Ordutegi anabasa
Ordutegi anabasa –
Lagun baten aitak futbolera joateari utzi dio ordutegiengatik. Lehen, zelaira joateak aitarekin hiruretan etxetik ateratzea suposatzen zuen, geroago, igande arratsaldeko denbora-pasa seme-alabekin eta orain errituala anabasa da, ordea. Inoiz ez daki partida noiz jokatuko den eta zaila egiten zaio asteburua antolatzea, astelehenean ez badu joan behar, noski. Futbolean ez ezik, beste esparrutan ere ordutegien kaosa kolosala da: laneko mezuak igandean 22:30ean, kuadrillarenak astelehen buruzuri batean 00:45ean (ez duzue lorik egiten ala?) edota telefono konpainiaren deia bazkaldu bitartean, ostiral iluntzeko 20:00ak ez badira (kontratu eguneratu berri dugu, eskerrik asko zure arretagatik, ez deitu gehiago, arraio!).
Ez dugu ikerketa soziologikorik egin behar arrazoiak asmatu nahi baditugu: dena dugulako eskura, nahieran erabiltzen dugu, taupadaka, eta kortesiazko minimoak pantomima hutsa bilakatu dira. Nork ez du nahita desordutan deitu bere burua “barkatu molestatzearren, ondo harrapatzen zaitut?” aurkeztuz, hil ala biziko kontua ez bazen arren? Nolanahi ere, aurretik aipatutakoa huskeriak dira. Nekosoak bai, baina saihesgarriak ere bai, gailua amatatzea aukera bat baita. Gainera, anabasa alde biko ezpata da eta, botere handia izateak erantzukizun handia ei dakarrenez, erabilera okerra dibertigarriagoa da, beti. Bada, nork ez du pentsatu goizeko 03:00etan izorratu zaituenaren etxera deitzea mendekua hartzeko? Ostiral edo larunbata izanez gero, eta laguna ez badago ondoan, jakina, ordu-aldaketari egotzi dakioke deia. Bada, nori bururatzen zaio ordutegiak Txinara begira antolatzea?