Ertzainak eta euskara

Ertzainak eta euskara –

Aurten, jakina denez, 1993z geroztik -orduan, lehenbizi, 600 eta gero 1.200 plaza atera ziren-, egin den plaza-deialdi zabalena egin da: 700 plaza. Ertzain berriak gai izango al dira euskaraz egiteko?

Ertzainak eta euskara1993an, ETAren eta Espainiako guardia zibil eta polizien arteko gudua gorienean zegoen, eta EAEn Ardanza lehendakari eta Atutxa barne-sailburu zirela, ertzaintza ere ETAren aurkako borrokan guztiz engaiatua zebilen. Gogoan dut, esaterako, 1991ean, Tturko Ormazabal hernaniarra eraila gertatu zen enfrentamendu armatuak zenbat zeresan eman zuen. Euskal gizartearen zati batentzat, ertzaintza euskal guardia zibila bilakatu zen, eta beste batzuentzat, terroristen aurkako heroiak, guardia zibil eta poliziekin batean.

Nik uste, ez zela euskaldun asko aurkeztu plaza haietara, eta euskaraz jakitea ere ez zen eskatzen, zertxobait bakarrik baizik:

11.1.b. oinarri-arauan jaso den prestakuntza aldiaren bigarren fasea bukatzen denean, euskaraz dakiten neurtzeko saio bat egin beharko dute saio-aldiango funtzionariek. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ematen dituen ikastaroetako laugarren mailari dagokion zailtasuna izango du ariketa horrek.

Euskara maila horrekin, onenean, turista gisa ibiltzea dago euskaraz egiten den lekuetan; kafe bat eska dezakezu edota euskaraz trebatzen lagundu nahi dizunarekin, elkarrizketa labur bat, biok nekatu eta gogaitu arte, baina ez zara gauza elkarrizketa informal xume bat euskaraz egiteko euskaldun arrunt batekin. Orduan sartu ziren ertzainetatik euskaraz normal samar egiteko gai direnak zenbat ote dira?

1993tik 2020ra eginda, denok dakigun bezala, egoera politikoa asko aldatu da, nahi genukeen bezainbeste ez, baina aldatu da, eta oso litekeena da euskaldun gehiago aurkeztu izana.

Oraingo honetan, zer eskatu da? 450 plazetan B2 egiaztatu behar dute, EGAk adierazten duen maila baino bat gutxiago, eta 250 plazak ez dute derrigortasun datarik; horrek esan nahi du maila hori orain ez eduki arren, gerora, epe baten buruan, egiazta dezaketela, esaterako, liberaturik euskaltegietara joanez.

Eskatzen den maila horrek bermatzen al du ertzain horiek euskaraz egin nahi duenari euskaraz egingo diotela? Hizkuntza-eskakizun hori egiaztatua dutenen artean, euskaldun mota ezberdinak egon daitezke. Batzuek, segur aski gutxienak, etxean eta eskolan ikasi dute, eta ahoz maila aski ona badute, baina idazteko ez dute erraztasunik eta ez dira gai EGA (C1) gainditzeko. Horiek badute ahoz gaitasun aski euskaldunekin euskaraz egiteko. Eta B2 eskolan eta/edo euskaltegietan atera dutenek, atera berri badute, badute gaitasuna, baina atera zaharrek, euskaltegitik kanpo praktikatu ez badute, arrazoiz pentsatzekoa da gazteleraz egingo dutela guztiekin. Horixe da errealitatea, halako tipologiakoek ez dituztela euskaldunon eskubideak bermatuko.

Beraz, uste izatekoa da deialdi honetan plaza lortzen duten 700 ertzain horietatik erdia ere ez direla gai izango euskaraz hitz egin nahi duenarekin euskaraz egiteko, eta horrenbestez, lehen hitza euskaraz egiteko eta jarraitzeko; segur aski gaztelaniaz hasi eta buka egingo dutela.

Egia da, bestalde, euskaldun askotxok, badaezpada ere, ertzainari erdaraz egingo diola. Horri buelta emateko jendaurrean ibili behar duten ertzainek ahoz, gutxi gorabehera, EGAk (C1) adierazten duen maila izan behar dute -salaketak eta idazten dituztenek idatziz ere bai-, eta lehen hitza euskaraz egin behar dute.

Ertzain-plaza hauetara aurkezteko gaztelaniazko informazioan, honako gonbidapen hau dator webgunean:

El acceso a la Ertzaintza, como plaza de carácter público, tiene asignado un perfil lingüístico que garantice el conocimiento básico del euskera, pero en el caso de estas oposiciones, no es obligatorio y se valorará en la fase de concurso según el nivel exigido.

