Banku etikoak
Banku etikoak –
Baliabide izatetik helburu bihurtu dira finantzak. Orduan, ba al du zentzurik banku etikoez hitz egiteak?
2008ko krisi ekonomikoaren oinarrian AEBetako bankuen funtzionamendu bidegabekoa izanik, subprime hipotekak kasu, ez al da Banku Etikoa oximoron bat izango, bi termino horien arteko aurkakotasuna nabaria delako? Badu zentzurik etikaz hitz egitea finantzek, ekonomia erreala lagundu beharrean, dirutik dirua egitea helburu bihurtu dutenean? Urteroko nazioen arteko merkataritzaren tamaina 20 bilioi dolarrekoa da. Aldiz, egun bateko dibisen espekulazio-merkatuak 4 bilioi dolar mugitzen ditu. Munduan higitzen diren kapitalen %98ak ez du inongo loturarik ekonomia errealarekin, espekulazio hutsa da. Baliabide izatetik helburu bihurtu dira finantzak. Orduan, ba al du zentzurik Banku Etikoez hitz egiteak?
Aurreko mendearen laurogeigarren hamarkadan, finantzen munduak hartu zuen joera espekulatiboaren aurkako mugimendu ezberdinak sortu ziren han-hemenka Europan zehar hiritar kritiko batzuen ekimenez, finantza-bitartekotzarako formula berriak proposatuz: Oikocredit Holandan, Banca Popolare Etica Italian, Fiare Fundazioa Bilbon… Gaur egun nahiko zabalduak dira Banku Etikoak Europan, eta elkartuta daude Banku Etikoen Federazioan. Baina zeintzuk dira Banku Etiko hauen oinarriak eta betiko bankuen artekoaldeak? Fiare hartuko dut erreferentzia.
Banku batean uzten ditugunean gure aurrezkiak, gordailu moduan edo inbertsio-funts batean, ez dakigu bankuak gure diru horrekin egiten duena, zertara zuzentzen duen diru hori: etxebizitza-hipoteka baterako, enpresa txiki bati kreditu bat emateko edo armak ekoizten dituen enpresa baten akzioak erosteko. Aldiz, Banku Etiko batek gardentasun osoz jokatuko du bankuaren bazkideengana informazio osoa helduaraziz eta eman dituen kreditu guztien nondik norakoak azalduz. Emandako kreditu guztien informazioa Banku Etikoaren web orrian azaltzen dira.
Ez da Banku Etiko baten lehentasunezko helburua irabaziak izatea, baizik eta gizarte-ekimen ekonomikoak bultzatzea eta laguntzea. Hiru printzipiotan laburbiltzen dira Banku Etiko batek erabiltzen dituen irizpideak proiektu bati kreditu bat ematerakoan: proiektuaren gizartea eraldatzeko bokazioa, ingurumenaren gaineko eragina eta enpresa berriaren gobernantza. Eta hauek dira Banku Etiko batek bultzatuko dituen arloak: lan-gizarteratze ekimenak, nekazaritza ekologikoa, kultura eta hezkuntza, merkataritza justua, gizarte-etxebizitzak. Banku Etikoak kooperatibak dira maiz. Ohiko banku batean akziodunen batzar nagusian akzio bat=boto bat printzipiopean hartzen dira erabakiak. Banku Etikoan sozio bat=boto bat da erabakiak hartzeko printzipioa, eta pisu bera dute ekarpen murritza edo zabala egin duten bazkideek. Bestalde, parte-hartzea ez da mugatzen urtean behin egiten den batzar nagusira. Bankuaren kudeaketaren partaidetza bultzatzeko Banku Etikoak duen organigramak bermatzen du bazkideen parte-hartzea: lurraldekako lan taldeak, lurraldeen arteko taldeen koordinazioa, finantzatuko diren proiektuen bideragarritasunaren azterketa gizarte eta ingurumen ikuspuntutik egitea… Beraz, Banku Etikoaren gobernantza parte-hartzailea eta demokratikoa da.
Austeritatea da gobernantzaren berezitasun bat. Ohiko bankuetan gutxieneko soldataren eta lehendakariak irabazten duenaren aldea 1 eta 1.000 artekoa denean, 1 eta 6 artekoa da Banku Etikoan. Zuhurtasuna eta berdintasuna.
Egia bada kapitalismoaren bihotza banku-sistema dela, egia da baita ere gure aurrezkiak zein eskutan uzten ditugun jakitea onuragarria izan daitekeela, nahiz eta, bestalde, jakin, sistema kapitalistaren aurkako Banku Etikoen ekarpena apala dela.