Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko eskaria ia itzali du

Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko eskaria ia itzali du –

IRUÑEKO UDALAK HAUR ESKOLETAN EUSKARAZKO ESKARIA IA ITZALI DU

Iruñeko haur eskoletan aurre matrikulazio datuak aztertuta, Iruñeko Udaleko gobernu taldeak bere asmoarekin aurrera egitea lortu duela dirudi, euskarazko eskaintza murriztuta.

Gure taldearen balorazioa, ordea, hauxe da:

LEHENENGOA.- Gurasoen hautua oso baldintzatuta dago. Udala da euskarazko eskaria noraino iris daitekeen erabakitzen duena. Aurreko gobernu taldeak eskaintza zabaldu zuen (ongi egina), baina hori ere eskaintza mugatua zen, auzo gehienetara iristen ez zelako.

BIGARRENA.- Haur Hezkuntza ez da derrigorrezkoa. Beraz, gurasoek ez dute plaza ziurtaturik. Guraso biek lan eginez gero, plazarik ez lortzea arazo handia da. Eskariak urtero gainditzen du eskaintza erraz (aurten krisi ekonomiko berriarengatik gutxiago nabaritu arren, haur eskola publikoetan ere ordaindu egiten baita). Horrek eragiten du gurasoek jotzea plaza asko eskaintzen dituzten haur eskoletara. Normalean, hurbilenekora (askotan senideren batek txikia eramateko ardura hartzen duelako, gehienetan aitonak edo amonak). Hizkuntz hautua, bigarren edo hirugarren mailakoa bihurtzen da (gainera, bi urte igarota, berriz plantea daiteke). Ondorioa: Hizkuntz hautuan Udalaren jarrerak askoz gehiago eragiten du gurasoen borondateak baino. Dagoenera moldatu beharra onartzen dute.

HIRUGARRENA.- Iruñeko Udalak euskarazko eskaintza bi haur eskoletara mugatu badu (batean, gaztelania/ingelesa ere sartuta), auzo gutxitan izan da benetako lehia euskarazko eta gaztelaniazko ereduen artean. Donibanen eta Arrosadian, bigarren urteko haurrek soilik zuten aukera euskarazko hautua egiteko (gehienbat, aurreko urteko gurasoak). Beraz, alderaketak egitea oso zaila da.

LAUGARRENA.- Arrotxapean, haur eskola batetik haur eskola erdira murriztu da euskarazko eskaintza eta hori nabaritu da. Goiz Ederren euskarazko eskariak erraz gainditu du gaztelania/ingelesezkoa (47 eta 24), baina gaztelaniazko Haurtzarok ere plazak eskainita, balantza gaztelaniaren alde atera da (47 eta 61). Txantrean euskarazko Izartegik ganditzen ditu Hello Egunsenti eta gaztelaniazko Santa Teresa, biak batera hartuta ere (38 eta 24). Garaipen erraza baina, hala ere, 12 plaza bete gabe geratu dira Izartegin. Horrek adierazten du euskarazko haur eskola bakarra haur gutxi duen auzo batean dagoela. Nagusi da beste bi haur eskolen aurrean, baina ume eskasia pairatzen du.

BOSGARRENA.- Nafarroako Gobernuak bi haur eskoletan eskaintza bikoitza eskaintzen du (euskaraz eta gaztelaniaz). Aurten Alde Zaharrean (Nuestra Señora de los Angeles) euskarazko eskariak gaztelaniazkoa gainditu du (24 eta 21). San Jorgen sendotu da euskarazko eskaria (20, horietatik 5 ume itxaron zerrendan geratu dira), baina auzo horretan gaztelaniazko eskaera handiagoa da (38).

SEIGARRENA.- Lehia zuzena izan den auzoetan euskarazko eskaria ez da gaizki geratu, baina hiriko emaitza orokorra erabat baldintzatzen du Udalaren eskaintzak (gaztelaniaren alde erabat lerratuta). Herri Haur Eskolaren proiektua ez da aurrera atera. Pandemiaren garaian antolaketa arazoak izan ditu. Hala ere, garbi geratu da auzoz auzoko borroka dela egin behar dena, eskaintza zabaltzeko. Gurasoen kezka nagusiekin batera joatea dakar planteamendu horrek. Auzo guztietan euskarazko eskaintza zabaltzea ezin da gaitasunik gabeko Plantillak baldintzatuta egon. Udalaren ardura da langile egokiak aukeratzea eta hori orain boterean dagoen taldeak jakin behar luke eta baita ere oposizioan dagoenak.

 

2020-08-20

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA

Administrazioan Euskaraz Taldea

2 pentsamendu “Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko eskaria ia itzali du”-ri buruz

  • Ito nahi gaituzte eta erdiesten ari dira. Zertan ari ote dira gure politikoak?

  • “Dagoenera moldat beharra onartzen dute” Eta dagoena UPN eta Psoek ezartzen digute.
    Agintari “euskaltzaleek” gehiago egiteko prest ez badaude, euskalgintza gero eta ahulago baldin badago eta gurasoak “dagoenera moldatu beharra onartzen” badute, zer da egin beharko genukeena?
    Geldirik egon behintzat ez