Garbi dago mezu hori erdaldunei zuzendua dagoela, eta horrek susmoak baieztatu baino ez ditu egiten.

Badago beste puntu bat mingarria euskaldunontzat deialdi honetan, eta gisa honetako beste deialdietan ere, askorentzat onartezina eta ulertezina ere gertatzen dena, eta da lanposturako eskatzen den hizkuntza gaitasunetik gorako tituluei puntu bat bera ez zaiela ematen lehiaketan, eta, aldiz, atzerriko hizkuntzen tituluei bai. 700 plaza horietako bat lortzeko lehiaketan, EGA (C1) edukitzeak ez dizu puntu bat bera ere ematen eta, aldiz, First (B2 ingelesez) batek bai. Gauza berdina gertatzen da Eusko Jaurlaritzan ez ezik aldundi eta udal batzuetan edo gehienetan ere. Zer motibazio dauka horrela euskaldunak EGA (C1) edo C2 ateratzeko? Bat ere ez. Zer ematen du aditzera horrek?

Benetan ez dagoela administrazio autonomikoa eta tokikoa euskalduntzeko asmo eta borondate argirik, eta amore ematen dela EAE erdalduna nahi dutenen aurrean, euskaldunon mendekotasunari men eginik geure herrian. Kasik 40 urte eta gero holaxe gabiltza, hots, zinez aurrera egin gabe.

Ertzainak eta euskara

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

19 pentsamendu “Ertzainak eta euskara”-ri buruz

  • potrotaraino 2020-10-19 12:26

    Delituegileak zeintzuk diren ikusita arabiera, errumaniera ere ikasi behar dute, euskarari zama handiago jarriz.
    etorkin gehiago=erdaldun gehiago.

  • potrotaraino 2020-10-19 12:31

    Ez dut ulertzen zergatik euskara hain sutsuki defendatzen dutenek, EHra erdaldun gehiago etortzearen alde egotea (eta asko aktiboki horren alde lanean egotea eta dirua jartzea).

    Gutxi batzuk badira ez dago gaizki, baina hain masibo izanda, ez al da euskararentzat zama handiegia? Ez al ditu euskarak nahiko traba, populazioaren %10 (200.000) erdaldun berriak ekartzeko?

  • Zure ustez “eraila” (nola gorrotatzen zuen Koldo Mitxelenak neologismo hau!) izan zen Tturko aktibistak hilobira berarekin Alfonso Mentxaka ertzaina eraman zuen (“eraila” hitza erabiliko zenuke hemen, Pako?)
    Ertzaintzaren euskararekiko jarrera triste eta lotsaemangarria da, bai, baina urteetan ETAri ipurdia garbitu dion ezker abertzale zuria ez da errugabe afera honetan

  • Orduan “onak” bakarrik izan daitezke erailak? Eta Ertzaintza espainola izatea ETAren errua ote? Tira, segi Patriako zeure episodioa ikustera, delirium tremensak gogor jota zaude eta.

  • Artikulu honek planteatzen duen gaia “ertzainak eta euskara” da. Ez: etakideak, ertzainak eta guardia zibil eta poliziak. Egitate bat da euskara eta ertzaintza ez direla ondo ezkondu erakunde armatua jardunean zela, eta orain ere, uztarrezintasun horrek jarraitzen duela. Eta gaia hori zen.

  • Ergel potrohandiari 2020-10-20 12:05

    Xen Pelar-i:
    “Ertzaintzaren euskararekiko jarrera triste eta lotsaemangarria da, bai, baina urteetan ETAri ipurdia garbitu dion ezker abertzale zuria ez da errugabe afera honetan”.
    Zer ari zara, etikaz? Edo euskararen erabileraz ertzaintzan?
    Zer zerikusi du ETAk, edo ezker abertzaleak ETA babestu izanam ertzaintzaren euskararekiko jarrerarekin? Azal zaidazu hori, mesedez. Esaldi hau zertan oinarritzen duzu?
    Berriro diot, etikaz, edo indarkeriaz ari bazara, ez dut ulertzen zertara datorren iruzkin hau artikuluaren gaia aztertuta. Beno bai, ulertzen dut, bazterrak nahastea, eta aztertu nahi den gaia ezkutatzea.

