Emakumeen futbola, artifizialki dopatutako kirola

Kirolaren munduan kokatzen gara, saskibaloian eta futbolean hain zuzen. Gaur egun, jende askok uste du futbola dela kirol erakargarriena gizonentzat zein emakumeentzat. Uste okerra, zalantzarik gabe. Horixe da behin eta berriro buruan sartu diguten ideia, baina, egia ote da? Ni ez nator bat horrekin. Nork erabaki du futbola dela kirol garrantzitsuena? Eta ez soilik futbola, gizonezkoen futbola, noski. Areago, zergatik uste da emakumeek laguntza behar dutela kirol honetan onartuak izateko? Zer dela eta burugogorkeria hau?

Hasteko, aipatu beharra dago futbola ez dela munduko kirol bakarra, egia da jende askok duela gustuko, baina, benetan dute gustuko edo modan dagoen zerbait izateagatik dira honen jarraitzaile? Egungoa egoera desberdina den arren, urte askotako ohitura izan da mutilak futbolean aritzea eta neskak saskibaloian, eta nolanahi ere, bizi garen gizarte honetan, gizonozkoen futbolak lehentasuna edukitzen jarraitzen du. Hau dela bide, eskola gehienetan futboleko mutil taldeak sortzen dira eta ohikoa da neskak saskibaloia, tenisa, igeriketa etb hautatzea; hori oso adierazgarria dela deritzot.

Ildo beretik, esan beharra dut AEBetako emakumezkoen futbol sekzioa munduko onenetakoa dela, onena ez bada alegia, eta haien abokatu Jeffrey Kessler-ek emandako datuen arabera, neska hauek gizonezkoek baino %40 gutxiago kobratzen dute selekzioarekin jokatzen dutenean. Esaterako, lagun arteko partida bat galtzeagatik gizonezko bakoitzak 5.000 dolarreko gainsaria jasotzen du, eta partida garrantzitsu samarra irabaziz gero, 18.000 dolarretara hel daiteke. Galduz gero, emakumezkoek euro bakarra ere ez dute jasotzen. Irabazten dutenean ostera, 1.350 dolar soilik. Azpimarratzekoa da ere, ekinaren ekinez hainbat gauza lortu duela talde honek, besteak beste, munduko kopa hiru bider irabazi du eta urrezko domina olinpikoa lau bider, beraz, ez da merituen kontua, baizik eta soldata-dizkriminazioarengatik.

Hitz gutxitan, emakumezko futbolariek gizonezkoek baino askoz gutxiago kobratzen dute zalantzarik gabe. Egia da, telebistan adibidez, gizonezkoen futbolak audientzia handiagoa duela, baina nire ustean, ohitura besterik ez da arrazoi nagusienetariko bat; ondorioz, soldaten kontuak ulertzea ezinezkoa da niretzat. Eta ez hori bakarrik, aipatzekoa da ere emakumeen egoera, materialari zein instalazoei dagokienez, dena dago lotuta-, talde hauek soldata txikiagoa dute; hori horrela, ez dira zenbait ekintza aurrera eramateko gai.

Halaber, Espainiar estatuko kultur eta kirol ministerioak atera dituen ondorioak eta estatistikak kontuan hartuta, nabarmentzekoa da saskibaloiak emakumeengan duen oihartzuna. Antza denez, 2020an 900.996 federatutako emakumetatik, futbolean 77.461 izan ziren, eta saskibaloian, aldiz, 130.539. Gauzak horrela, lehen adierazi dudan bezala, ez dut ulertzen emakumeekin eta futbolarekin sortu dugun burugogorkeria hau. Onartu beharra dut neskek gehienetan saskibaloia nahiago izatearen arrazoietariko bat, futbolean beti gutxietsita sentitu direla da; baina, honaino heldu arte gertatutakoa ez da gai honen gakoa. Nire ikuspegitik, emakumezkoen futbolean zentratzen ari gara etengabe, komunikabideetan besteak beste eta nesken saskibaloia bigarren mailan ez genukeela utzi beharko deritzot. 

Gainera, nire uste apalean, jende askok ondo geratzearren defendatzen du emakumezkoen futbola, baina komunkabideetan ageri dena ez da errealitatea. Are gehiago, dena ondo doala eta futbola paregabea dela adierazten dute telebestin edota irratian. Nire iritziz, aldiz, ematen duten informazio hori, ez da guztiz erreala eta berriro ere, zenbait gauza, ondo geratzeko esaten dituzte, irudi ona emateko eta jendeak gezur bat sinetsi dezan. 

Agian, neskoi saskibaloia erakargarriagoa suertatzen zaigu -futbolarekin alderatuz- ez daudelako kolpe hain bortitzak. Ostikada, segada edo burukadarik ez dago. Korrika doazen bi jokalarien arteko talkarik ere ez dago. Saskibaloia kontaktu-jokoa da bai, baina ez futbola bezain bortitza. 

Eta futbol-saskibaloi dikotomiaz haratago, badira kirol batzuk emakumeon gustukoak direnak. Ni neu saskibaloian aritzen naiz eta gustora gainera. Baina igeriketa sinkronizatuan, gimnasia erritmikoan edo artistikoko modalitate batzuetan… emakumeak dira nagusi. Hor beharrezkoak diren malgutasun, koordinazio eta sinkronizazioan, neskok iaioak gara. Eta noski, ez dira bortitzak: aurkariekin ez dira kolpeak ematen. Bada beste kirol bat emakumeen artean tradizio handikoa: tenisa. Tenis eta esku pilotan, hala nola frontoiko beste modalitateetan, XX. mende hasieratik pratikatu dute emakumeek, baita profesionalki ere. 

Beraz, ez dezagun emakumeen futbola besterik gabe puztu. Gizonena ere puztua dagoela esan daiteke, enpresa erraldoiek bultzatuta. Nortasun handirik gabeko jendeak futbolera jotzen du gehiengoak hala egiten duelako. Ez dezagun hedabideek “dopatutako kirol” bihurtu. Ez dezatela komunikabideek modu artifizialean emakumeen futbolaz hitz egin, soilik “emakumeek” parte hartzen dutelako. Ez dezagun gizonen kopia hutsa egin, ez dezagun gizonen “jarraikeria” hutsa egin. Izan ere, badaude beste kirol modalitate asko non emakumeak -aspalditik- erosoago sentitzen diren eta jarraitzaile gehiago dituzten.

Argazki honetan ni ageri naiz beste lagun batekin saskibaloi partidu batean.

Ondorio gisa, atrebentzia ez bada, kirolarekiko gizarte honetan dugun planteamendua okerra dela esatera ausartzen naiz. “Futbola kirolik politena da”, “Futbolaria izan nahiko nuke”, “Futbola nire bizitzan oso garrantzitsua da”… behin eta berriro entzuten dira kalean era honetako komentarioak, baina, ohartu al zarete nork esaten dituen gauza hauek? Era berean, nork hitz egiten du beste hainbat kirolei buruz? Zergatik ez dugu emakumezkoen saskibaloia, esku pilota edo igeriketa gizonezkoen futbola bezain garrantzitsu bihurtzen? Saiatuko al gara?

Emakumeen futbola, artifizialki dopatutako kirola

Indarrak falta zaizkidanean beti gogoratzen dut esaldi hau: "Gogoa den tokian, aldaparik ez" eta nire aitak gustuko duen atsotitzak dioenez: "Umearen zentzuna, etxean entzuna".

2 pentsamendu “Emakumeen futbola, artifizialki dopatutako kirola”-ri buruz