“Txoriak euskaraz eta japonieraz mintzatzen dira”

“Txoriak euskaraz eta japonieraz mintzatzen dira” –

"Txoriak euskaraz eta japonieraz mintzatzen dira"

Hizkuntzalaritza adituontzat munduan zehar aurki ditzakegun hizkuntza txikituak eta baztertuak altxor baten bitxiak bezala ohi dira. Pasa den mendetik egun arte hizkuntzalariok zein filologook hainbat hizkuntza baztertuak aztertzera eta hauen ezaugarri bereziak batzeari ekin diogu, hizkuntza hauen aztarna betirako galdu ez dadin. Aditu batzuen arabera, besteak beste David Harrison (2007) eta Andrew Dalby (2003) diotenez, mende honetako amaierako eta hurrengo menderako, hizkuntza gutxiago egongo dira eta bakarrik gehien hitz egiten diren hizkuntza “indartsuenak” biziratuko dira; esaterako, Txinera, Ingelesa eta Gaztelania, beste gutxi batzuen artean. Gainontzeko hizkuntzak desagertu arren, haien jakimenaz zein dokumentu ugariak izango ditugu, baina, berez, hizkuntza galduta hauek ez dira transmitituko etorkizuneko belaunaldietan eta, ondorioz, hilda egongo dira. Galera latz hipotetiko honek, batik bat, hizkuntza txikituei eta baztertuei eragingo die, haien erabilera eta transmisioa etorkizuneko belaunaldietan betirako galarazten.

Bai japoniera, bai euskara horietako munduko hizkuntza baztertuen artean aurkitzen dira. Bi hizkuntza hauek geografikoki zein genetikoki baztertuak daude, bakoitza munduko alde baztertu batean kokaturik. Munduko hizkuntzalari ugariek jadanik saiakera asko egin dituzte hizkuntza hauek hizkuntza-familia baten barnean kokatzeko (euskara georgiarrarekin baita iberoarekin konparatu da, eta japoniera hizkuntza-familia altaikoan sartzen saiatu omen da). Alabaina, momentuz dena teoria hutsetan amaitu da, ez baitago hipotesi baieztaturik.

Euskarak eta japonierak hainbat ezaugarri formalak partekatzen dituzte, bata bestearengandik munduan urrun egon arren. Honek ez du batere esan nahi genetikoki elkarlotuta daudenik, baizik eta haien artean tipologikoki ezaugarri oso deigarriak eta interesgarriak dituztela. Hori dela eta, hurrengo paragrafoetan bi hizkuntza hauek partekatzen dituzten ezaugarri aipagarrienak ikusiko ditugu.

Fonetika eta fonologia

Hasteko, fonetika eta fonologiari dagokionez, euskarak eta japonierak badaukate soinu-inbentario antzekoa. Bokalen zenbakia berdina da; hots, 5 bokalezko sistema daukate. Japonierak euskarak baino kasu ugariagoak ditu non bokal luzeak erabiltzen dira bi hitz ezberdinak bereizteko, adibidez obasan ‘izekoa’ baina obaasan ‘amoma’. Hala ere, euskarak beste berezitasun fonologiko batzuk dauzka; hala nola, bokal epentetiko bat sartzea r batekin hasten diren hitzetan, adib. rosa > arrosa, edo euskalkietan aurki ditzakegun diptongoak, adibidez etxien ‘etxean’ bizkaieraz. Japonierak, alde batetik, ez dauka /l/ ezta /j/ soinurik, eta kontsonantez osatutako talderik ez ditu onartzen, euskaran edo ingelesean gertatzen den bezala. Horren ordez, bakarrik erdi-kontsonanteak eta kontsonante bikoiztuak adieraz ditzake beste kontsonante eta bokaleekin lotuz, esate baterako, kyuuju ‘irakasle’, byooin ‘hospitalea’ edo isshoni ‘elkarrekin’. Euskarak eta japonierak, izan ere, txistukari antzekoak dituzte; /s/, /z/ eta /sh/ soinuak ezberdintzen baitituzte, adibidez euskaraz jaso ‘batu’ eta jazo ‘gertatu’ ezberdintzen dira. Japonieraz, era berean, sakana ‘arraina’ eta zensai ‘hamaiketakoa’ hitzetan soinu hauek bereizten dira.

Morfologia

Japoniera eta euskara morfologikoki hizkuntza eranskariak eta trinkoak dira; hau da, hizkuntza hauen jokaera hitzak sortzerakoan, hitz elkartuak sortzea edota hitzei atzizkiak gehitzea da; adibidez, euskarazko haize-errota japonieraz kazaguruma da, hau da, “haizeak mugitzen duen gurpila”, edo gauerdia japonieraz yonaka esaten da; yoru ‘gaua’ + naka ‘barnean’. Euskararen –ari eta –le agente-markak japonierazko –shi eta –ka markekin bat egiten dute, adibidez gudari=senshi edo arrantzale=ryooshi. Bestalde, hizkuntza biek ez daukate genero gramatikalerik, hortaz, ez dago artikulu ezta atzizki berezirik generoa adierazteko. Japonierak plural formarik ez daukan arren, atzizki berezi bat dauka izenordeetan zein bizpahiru hitzetan plurala adierazteko; hain zuzen ere –tachi/dachi atzizkia; esaterako bokutachi ‘guk’, tomodachi ‘lagunak’ etab.