  • Erabat ados zurekin, Pako: “Artikulu honek planteatzen duen gaiak “ertzainak eta euskara” izan behar zuen. “Ez: etakideak, ertzainak eta guardia zibil eta poliziak”. Horregatik ezin da ulertu gaia zentratzeko Tturkok probokatu zuen zorigaiztoko tiroketa ekarri izana. Baina tira, zure iruzkina eta Garret eta beste morroi tristearena irakurrita, argi gelditzen da herri honetan sektore batek zail duela bere obsesioak eta errealitatearekin harreman patologiko bat atzean uztea…

  • Segurtasun Sailak, beraz Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzan euskararen ezagutzari ez dio inolako garrantzirik emoten. Edo hori agerian uzten du perfil eskakizun honek. Nik daukadan zalantzarik handiena, ezagutza maila altuagoa jarriz gero ea plaza kopuru osoa beteko dan da. Ertzaina izateko aurkezten dan gehiengoa Bilbo handitik bait dator eta zoritxarrez inguru honetan euskarak ez du bere unerik goxuena bizitzen.
    Agian euskal jendartea ertzaina izateko probetan parte hartu dezaten animatzeko garaia heldu da, eta bide batez ertzaintzaren ideosinkrazia apurka apurka aldatzen hasi.

  • Zilegi bekit zuen arteko eztabaidara sartzea, inork galdegin ez badit ere. Atzekoz aurrera hasirik, Tximinok planteatu duenak ituan jo duela esanen nuke, hots, euskal gizarte honetan euskaldunak, (euskal hiztunak) hainbat arlotan behar ditugula; arazoa, beraz, ez da Ertzaintzakoa solik, oraingo honetantxe horretara mugatu dugun arren. Bilboko udal-kirolaren arloan, esaterako, euskaraz dakiten monitoreak eta jagoleak behar omen dira, egitaldiak euskaraz egin ahal izaitearren. Osakidetzan sendagile-erizain gehiagoren eskez gagoz, bai, eta izango ote ditugu euskaraz dakiten sendagile, erizain, zaindari eta abar nahikoak?
    Harira etorriz, Xen Pelarrek ere arrazoai duela uste dut, eta harekin bat nator. Pako Sodupek egin du oker, euskararekin zer (ez zeRRR) ikusirik ez duen gertaera lazgarri bat aipaturik. Oro har, beraz, euskara eta ertzainen arteko harremanez idatzi duena egokitzat har nezake, gauza batzuk atzendu ez balitu, nahita edo nahi bagerik. UGT sindikatuak, Oria abizeneko ertzain baten bitartez, euskararen aurka epaitegian ezarri zuen helegitea, adibide bat. Aipatzeko ere Ertzaintzak argitaratu eta ertzainen artean banatu zuen Poliziarako Hiztegiari euskaldungoak (kultura-arlokoak haretan ere) egin izan dion “hutsunea”.
    Baina, haritik aldendurik, Pako Sodupek (Xen Pelarrek ongi aurpegiratu dion eran) gaiaz beste egin duenean ez du ongi jokatu. Tturko “erail” (?!) zutela eta gizarte zati bat (jendarte?!) Ertzaintzaren aurka jarri zela dioenean…ez dio egia (osoa). Ertzaintza kalera atera baino lehen ERE Orereta-Errenterian Ertzaintzaren aurkako pintadak agertu ziren. “Zipaio” hitza ez zen erabilten hasi Tturko hil (zen, zuten) egunaz gero, lehenagodanik baizen. Berrozin “zerbait” antolatzen hasi zenean Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian “zerbait” agertu izan zen. Antzinan, beraz! Ezker abertzaleak historian egin dituen akats handienetako bat, Ertzaintzaren aurka, hasiera-hasieratik, puztarazi izan duen gorrotoa eta aiher gaixtoa izan da. ¿Ahantzi ote zaigu traineru batean ertzain arraunlari nafar bati egin zioten boikota? Eta zenbat halako mehatxu, bazterketa…eta beste larriagoak ez aipaturik? Joan zen astean bertan, Julen izeneko ertzain bati egin mehatxu eta irainen berri jaso genuen… Ez al zen Sortu hasi ertzain-etxeen aurrean “protestak” egiten, ez aspaldi…EHBILDUk (EAren eraginagatik ziur aski) gelditzea agindu zuen arte?
    Tturko hil egunean ertzain bat ere hil zen (zuten), Sodupek ez du aipatu, orduko “euskaldunon EGUNKARIA”-k ere oso jokaera txarra (gaiztoa) izan zuen, alderdikoikeriaz betea… eta oraingoz ezker abertzaleko zenbait (edo batzuk) lehengo lepotik burua, eta lehengo akats berdintsuetan erori doaz, okerreko bidetik joanki. Gerrazibilkeriak ez garamatza(ke) inora. Nik, behintzat, EHBILDUko kide “aktiboa” naizen aldetik honela dakusat. Ez ainengo oker!

  • Aitortzen dut Tturkorena aipamen desegokia izan dela.

