[Simone Weil] Erroztamendua XV
[Simone Weil] Erroztamendua XV –
Erroztamendua (XV. bidalketa)
Ez du zentzurik bilatzea noraino doazen Hitler eta Napoleon arteko antzekotasunak eta diferentziak. Interesa duen arazo bakarra da jakitea ea bata handitasunetik legitimoki egoz dezakegun bestea egotzi gabe; ea miretsiak izaiteko duten eskubideak gisa berekoak diren edo izatez diferenteak. Eta galdera argiki pausatu ondoren, aurrean luzaz begira egon ondoren, gure burua gezurrera iristen uzten badugu, galduta gaude. Alexandri eta Zesari buruz, Marc-Aurelek zioen guti gora behera: justuak ez baziren izan, deusek ez nau haiek imitatzera kondenatzen. Halaber, deusek ez gaitu bortxatzen Hitler eta Napoleon mirestera.
Deusek ez gaitu behartzen haiek mirestera, salbu eta indarraren eragin[1] soberanoak.
Posible da mirestea maitatu gabe? Eta miresmena amodioa bada, nola maita ginezake ongia besterik? Sinplea litzateke geure buruarekin hitzarmen bat egitea, hau da, historian bakarrik mirestea egiaren, justiziaren eta ongiaren izpiritua irradiatzen dituzten akzioak eta bizitzak; baita, baina halere askoz gutiago, akzioak eta bizitzak zeinetan, izpiritu horren egiazko aurresentimentua senti daitekeen. Hitzarmen horrek, adibidez, Louis errege saindua bera baztertzen du, bere adiskideei eman zien kontseilu damugarriagatik, hau da, ezpata sartzeko sinesgabetasunez edo heresiaz kutsatutako solasak gure aurrean adieraziko lituzkeenaren sabelean.
Louis erregea desenkusatzeko erranen da denboraren ezpiritua zela, zeina gurea baino zazpi mende lehenagokoa izanki, horretxegatik gurea baino atzeratuagoa baitzen. Gezurra da. Louis saindua baino zeinbat denbora lehenago, Bezierresko katolikoek euren herriko heretikoen gorputzean ezpata sartzetik urrun, denek nahiago izan zuten berak hil heretikoak entregatu baino. Elizak ahantzi zuen Bezierresko katoliko haiek martirioen lerroetan jartzea, zeinetan alta jartzen baititu biktimek heriotzara kondenaturiko inkisidoreak. Azken hiru mendeetan zehar, tolerantziaren, argien eta laikotasunaren maitaleek ezta ere ez dute oroitzapen hori ospatu; histuki tolerantzia deitzen duten bertute horren forma hain heroiko bat molestagarria izanen zen haientzat.
Baina egia balitz ere, fanatismoaren krudetasunak ertaroko arima guziak dominatu balitu ere, horretatik atera behar ondorio bakarra izango litzateke ez dela deus miresteko edo maitatzeko garai horretan. Ez luke Louis saindua ongitik milimetro batez ere hurbilduko. Egiaren, justiziaren eta amodioaren izpirituak ez du deus ikusteko millesima batekin; betierekoa da; Gaizkia da pentsakerak eta akzioak egiatik eta ongitik bereizten dituen distantzia. Horregatik X. mendeko krudelkeria bat da zehazki XIX. mendeko bat bezain krudela, ez gehiago ez gutiago. Krudelkeria bat bereizteko, kontuan hartu behar dira zirkunztantziak, akzioei eta hitzei itsasitako esangura aldakorrak eta ingurune bakoitzari doakion hizkuntza sinbolikoa; baina akzio bat krudelkeriatzat dudarik gabe aitortua den orduko, higingarria da edozein izan daitezen bere data eta tokia.