Sintaxia

Euskara eta japoniera munduko beste hizkuntza ugari bezala SOV estruktura daukate. Honek esan nahi du elementuen ordena eta haien paper tematikoa esaldietan garrantzi handia hartzen dutela. Haatik, euskarak badauka sintaxi libreagoa japonierak baino. Hiztunok nabarmendu nahi dugun elementuaren arabera, aditza esaldiaren leku batean ala bestean kokatzen dugu. Japonieran, ordez, topikatzaile partikula dagoenez (wa partikula), aditza beti-beti esaldi amaieran agertu behar da, hala nola:

Mikel atzo Japoniatik etorri zen.

Mikel etorri zen atzo Japoniatik.

Kinou mikeru wa nihonkara kimashita

Bestalde, bi hizkuntzek marka edo partikula bereziak erabiltzen dituzte agentea, osagarri zuzena, zehar osagarria etab. adierazteko, adibidez japonierazko agente marka ga partikula da, euskaren ergatibozko –k markari dagokiona, adibidez:

Atzo Mikelek sagarrak ekarri zizkigun.

Kinou mikeru ga watashitachi ni ringo wo motte kimashita

Onomatopeiak

Bukatzeko, ezaugarri deigarrienetarikoen artean onomatopeiak aurkitzen dira. Euskarak eta japonierak hizkuntzalaritzan deitutako reduplication strategy ‘berretura-estrategia” erabili ohi dute onomatopeiak eta egoerak adieraz ditzaten. Estrategia hau silaba batzuk birritan errepikatzean datza. Japonierak hainbat motatakoak dauzkan arren, bereizgarrienak Giongo (soinu errealetarako hitzak) eta Gitaigo (sentipen eta egoerarako hitzak) dira.

Euriko tantak adierazteko adibidez, euskaraz zara-zara esaten da. Japonieraz, berriz, potsu potsu. Haize bolada indartsuaren soinua adierazteko euskaraz fiu-fiu esaten dugu. Japonieraz, aldiz pyuu pyuu esaten dute. Euri zaparrada baldin bada, orduan euskaraz barra-barra, eta japonieraz zaa zaa bezala adierazten da. Animaliei dagokionez, txoriek euskaraz txio-txio egiten dute. Japonieraz, berriz, txorien kantua pichu pichu da.

Bai jaterakoan bai edaterakoan bi hizkuntzek espresio oso ugariak dituzte, besteak beste, euskaraz janaria irensteko erabiltzen den onomatopeia mauka-mauka da, eta asko edaten denean, zarra-zarra esan ohi da. Hauen baliokideak japonieraz hurrengoak izango lirateke: paku paku eta goku goku. Normalean onomatopeia hauek haien zentsuzko aditzekin batera doaz, adibidez, azken biak “jan” eta “edan” aditzekin loturik joango lirateke; japonieraz taberu ‘jan’ eta nomu ‘edan’.

Laburbilduz, bi hizkuntza hauek arlo ugarietan oso aberatsak eta antzekoak dirudite. Artikulu osoan zehar ikusi dugunez, bi hizkuntza isolatu hauek haien mami berezia daukate eta parekotasun anitzak partekatzen dituzte. Hau dela eta, hizkuntzalari eta hizkuntza-maitale bezala, uste dut, hizkuntza txikituak zein isolatuak, hizkuntza nagusiak modura, era bat merezi dutela ikasiak izatea. Txori bitxiak zein ahulak bezala, gizaki guztion esku dago, haien ezagutza zein biziraupena mantentzea eta bermatzea.

Erreferentziak:

“Txoriak euskaraz eta japonieraz mintzatzen dira”

Hizkuntzalari eta Euskara irakurlea atzerrian. Folklore eta kultura maitalea

2 pentsamendu ““Txoriak euskaraz eta japonieraz mintzatzen dira””-ri buruz

  • Lan handia egin duzu, bai hoixe! Baina ez dut ulertzen zergatik diozun japoniera hizkuntza txikitua dela. Milioika hiztun dituen hizkuntza bat da, potentzia ekonomiko batean.

  • Mila esker zure iruzkinagatik!
    Hala da, japoniera euskararekin konparatuta ez da hizkuntza txikiturik, baina isolatua/baztertua bai. Azken ezaugarri hau nabarmendu nahi nuen, hain zuzen ere. Barkatu nahasketagatik. Ondo izan!