Arabako Arkeologia objektuak II Eztarroako biltegiratze zeramika

Arabako Arkeologia objektuak II Eztarroako biltegiratze zeramika –

Historiaurrean aldaketa handi bat gertatu zen Neolito Aroan, eta aldaketa horren ezaugarri bat da zeramika egiten ikasi zuela gizakiak eta, harrezkero, gaur egun arte fabrikatu du.

Arabako Arkeologia objektuak II Eztarroako biltegiratze zeramikaAurretik, egurrez edo larruz egindako ontziak zituzten, baina buztina lantzen eta egosten ikasi zutenean ontzi mota berriak egin ahal izan zituzten: neurri desberdinetakoak, iragazgaitzak, sutan jarri ahal zituztenak, etab.

Eztarroa herrian 1984an Andra Maria elizaren ondoan lan batzuk egiten ari zirela, zoriz, silo bat agertu zen zeramikaz beteta. Ondorioz, premiazko indusketa bat egin zen siloa ondo dokumentatzeko.

Elikagaiak biltegiratzeko zulo bat zen siloa. Seguruena zerealak (ez zuten garai hartan laginik jaso). Siloak, hormak buztinez estalita zituen ahalik eta babestuen egoteko eta, hondoan, harrizko harlauzak zeuzkan jarrita, hezetasuna drainatzeko eta gordetzen zena ondo babestuta egon zedin, beraz.

Barruan, gopor eta biltegiratzeko ontzi handien zatiak aurkitu ziren: 1.000 zeramika zati inguru aurkitu ziren guztira. Zeramika zati haiek, gutxienez, 20 ontzitakoak ziren eta uste da bertikalki zeudela siloan sartuta eta, azkenik, zuloaren ahoa material galkorrekin estali zutela. Arkeologoek ez zuten uste barruan gordetakoa ateratzera, berreskuratzera, iritsi zirenik siloa egin zuten pertsonak (ez dakigu zergatik) eta, horregatik, agertu zirela hainbeste zeramika XX. mendean siloa aurkitua izan zenean.

Agertu ziren ontziak, inguruko buztinarekin eskuz landuta zeuden, horma leunduak zituzten eta apainduta zeuden hatzekin markatutako kordoiekin, erroekin, etab., aipatzen dizuedan ontzia bezala, pinaburu handi baten forma daukana. Apaindurek edertasuna emateaz gain, ontzia hobeto oratzeko balio zuten eta ez irrist egiteko esku artean zerabiltzanetan. Labe irekietan egosi ziren ontzi haiek eta, hori dela eta, ontziek askotariko koloreak eta testurak erakusten dituzte, tenperatura eta oxigenoaren araberakoak (labean, oxigeno asko sartzen zen lekuetan zeramikaren orea gorria da eta gutxi zegoen lekuetan iluna).

Arabako Arkeologia objektuak II Eztarroako biltegiratze zeramika

2 pentsamendu “Arabako Arkeologia objektuak II Eztarroako biltegiratze zeramika”-ri buruz

  • josu naberan 2022-03-13 09:49

    Orduan, Neolitoko ontziterian egertu den zeramika-mota hori nahiko berandiarra dela ematen du.

    Zeren askoz lehenago iritsi baitziren Berebereena zeramika kardiala, margo-azalaz hornatua.

    Corominas ikerlari katanuinarrak idatzi zuenez, Zeramika Kardiala (kanpai-formakoa, “Campaniense”, “Capsiens-Sauveterre” deituriko Kultura aldian gertatu zen (-9.000), eta euskeran aldaketa sakona eragin zuen ahoskera aldetik:
    H–>K ahoskera gertatu zen: hasperendutik eztarrizko ahoskerara.

  • Jaione Agirre 2022-03-13 15:09

    Kaixo.
    Eztarroako zeramika hauek ez dira Neolito Arokoak, ez: Brontze Arokoak baizik.
    Araban badira Neolito Aroko zeramikak (kardialak eta beste motatakoak), batzuk oso zaharrak duela 6000 urte ingurukoak Arabako Errioxan topatuak. Kalkolito Aroko zeramika Kanpai formakoak ere (batik bat trikuharrietan topatutakoak duela 3500 urte ingurukoak).
    Horiez egingo dugu berba, baina badira artikuluak eta informazioa on-line.
    🙂
    Adibidez:
    https://addi.ehu.es/handle/10810/17482
    https://arkeologiamuseoabibat.eus/eu/web/arkeologiamuseoabibat/-/pd-003-vaso-campaniforme
    Ondo izan