Hau senditzen ahalko ginuke, ezinbestez, duela bi edo hiru mila urte haien garaikideen krudelkeriak sofritu zituzten dohakabe guziak guhaur bezala maitatzen baginitu.$$
Ez ginuke idazten ahalko, Carcopino jaunak bezala, esklabotasuna goxoa bilakatu zela, Inperioaren garaian, zigorra makilkada baino latzagoa gutitan baizik omen zelakoan. Progresoaren superstizio modernoa da gezurraren azpi-produktu bat, zeinaren bitartez Kristautasuna erlisio erromatar ofiziala bihurtu baitugu; lotua da Erromak konkistatutako herrien altxor ezpiritualen suntsiketarekin, eta altxor horien kristautasunarekiko jarraikitasun perfektuaren disimulazioarekin, erredentzioaren kontzepzio historikoarekin zeinak erredentzia eragiketa tenporalean jartzen duen ez ordea eragiketa betierekoan. Progresoaren ideologia laikotua izan zen geroztik. Gaurko egunean progresoaren ideologia gure garaiaren pozoina da. Erranez XIV. mendean gizatiartasun-eza gauza ederra eta ona zela, eta aldiz gauza higingarria XIX. mendean, posible ote zen orduan XX. mendeko mutiko gazte historia irakurzale bati eragoztea erraitetik: «Ene baitan sentitzen dut orai gizatiartasun-bertutearen garaia amaitua dela, eta giatiartasun-ezaren garaia itzuli dela»?. Nork eragozten digu bada eradalketa zikliko bat irudikatzetik marra jarraia antzeko eradalketa bat irudikatu beharrean?
Progresoaren dogmak ongia deshoratzen du berau moda historio bezalako zerbait bihurtuz.
Gainera emaiten du progresoaren dogmak bat egiten duela faktuekin presezki ezpiritu historikoa hiltzaileen erranen sinestean datzalako. Noizean behin lazturaren sentimentuak Tite-Liveren irakurtzailearen sorraiotasun lodia zilatzea lortzen duenean, honek bere golkoan erraten du: «Garaiko ohiturak ziren!» Alta historialari greziarrengan sentitzen da Erromatarren bortizkeriek euren garaikideak ikararazi eta paralisatu egin zituztela gaur bertan Alemanen bortizkeriak ikararzi et paralisatzen gaituzten bezalaxe.
Ez banaiz makur, historian Erromatarretaz aurkitzen diren datu guzien artean, bada ongi aratzaren etsenplu bakar bat. Hiruagintaritzarenpean, proskripzioen garaian, pertsona kontsularioek, kontsuluek berek, eta pretoreek zeinen abizenak zerrendan aurkitzen baitziren, euren esklaboen belaunak besarkatzen zituzten eta haiek nausi eta salbatzaile deituz haien sokorria eskatzen zieten; zeren harrotasun erromatarrak ez baitzion errisistitzen zorigaitzari. Esklaboek arrazoiz atzera egozten zituzten. Salbuespen biziki guti izan zen. Baina Erromatar bakar bat, bere burua makurtu behar izan gabe, bere esklaboei esker etxean bertan ezkutatu ahal izan zen. Nausia etxean sartzen ikusi zuten soldadoek esklaboak torturatu zituzten beren nausia entrega ditzaten. Esklaboek dena sofritu zuten ezer erran gabe. Baina nausia gordelekutik tortura ikusten zuen. Ezin izan zuen ikusgarria nozitu, bere burua soldadoei entregatu zuen eta hauek berehala hil zuten. Bihotza leku onean daukan edonork, hainbat paturen artean hautatzeko aukera balu, hautatuko luke nausia edo esklabo horietarik bat izaitea ezen ez eta Scipiotarretarik bat, edo Cesar, edo Cicero, edo Augusto, edo Virgilio edo Gracquetarretarik bat. Horra etsenplu bat miretsia izaitea merezi duena. Historian ez da gertakari perfektuki aratz guti baizik. Gertakari aratz horien gehienak abizena ahantzi zaizkigun gizakide batzuei dagozkie, Erromatar nausi horri bezala edo XVIII. Mendearen hasierako Bezierseko biztanle horiei bezala. Bilatzen baginitu araztasuna iradokitzen diguten gizakien izenak, guti atxemanen ginuke.
Greziako historian, lerroka ginezake Aristide, Dion Platonen adiskidea, eta Agis Spartako errege sozialista tipia, hogei urtetan erahila. Aldiz Frantziako historian atxeman ote ginezake Jeanne d’Arc izena besterik? Ez da seguru.
…
[1] Suposatzen dut mintzatzen dela eragin filosofikoaz gure kontzientzien baitan.
Ez dakit XX. mende erditsu horretarako, filosofo asko jada atakatu ziren “progresoaren mitoari”. Aldiz seguru naiz, berak baino lehen, nehork ez ziola mito horren erantzukizuna Eliza Erromako Eliza ofizial bikakatzearen gertakariari egotzi. Progresoaren torri horren mekanismo ez dut oraindik erabat harrapatu.