Criptomnesia
Criptomnesia –
Bagenuen “kriptotxanpon”, baina nik dakidala Goizalde Landabasok erabili du gurean lehenbizikoz “kriptomnesia”. Orain Elhuyarrek “critomnesia” sartu du hiztegian.
Baudelairek itzuli zituen frantsesera Edgar Allan Poeren ipuinak. Eta kontatu zuen Poeren ipuin-liburu bat aurrenekoz ireki zuenean, izuturik eta liluraturik aurkitu zituela, ez soilik berak amestutako eszena osoak, baizik orobat berak pentsatutako esaldi zehatzak, Poek hogei urte lehenago idatziak. Alderantzizko norabidean, baina denboratik ateko izpirituen komunikazioari dagokio, igualki, criptomnesia. Lurtarragoa izan daiteke alabaina, pikareskaren mugakidea. (“Igualki”ren bidetik, ikasle batek azterketan “momentualki” idatzi du, “momentáneamente” buruan, edo agian “de momento”; hain polita izan arren, oraindik ez da hiztegietan ageri).
“Criptomnesia” hitzaren greziar oinarri etimologikoak “oroitzapen gordea” esan nahi du, eta ez da zehazki eritasuna. Badu lapurretaren eta plagioaren antza; izan ere, lapurreta eta plagioa baita. Ohiko plagioa ez bezalakoa, ordea, oharkabean gauzatzen denez: plagio inkontzientea adierazteko erabiltzen da batez ere, plagiogilea ohartzen ez deneko plagioa. Plagiogiletzat salatzen bazaituzte, epailearen aurrean esan dezakezu ez zinela konturatu, inkontzienteki egin zenuela. Barka nazazu, epaile jauna, criptomnesia izan da, zin degizut.
Freud ohartu zen bere Eros eta Thanatos azken batean Enpedoklesen Maitasuna eta Gorrotoa izan zitezkeela, eta criptomnesia aipatu zuen. Michel Onfrayk dio Freudek Enpedoklesi ez ezik Nietzscheri eta beste hainbat filosofori ere ideiak ohartuki ebatsi zizkiela, eta criptomnesia ez zela izan aitzakia baizik. Onfrayk berak hamaika aldiz adierazi du, berari bururatu balitzaio bezala, Gilles Deleuzek Nietzscheren betiereko itzuleraz egin zuen interpretazioa okerra dela: Deleuzek itzulera selektiboa aipatu baitzuen, eta Nietzschek, ostera, guzti-guztia itzuliko dela. Ordea, Onfrayk baino lehen Clément Rossetek edo Fernando Savaterrek egina zioten kritika horixe Deleuzeri. Eta Onfrayk irakurriak ditu bai Rosseten eta bai Savaterren liburuak.
Bestalde, Onfrayk berari otu balitzaio bezala errepikatzen du, halaber, optimistak guztia edertasun aizun batez ikusten duela, pesimistak berriz dena ilun; azkenik, tragikoak ikusiko luke dagoena benetan den bezain gordin, eder eta ilun. Hori ere zenbait hamarraldi lehenagotik zuen Clément Rossetek garbi idatzia, besteak beste Filosofia tragikoa (1960) eta Txarrenaren logika (1971) liburuetan. Izan litezke Onfrayren criptomnesiak. Edo proiekzio psikoanalitikoa: Freud ezin gogorrago salatzen duzu egiteagatik zuk zeuk behin eta berriro degizuna. Baina ziur aski aldi berean izango da proiekzioa eta criptomnesia.
Udan, Joxe Azurmendiren Gizaberearen bakeak eta gerrak berrirakurtzen ari nintzela, egundoko sustoa: institutuan, Antropologia irakastean, gaur egun nagusi den ikuspuntua azaltzen dut: gizakia animalia da. Gainera, ez dago alde batetik giza animalia eta bestetik gainerako animalia guztiak. Gizakia “beste” animalia bat da. Noski, baditu berezitasunak. Alta, edozein animaliak dauzka berezitasunak. Errinozeroak, adibidez, aski nabarmena. Horixe errepikatu izan dut urteak joan urteak jin, errinozeroarena niri bururatutako adibidea bailitzan.
Ez horixe, orain dela berrogeita bost bat urte idatzi baitzuen Azurmendik.
Psikologian ere, bada mistikoen psikologiaren inguruko ideia zahar bat: jainkotasunera hurbiltzeko ez da inongo gertaera ikaragarri garrantzitsurik behar; aldiz, eguneroko traste, kontu edo zereginik arruntena izan liteke bitartekari eta gorabide, hala nola laranja, eztula, platera, dutxa, harria, siesta, makila… Klasean esan izan dut dibinitateak zenbaitetan gauzarik arruntenak darabiltzala mistikoei amua botatzeko. Esaldi antzekoegia aurkitu berri dut aspaldi irakurritako Ernst Jünger-en Anotaciones del día y de la noche-n.
Litekeena da nire buru koxkor honek inoiz ez sortu izana ideia berri bakar bat ere. Menturaz, esan eta idatzi ditudan milioika karaktereak, den-denak, izan dira itzulpen, plagio edo criptomnesia. Ea aurrerago zerbait okurritzen zaidan, behin jubilatu ostean edo. Momentualki, itxuraz, deus gutxi.
Criptomnesia
Eta? Egin duzu lo? Motzenean beti izan da toki goxo bat.