Internazional erreakzionarioaren olatua
Internazional erreakzionarioaren olatua –
Andoni Olariaga ERRIAn.
Nazismoaren igoera betean, «garai txarrak lirikarentzat», idatzi zuen Bertolt Bretch-ek 1939an. Gaurkoak ez dira hobeak, zoritxarrez. Azken hamarkadetan su motelean egosten joan den erreakzioak eztanda egin du. Mugimendu emantzipatzaile desberdinek 60tik 80rako urteetan irabazitako eskubide material eta zentzu komunek eskuin muturraren erreakzioa ekarri zuten 90eko hamarkadan. Orduan hasi zen ereiten gaurko Le Penen, Orbanen, Trumpen, Meloniren eta enparauen ideia teoriko eta politikoen humusa, ideia bat oinarrian: ezkerrak politikoki zuzenaren diktadura ezarri du, ez dago iritzi askatasunik eta Mendebaldeko balioak (familia, bizitza eta nazio etnikoak) galtzen ari dira.
Eskuin mutur berria, ordea, ez da lehengo gizon ilun gorbatadun triste hura. Transgresore eta errebelde gisa mozorrotzen du bere burua, ustez denok pentsatu baina inor esatera ausartzen ez dena esanez: finean, espontaneoki matxista, supremazista kultural eta arrazista agertuz. Helburua? Emantzipazio berrien kontra erreakzionatu, eskubideetan atzera egin eta proiektu kontserbadorea sustatzea, elite ekonomiko eta politikoen mesedetan.
Nola egiten du hori? Jendartearen begirada gora (eliteengan) jarri ordez, behera bideratuz, azken-aurrekoa azkenaren aurka jarriz. Ideia bat naturalizatzeko asmoz: herritarren arazoak ez dira sistema ekonomiko eta politiko baten ondorio, zure azpian dagoenaren errua baizik: zure miseriaren errudun etorkinak, feministak… Eskuin muturrak ezkerraren diagnostikoa atzekoz aurrera jartzen du: zapalkuntza kulturalak pribilegiodun sistemak dira, eta finantzen globalizazio neoliberalak finantzatuta hegemoniko bilakatu dira (lobby progreen bidez).
Agenda horren aurrean, hiltzen ari zaion mundua defendatzen du: nazioen soberania (migrazioak eta multikulturalismoak, ordezkapen handiaren estrategiarekin, birrindutako nazio ultra-xenofobo etnikoa), familia naturala eta identitate sexuala (feminismoak eta LGTBI+ lobbyak erasoa), balio tradizionalak eta bizitzaren kultura (ezker postmodernoak birrindua), askatasuna (komunismoak hertsatua)…
Esan beharrik ez dago, aurreko taupada erreakzionarioak ezkerreko sektoreetan egin dutela bidea, ezkerra, historikoki, ez baita egon humus horretatik salbu. Izan ere, teoria handien (marxismoa, komunismoa…) erdiko erreitik desbideratzen zuten dibertsitateak (feminismoa, nazio askapen borrokak, antiarrazismoa, ekologismoa…) beti egon baitira susmopean: gehiagotan teorizatu dira arazo edo oztopo gisa, soluzio gisa baino. Susmo hori dibertsitatearen tranpa bezala ezagutzen da: horren arabera, aniztasunaren politikek emantzipazio borroken lehentasuna aldatu eta benetan inportanteak direnak (langile klasearen boterea, produkzio bitartekoen jabetza…) bigarren plano batean utzi eta zatikatu dituzte, agenda neoliberala indartuz.
Ezkerra tentuz ibili behar da eskuin erreakzionarioaren logikak ez hauspotzeko. Izan ere, aurreko biak diskurtso desberdinak izan arren, agenda berbera elikatzen dute. Bi adibide: migrazioaren kontra agertzea, zer eta internazionalismoaren izenean (migrazioa sortzen duen erroko auzia konpondu behar dela defendatzearen aitzakian), edota politika feminista publikoen kontra egitea, zer eta komunismoaren izenean (petatxoekin matxismoa ezabatzea ezinezkoa den aitzakiaz), erretorika marxistaz mozorrotutako diskurtso erreakzionarioak dira. Batetik, eliteen estrategiak (diskurtso morea edo eskulan merkerako migrazioa sustatzea) eta klase zapalkuntzaren aurpegi anitzak zaku berean sartzen dituelako, eskuinaren humus-a eta koartada erreakzionarioa elikatuz. Eta, bestetik, errora joatearen ustezko erretorika erradikalarekin momentuko borroketatik ihes egiten dutelako, ezertara konprometitzen ez duen eta eskuin muturrari primeran datorkion atzera egite ustez erradikal bat indartuz.
