinko jarraitzeko. Venezuela erreferentea izan da munduan, ez bakarrik erresistentzian eta borrokan, baita eraikuntza sozialista eta komunalean ere, inspiratzailea den duintasuna eta sormena erakutsiz. Euskal Herritik gure elkartasunik beroena eta besarkada iraultzaile bat bidali nahi diegu burujabetza eta sozialismoa defendatzen borrokan diharduten kide guztiei, eta eskerrik zintzoenak eman Askapenaren brigadari egindako harreragatik.
PA’LANTE VENEZUELA!
[2023ko Brigadak] Venezuelatik 1 Kronika [2023ko Brigadak] Venezuelatik 1 Kronika