Martina Ibaibarriaga, gerrillari bizkaitarra

Martina Ibaibarriaga, gerrillari bizkaitarra –

Martina Ibaibarriaga, gerrillari bizkaitarraEuskaldunen artean emakumea ezinbesteko elementua izan da beti, ez da inoiz bazterreko pertsonaia izan. Euskal emakumeek denetik egin dute, izan dira, ama, emazte, artatzaile eta txaman denbora berean. Jakin dute borrokatzen armak eskuan eta ,urrutiko lurraldeetan abenturak izaten kontratuak izenpetu dituzte eta negozioak kudeatu. Ez da nehoiz gizona baino guttiago izan, ezberdina baizik, hori bai, bet. Martina Ibaibarriaga gerrillari eta borrokalari berriztarra izan zen horietako adibide bat. Ikus dezagun:

.

Frantses armadak Bilbo hartu zuenekoa

Martina Ibaibarriaga Elorriaga Bizkaiko Berriz herrian sortu zen 1788ko urtarrilaren 26an, eta San Joan Bataiatzailearen elizan bataiatu zuten. Aita, Jose Ibaibarriaga Gerena-Amezti gerrikaiztarra zen eta ama, Matxalen Elorriaga Arteaga, berriz, berriztarra. Aita botikaria zen eta Bilboko Zazpikaleetan bazuen bere negozioa. Horretaz bizi ziren, aipatu gurasoak eta lau seme-alabak, hiru neska -horietako bat Martina- eta mutil bakarra.

1808ko agorrilaren 16an, frantses armada napoleonikoa Bilbon sartu zen, bertakoen defentsa handia gainditu ondoren, eta gerla guztietan bezala, izan ziren triskantzak, hilketak eta lapurreriak. Kontatzen denez, ibaibarriagatarren botika-dendan sartu eta bertan ziren aita eta neba hil omen zituzten. Orduz geroztik, Martina frantsesen aurkako borrokan aritu zen buru-belarri, eta soldadu gisa, gainera, garaiko beste emakume askok egin zuten bezala.

.

Martina gerrillariaren ibilerak

1810ean, Ibaibarriaga familia Durangon bizi zela, frantsesek Martina atxilotu eta galdekatu zuten, Belard Besamotzaren gerrillarien artean, eta gizonez jantzita, ikusia zutelakoan. 1811n, Martinak berrogeita hamar gizonez osaturiko gerrillari taldea antolatu zuen eta herriz herri, bidez bide, ibili ziren frantsesen ustiaketak eta antolamenduak erasotzen. Badirudi, jarduera horretan ibili ahal izateko, inguruko baserrietan era guztietako elikagaiak hartzen zituztela, inolako baimenik eta ordainik gabe. Hori dela eta, aipatu laborariek frantsesen aurkako gerrillaren buruzagiengana jo zuten Martinaren gizonek egiten zutena salatuz. 1811ko ekainean, Espoz eta Minaren gerrillariek Martina eta bere gizonak atxilotu zituzten eta halamoduzko epaiketa baten ondoren, zortzi gizon fusilatu zituzten. Martina salbatu omen zen emakumea zelako. Orduz geroztik, Frantzisko Longaren tropan sartu eta hortxe ibili zen borrokaz borroka. 1813ko ekainaren 21ean, Gasteizko gatazka ospetsuan borrokatu zen, koronel graduazioaz eta erregimentu baten buru zela. Gatazka hura irabazi ondoren, Wellington jeneral ingelesak (gerora Donostia suntsitu eta sarraskitu zuen genozida) Martina ezagutzeko parada ukan zuen. Kontatzen denez, emakumea zela ikustean, izugarri harritu omen zen.

Gerra ondorengo urteak

Gerla bukatu ondoren, Martina bizimodu zibilera itzuli zen. Haatik, lehen urteetan, epaiketa bati aurre egin behar izan zion, bide-lapurreriaz salatua izan baitzen. Epaiketatik libre atera zelarik, kapitain graduazioa eman zioten.

1812an, gerra garaian ezagutu zuen Felix Asenjo tenientearekin ezkondu zen, eta senarraren herrira, hau da, Bureba eskualdeko Oña herrira bizitzera joan ziren. Gerora seme bat izan zuten. 1849ko ekainaren 6an, hirurogeita bat urte zituela, hil zen eta Oñako hilerri berrian zuten ehortzi. 1883ko maiatzaren 7an, Martinaren biloba zen Ricardo Blanco Asenjo jaunak narrazio luze eta erromantikoa idatzi zuen Madrileko El Imparcial izeneko egunkarian. Hortxe asmatu zituen luzaz Martinaz kontatu izan diren faltsukeriak: gerrillarien artean sartu ahal izateko neba hil berriaren arropaz jantzi zela, Zaragoza hesituan borrokatu zela, gerra gizonaz jantzita egin zuela…, eta abar.

Gasteizen, Lakua auzoan, bada Martina Ibaibarriagaren izeneko kale bat eta 2013an, Ascension Badiolak Martina guerrilera (Martina gerrillari) izeneko eleberri historikoa argitaratu zuen, oihartzun handia izan zuena. 2018ko urtarrilaren 26an, Euskadi irratiak, Faktoria izeneko atalean, Martinari buruzko irratsaio bat plazaratu zuen, biziki entzutetsua izan zena. Martina Ibaibarriagaren bizitzak horretarako eta gehiagorako ematen duelakoan nago. Ene aburuz, gerora ere, haren ibilerari buruzko aipamen eta idazlan ugari izanen dira. Geroak erranen.

Martina Ibaibarriaga, gerrillari bizkaitarra

Euskaltzalea eta irakasle-ohia