Beste hiru plaza Ahotsenea egitasmoarentzako

Beste hiru plaza Ahotsenea egitasmoarentzako –

Durangoko Azokan ez eze, Literaturian, Araba Euskarazen eta iragartzeke dagoen plaza berri batean zabalduko ditu ateak Ahotseneak.

Bilboko Bira Kultur Gunean batu dira gaur Miren Narbaiza, Ahotsenearen koordinatzailea, Nerea Mujika, Gerediagako Elkarteko Presidentea eta Durangoko Azokaren arduraduna, Eneko Aldai, Araba Euskaraz 2020ren programazio lantaldeko kidea, Inun musikaria, Rafa Rueda eta Mikel Urdangarin musikari eta * Zart kolektiboko kideak, Mauka eta Airaka disketxeetako Cesar Beato eta Iratxe Etxeandia, Forbideen Colours argitaletxeko Aitor Etxebarria eta Irene Prieto, Alberdania argitaletxeko editore Jorge Jimenez eta Elkar argitaletxeko Joanmari Larrate eta Josebe Ormazuri, Ahotseneak 2020ko dituen asmoen berri emateko.Beste hiru plaza Ahotsenea egitasmoarentzako

Izan ere, pandemiaren eraginez, aurtengo Durangoko Azokak izugarri murriztu beharko du egitaraua, tartean, Ahotseneak eskaini ohi duena. Aurreko urteetan, bataz beste, 70 bat zuzeneko musika aurkezpen eta 40 bat solasaldi antolatu izan ditu. Pandemiapeko honetarako, 8 solasaldi eta 35 bat zuzeneko musika aurkezpen baino ezingo ditu eskaini. Hau da, aurreko urteekin alderatuta musika aurkezpenek %50 behera egingo dute eta literatur solasaldiak %80 murriztu beharko dira. Gauzak horrela Ahotseneak aukerak eskaini nahi dizkie Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratuko diren sortzaileei.

Miren Narbaizak, Ahotsenearen koordinatzaileak, azaldu du Ahotsenearen oinarrizko bi helburuak erdiestea erabaki dutela. Batetik, ahalik eta euskal idazle eta musikari gehienei eskaintzea sormen lan berriak erakusteko plazak, eta bestetik, ahalik eta herritar gehienek jasotzea euskal idazle eta musikarien sormen lan horien berri. Horregatik, aurtengo ez-ohiko egoerari erantzuteko asmoz, aukera osagarriak aztertu ditu lantaldeak. Horrela bada, udazkenean antolatuko diren zenbait ekimenetan Ahotseneak plaza aurkitzea izan da helburua Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratu daitezkeen sortzaileentzat.

.

Eskainiko diren plazak

Horrela bada, hainbat ekimenetako antolatzaileekin elkarlanean, Ahotseneak plaza izango du liburu eta disko berriak aurkezteko:

Literaturia (Zarautz, irailak 25-27)
Irailaren 26an, egun osoz, Ahotseneak liburu berrien aurkezpen solasaldiak antolatuko ditu.

Araba Euskaraz (Amurrio, urriak 18)
Jaia bere osotasunean bertan behera utzi badute ere, Ahotsenearekin pandemiaren aurretik ekitaldia berezia adostu zen eta ekitaldia mantenduko da. Horrela bada, 8 musika taldek aukera izango dute zuen lan berriak zuzenean aurkezteko.

– Horiez gain, kultur adierazpide guztiak jaso asmo dituen – literatura eta musika barne, noski – bilduko dituen hirugarren jaialdi bateko deitzaile- antolatzaileekin harremana izan du Ahotseneak bertan ere 2020ko liburu eta disko berrien aurkezpenak burutzeko. Jaialdia udazkenean gauzatuko da.

.

Izen-ematea

Ahotseneak aurten eskainiko dituen plazetan parte hartzeko izen-ematea irailaren 14an zabalduko da goizeko 9:00etatik aurrera www.ahotsenea.eus webgunearen bidez. Sortzaileek norbere arloari dagokion hiruna plaza izango dituzte euren lan berriak aurkezteko. Idazleen kasuan Literaturian, Durangoko Azokan eta iragartzeke den jaialdian, eta musikarien kasuan Araba Euskarazen, Durangoko Azokan eta iragartzeke den jaialdian. Lehentasunen arabera aukeratu beharko dute.

Aurten inoiz baino garrantzia handiagoa izango du euskal sortzaileen lanek ahalik eta oihartzun eta irismen handiena izatea. Gure kulturgintza ataka estuan dago, datozen urteak ez dira batere samurrak izango kulturgileontzat eta albait arinen abiarazi behar dugu elkarrekin lan egiteko dinamika iraunkorra. Ahotsenea kultur elkarteak auzolan, elkarlan, sinergia eta aliantza dinamika iraunkorra abiarazteko asmoa du euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileekin, hala nola sortzaileekin, antolatzaileekin, bitartekariekin, hedabideekin, hezitzaileekin eta zaleekin.

Beste hiru plaza Ahotsenea egitasmoarentzako

Beste hiru plaza Ahotsenea egitasmoarentzako