Nola heldu auziari Euskal Herritik? Ezker independentista hasieratik bertatik emantzipazio borroka desberdinak balio askatzaile unibertsalekin lotzen saiatu izan da, eskubideak eta emantzipazio borrokak elkarren artean lehiatzen direla baino, elkar elikatzen dutela ulertuz. Goiz ala berandu, okerrago ala hobeto, feminismoaren, mugimendu dekolonialen zein bestelako emantzipazio borroken interpelazioei belarriak ireki eta borroka desberdinak artikulatzeko asmoa erakutsi izan du, zapalkuntzen artean hierarkiarik egin gabe. Migrazioaren auziarekin beste hainbeste: garaiko nazionalismo baztertzaileari aurre egin eta herritartasun demokratiko moderno eta erradikal bat planteatu izan du, kanpotik datorren oro Euskal Herria eraikitzeko ezinbestekoa dela defendatzeaz gain, hemen lan egiten duen eta bizi den edonor euskal herritarra dela defendatuz.
Gaur errealitate sozial eta politiko desberdina bizi dugun arren, erronka beraren aurrean gaude: herri bezala proiektu neoliberalak sortzen dituen desberdintasun eta zapalkuntza sozial, homogeneizazio kultural, migrazio behartu (edo ez) eta aberastasun metaketa prozesuei balio eraldatzaileekin herri bezala nola aurre egin pentsatzea. Eta, horretarako, burujabetza eta botere politiko gehiago behar ditugula nabarmena da.
Horrez gain, ordea, beldurretik eta ezintasunetik egindako irakurketa politiko antzuak alboratu, eta irudimen eta ausardia politikoak behar ditugu, gaurko eta biharko (ez atzoko) euskal herritarrentzako herri bat asmatzeko. Ez baikaude soilik herri bat askatzeko bidean, Euskal Herria askatuz jendarte eta proiektu neoliberalari alternatiba oso bat eraikitzekoan baizik: guztiontzako emantzipatzailea izango den proiektu baten eraikuntzan.
Ez.
“…dibertsitatearen tranpa bezala ezagutzen da: horren arabera, aniztasunaren politikek emantzipazio borroken lehentasuna aldatu eta benetan inportanteak direnak (langile klasearen boterea, produkzio bitartekoen jabetza…) bigarren plano batean utzi eta zatikatu dituzte, agenda neoliberala indartuz”.
Bo, antzeko zeozer da, baina igual ez zehazki hori. Dibertsitatearen tranpaz hitz egitean ez da aniztasuna ukatzen, beti egon baita, baizik eta salatzen aktibismo desberdinen espezializatze, dinamika konpetitibo, autodefinizio pertsonalen sakralizatze, intersekzionalitate absurdo eta beste holako kontuak.
Erantzun daiteke horrelako arazorik ez dela. Bueno ba. Arestian ikusi dut baten txioa: “Nola borroka transmarikabolloa? Bisexualak ere bagara, eta beti ahaztuta gaude…”. Adibide horretan, badirudi xedea ez dela sexu bereko bikoteen eskubideak bermatzea eta orientazio homosexuala duten banakoen diskriminazioaren bukatzea, baizik eta BERE KOLEKTIBOA (zehazki, B letra) behar bezala ordezkatua egotea. Anekdota hutsa edo sintoma, auskalo.
Beste kasu latz bat, hau orokorra eta nabarmena: Feminismoaren subjektu politikoa, homo sapiens emeak, lau mila milioi gizaki ezin dibertsoagoak, diluitu egin dira balizko “emakume*” konstrukto batean. Oraingoan, “aniztasun” eta “genero disidentzia” izugarri zabal batean nahasita daude EMAKUMEAK.
Udalerrietako “Emakume Sail” guziak desagertu dira; orain “Genero eta LGBTI+” dira. Zer ostiagatik? Emakumeak “genero-dibertsitate” aterkipean daudelako. BAI, hemen argi ikusten da dibertsitatea tranpa bat dela. Feminista erradikalak hasi dira beren haserrea adierazten, arrazoiarekin.
Aipatzen den beste adibide bat, kolektiboen ordezkapenarekin, aniztasun etniko-nazionala eta “kolorea” erakusteko asmoarekin lotua: Euskal Herrian ez zaigu egokitu (oraindik?), baina atzerrian ikusi izan dugu emakume musulman hiyabi ultrakontserbadore peto-peto bat ezkerreko zerrenda batean hautagai, “komunitate horren ordezkari” gisa. Ikus Nora Baños Katalunian. “Jende hori errepresentatzeko” rol hori berdin joka lezake, ez dakit ba, amazigh jatorriko lesbiana ateo batek, baina auskalo zerengatik, politikan aniztasuna islatu nahi denean beti aurki dezakegu horretarako prest musulman fededun txintxo bat…