Hiperbentilazioaren kontra
Hiperbentilazioaren kontra –
Aurten, ikasle parrandazale batek erran zidan pandemiak niri naski ez didala sobera eragin, etxean egotea gustatzen zaidalako. Haren ikuspuntutik, nonbait, besta egitera ateratzeko beharrik ez sentitzeak edo ez adierazteak nire balizko behar guziak deuseztatzen ditu, berdin izateraino, etxean egonez gero, zertan ematen dudan denbora, telebista ikusten, kanpaia jotzen edo idazlanak zuzentzen.
Halere, puntu batean bazuen arrazoia nire ikasleak: ez naiz sekulan bereziki parrandazalea izan –zahar sortu nintzen, barkatu, eta hogei urte bete orduko arruntean nintzen aguretua–. Alta bada, niri ere pandemia honek zenbait gauza geldiarazi eta galarazi dizkit. Konparaziorako, semearekin etxetik kanpo egiten nituen gauza guziak: astean behin elkarrekin jatetxe batean bazkaltzea; ortzilarero zineman film bat –zientzia-fikzioa edo beldurra– hondarreko saioan ikustea, maiz adiskide on batek lagunduta; urtarrileko anime festibalera joatea; noizbehinka Gasteizko Hipsteria dendari bisita egitea. Ez ziren, oro har, gauza iraultzaileak; ez zuten eraldaketarako edo politikarako espaziorik sortzen. Gauza xumeak ziren. Gure uneak. Gure solasaldiak. Gure irriak. Gure arteko konplizitatearen oinarri ziren gauzak.
Erran nahi dut ni ere nekatua eta okakatua nagoela. Eta badakit gure Euskal Herri honetan zenbait jarriak daudela pentsatzera egiten duten oro, baita hatsa hartze hutsa ere, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta abar sortzeko ekarpen ezinbertzekoa dela. Baina niri oraindik auzolotsa pixka bat sentiarazten dit parranda egiteko gogoa –arrunt ulergarria eta errespetagarria dena– ia-ia iraultzaren pare paratzeak.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 24koa]
Parranda egiteko gogoa raultzaren pare paratzea.
Bete betean asmaturik! Iparra galduta gabiltza, nonbait!
Mozkorra goraipatzea ere!!! Bai, orain batzu-batzuk, hori egitera iritsi dira. Gure aitatxi-amatxiren denboretan alprojatzat hartzen zituzten halakoak. Eta emakume mozkorrak? Puf! Izan zitekeen zorigaitzarik handiena
Orain batzuek diotenez “dantzatu ezin badezaket ez da nire iraultza”. Horrek asko esaten du geratu den iraultzailetasun ereduaz, hedonismo baxuenaren bidaide izan nahi dena. Aspaldiko iraultzaile asko aszeten parean jar genitzake, mediku anarkista eta komunistek alkoholaren gaitzen aurka idazten zuten (gaur egun beste aisialdi droga guztien aurka idatziko luketen moduan), gizakiaren askapena bere izaeraren alderdi gorenak lantzeko askapen bezala ulertzen zen, dohaina giza duintasunaren ardatzatzat hartuta. Hori guztia moralista eta burgestzat hartu eta parranda asko baina iraultza gutxi egiten duen askapen mugimendua geratu da. Kapitalismo berantiarraren plazer suntsikorrak txertatu nahiko lituzkete gizarte berri batean. Gizarte berri bat, baina gizaki berri baten beharrik gabe.
Normala da mugimendu horietatik hainbeste pertsona errebotaturik ospa egitea.