Arturo Campion bezalako euskal esnaleak behar
Arturo Campion bezalako euskal esnaleak behar
Arturo Campión Iruñeko semea XIX. mendearen bigarren erdian bizi izan zen. Campionen aitaren familia italiarra zen eta, seguraski, dakizuen bezala, politikari, historialari, euskaltzale eta idazle trebea izan zen Sabin Arana Goiri-ren garaikidea. Euskararen Akademiaren edo Euskaltzaindia izenekoaren sortzaileetarikoa ere izan zen. Euskarazko Wikipedian artikulu ederra daukazu Arturoren erreferentzia gehiago edukitzeko.
Gogoan dut Federico Krutwig-ek nola esaten zigun Arturo Campion ondo gogoratua izan behar zela Nafarroa Osoan lan batengatik: Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara deritzon liburuagatik, hain zuzen ere. Nik, orduz geroztik, liburua erosi eta behin baino gehiagotan kontsultatu dut. Liburu ederra, ongi idatzia gaztelaniaz eta erreferentzia ona euskaltzale guztientzat. Tamalez, behar beste apreziatua ez da izan liburu hori. Baina lerro hauek idazten ditut bere figura aldarrikatzeko eta zuei bertze liburu baten erreferentzia emateko.
Arturo Campionek historia liburu inportante baten aitzinsolasa egin zuen: Amaiur, los últimos nabarros. Azken liburu hori Txalaparta argitaletxeak plazaratu du berriz ere eta Miguel de Orreaga (Pedro Nabaskotze, alegia) da egilea. Bi autore handiri irakurtzeko parada ezin hobea da Amaiur, los últimos nabarros liburua irakurtzea. Bertan, oso gazte hil zen Miguel de Orreaga historialari-ikerlariaren lana topatuko duzu, neutro utziko ez zaituztena. Nafar paradigmaren liburu garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe. Gure historiaren, hau da, Nafarroa Osoaren historiaren garai garrantzitsuenera eramanen zaitu liburuak. Batzuek karlismoan edota frankismoan edota abertzaletasunean jartzen dute enfasia… Historia komeni zaien fokatze historikoaren garaira garamatzate sarri irakurlea konturatzeke. Baina benetan zein eta parekoagorik ez dago fokatze historikoa, baldin eta ez badugu zentratzen gaia Amaiur gazteluko batailan eta Noaingo gerran. 1512. urteaz geroztik gure herriak subiranotasuna galdu zuen Euskal Herri penintsularrean.
Nafarroako Erresumak iraun egin zuen urte gehiagoz, baina zegoeneko, larri eta zauriturik. Donapaleutik eta Pabetik Nafarroako Erresumak aro kalbinistan emaitza ederrak lortu zituen, baina bi estatu handiren artean mehatxaturik eta burumakur. Horixe izan da gure historia. Guk Amaiur ukan dugu, gaztelauek Cid Campeador eta Augustina Aragoakoa ukan duten bezalaxe. Hemengo historialari eta politikariei dagokie gure herriak ukan duen subiranotasuna aldarrikatzea. Independentzia bertze herri batzuentzat da, Nafarroak subiranotasuna behar du, baita batasuna ere, jakina.
Arturo Campion euskaltzalea Euskal Esnalea Elkarteko buru izan zen bezala, oraingo denboretan ere horrelako figura bat behar dugu lo dagoen gizarte hau esnatzeko. Esnaleak topatzeko, alabaina, gure historia ondo zabaldu behar dugu, liburuak hautatu, mintzaldiak aukeratu, fokatze historiko desberdinetara garamatzatelako batzuek eta besteek. Euskal esnaleak behar ditugu Lur Nafarrak berriz ere batzeko.