  • Gilen Mejuto 2020-10-20 22:40

    Baina zergatik ez dago euskaldun nahikorik ertzain, mediku, erizain, monitore eta abarren postuak betetzeko? Eta zergatik ez da gehiago euskaldundu Bilboaldea, eta beste hainbat leku, 40 urtean? Bada, euskaraz paso egiten dutenen nahia sakrosantua delako, jakina. Euskaldun guztiek, ordea, espainola ikasi behar, nahi eta nahi ez, eta desoreka horri buruz ez da ezer esaten, munduko gauzarik naturalena eta bidezkoena balitz bezala. Ba hortxe ikusten dut nik arazoaren muina.

  • Euskara komunikatzeko tresna dan einean, Bilbohandian tamalez, ez dago horren beharrik. Ez dago horren behar “naturalik”. Kanpotik datorren inork, inguru hontan komunikatzea gure ba du, gaztelera ikastearekin nahikoa deko. Euskara eta kontzientzia eskutik doaz, herri bat garenaren kontzientzia, eta euskarak euskaldun egiten gaituenaren kontzientzia, hain zuzen. Krisis sakonean dagoena euskal kontzientzia da, eta artikulu honetan aipatzen dana horren beste adibide triste bat gehiago baino ez da.

  • Gilen Mejuto 2020-10-21 06:46

    Behar naturalarena nahiko argudio tranpatia iruditzen zait. Euskal Herrian ez zegoen erdaren behar naturalik, baina inposizio eta kastigu bidez naturalizatu da. Baliagarritasunak sortzen du atxikimendua eta kontzientzia, eta derrigorrak egiten du hizkuntza bat hegemoniko eta hortaz baliagarri.

  • Gilen, zure hitzekin bat egiten dot zeharo, erdararen behar naturalik ez da sekula egon. Baina inposizioaren bidez erdarak nagusitasuna eskuratu eta gure errealitatea hau da, zoritxarrez.

  • Gilen Mejuto 2020-10-21 12:02

    Beharra (premia) sortu egin behar da. Eta beharra sortzeko era, jakina, behartzea (derrigortzea) da, baina boterea behar da behartzeko.

    Beraz, pentsamenduaren esparrura eraman behar dugu borroka, eta, nire ustez, derrigortasunaren eztabaida gizarteratu: euskararen ezagutza derrigortzea justiziazkoa da, demokratikoa (erdara derrigortzea antidemokratikoa den bezala) eta gizartearen (erre)kontziliaziorako bide bakarra.

  • Mendabia moduko bildurri aktiboek ez dute lortuko ertzaintza euskalduntzea. Sedukzioaren bide horrek ez du EAE euskaldunduko. Batzoki eta Herriko tabernetan ere ez dakite euskaraz erantzuten.
    Baina bai Pako arrazoia daukazu. Tturko eta Menchacaren aipamena ez dagoela soberan uste dut: gertaera horrek sekulako lasaitasuna eman zien Espainiako agintariei, orduan ezabatu ziren EAE osoan, batez ere hiriburuetan polizia autonomoak “desplegatzeko” mesfidantzak.
    Hizkuntzaren gerra hau ere Espainiak irabazi du, edo gaztelerak…

  • Javier Ortiz 2020-10-22 22:19

    Tturko eta Mentxakaren heriotzei buruz Javier Ortiz kazetariak idatzi zuena:
    http://www.javierortiz.net/jor/jamaica/dos-vascos-y-un-destino

  • B2 maila atera zaharrek, euskaltegitik kanpo praktikatu ez badute, gazteleraz egingo dutela pentsatzen du Sudupek, eta, beraz, halako tipologiakoek ez dituztela euskaldunon eskubideak bermatuko. Erabat ados nago, noski, eta zera gogorazi dit labour eta simple esanda: B2 maila hori bera dela, ezer eskatzekotan,Osakidetzako lanpostu gehien-gehienek, izan erizaintzako laguntzaile edo izan mediku, duten hizkuntza-eskakizuna.

  • Seguru ertzain euskaltzaleak badaudela.
    Baina oraindik ere ertzainekin euskaraz egin ahal izatea kontatzeko moduko anekdota gertatzen dela esango nuke, oker egoteko beldur gutxirekin: “hi gaur euskaraz egin diat/dinat ertzainekin, eta ondo”. Kontatzeko moduko anekdota izateari uzteko, batetik, ahozko erraztasuna eskatu egin behar da oposizioetan, eta, bestetik, agintedunek kalean ibiltzen direnei edo jendaurrean daudenei esan egin behar diete argi eta garbi: “aizue, lehen hitza euskaraz, eta hala erantzuten badizuete, bigarrena ere bai”. Jakina, horretarako, agintedunek jakin egin behar eta euskara bultzatzeko gogoa eta deliberoa izan behar!