Bihar edo etziko euskara

Bihar edo etziko euskara –

Aiton-amonen euskara ezagutu dugunontzat begibistakoa da hurrengo belaundaldiena ez dela ber-dina izango. Noski: hizkuntzak etengabe aldatzen dira denboran eta espazioan zehar. Aldaketaz-aldaketa, Hizkuntza bat beste bihur daiteke. Hala gertatu zen orain gaztelania deitzen dugunarekin, lehen latina zela, beste Hizkuntza bat. Euskara lehen nola deitzen zen ez dakigu eta betikoa dirudi. Baina euskara ere beste zerbaitetik dator eta aldatzen jarraituko du. Agian orain lehen baino lasterrago.

Bihar edo etziko euskaraEz dakigu zergatik aldatzen diren hizkuntzak lasterrago edo polikiago. Badaude hipotesiak, baina ez da hau horretan sartzeko lekua. Bakar-bakarrik aipatuko ditut gaurkorako garrantzitsu diren hizkuntz itxuraldatzearen bi bultzatzaile. Bata hizkuntzaren ahulezia da. Dirudienez, egoera soziologiko txarrean dauden hizkuntzak (hiztun erlatiboki gutxiegi dituztenak alegia) errazago aldatzen dira: ondoko eta gaineko hizkuntza indartsuagoaren baliabideak hartzen dituzte hiztunek. Paradoxikoki hizkuntza ahulen indartze sozialak (egungo euskararenak bezalakoak gutxi!) areagotu egin dezake hizkuntzaren erdaratzea.

Erraz ikusten dira gaurko hiztunari ziurtasuna eta hizkuntzari sendotasuna kentzen dioten zenbait arazo: lehen etxerako bakarrik erabiltzen zen euskara orain lanean, politikan, hedabideetan erabiltzea; euskaradun askok heldutan ikasi izana hizkuntza; estandarra (batua) herenegun sortua izatea. Horiek guztiak bakarka on dira hizkuntzaren biziraupenerako. Hizkuntza bat ez da osoa etxean bakarrik erabiltzen bada; hiztun berririk gabe, euskarak jai; estandarrik gabe, euskalkitan sakanbanatuta, ez litzateke aurrera aterako euskara. Kontua da denak batera eta hain epe laburrean gertatu izanak dakarrena. Muturrera eramanda pronostikoa, agian bihar-etziko euskarak ez du ergatiborik izango, mugagaberik ere ez. Hitz ordena ere urtzen ari da: «Nator korrika», «Korrika nator» bezain maiz entzuten da… Tira. Beharbada hizkuntzalarioi bakarrik axola zaizkigu halakoak. Beharbada inportanteena da euskarak nola edo hala irautea eta, hedatzen ari den ideia bati eusteko, gaztelaniatik aski bereiztea: herri bat hizkuntza bat eta, gaztelania hemendik desagertuko balitz, hobe (adi ideologia horrekin).

Gauzak txukunago egin genitzakeen, baldin eta ez bagintzaizkio lotu ahalik eta gehienek euskaraz bi egunetan egiteko ametsari. Mitxelenak zioen euskara indartsu zegoen lekuetan zaindu behar zela eta elikatu, gainerakoetara kontuz zabalduz joan. Ziurrenik euskara ulertzeko ikastaroak eman behar izan ziren eta ulertzaile-agiri bat ofizialdu gehiago nahi edo ezin duenarentzat: zekitenak eta ikasi dutenek euskaraz egin eta ulertzaileek erdaraz… Beranduegi honezkero horrantz abiatzeko. Kode biko elkarrizketen esperimentua baino nahiago izan da nola-hala euskaraz egitea ahalik eta gehienek. Hortik, batzuetako egoera xelebre samarra: gaztelaniaz erabat sendo diren helduak komunikazio murriztura kondenatuta besteren aurrean menperatzen ez duten euskaraz egin behar horretan. Etorriko al da euskararen biziraupena hortik? Etorriko ahal da!

Uste dut aski erakutsi dudala kezkatzen nauela euskararen kalitateak. Haatik erabat gaitzesten dut Gasteizen gertatzen ari denak. Eskola zenbaitetan, euskararen kalitatea oinarri hartuta, haurrak «segregatu» (nahita mailegu hori konnotazio txarragatik) egin dituzte: euskara etxetik dakartenak ikasgela batera, etxean euskararik egiten ez dutenak beste batera. Pedigree-dunak eta gabeak. Hizkuntza, komunikazio tresna beharrean, hesi.

Hain da itsusia egin dutena, non ez lukeen mereziko gai linguistikoetan sartzea ere. Zalantzarik gabe maniobra zatar horrek ez du euskara akasgabea bermatzen hautatuengan, agian beste gelakoena baino pixka bat hobea? Eta, horiekin nahasten direnean goragoko mailetan zer? Pedigreedunak harro eta besteak lotsatuta? Ez al da orduan hondatuko elitearena ere? Ziurrenik, gainera, guraso batzuek gezurra esango dute etxean egiten den hizkuntzaz, gela «onera» joateko beren haurrak. Onura linguistikorik ez. Kasta-kultura bai: hizkuntza txikituaren barruan erabat makur…

galde

Galde 27 Negua/2020

Bihar edo etziko euskara

14 pentsamendu “Bihar edo etziko euskara”-ri buruz

  • Interesgarria da Gasteizko kontu hori. Beharbada, irudi osoago bat egitekotan, komeniko litzateke jakitea, nahiz segur asko ezinezkoa izan, ea zenbat haur, etxean euskararik egiten ez duten horietatik, sartzen dituzten euskarazko lerroetan zertarako eta etorkinen geto bilakatu diren eskoletatik aparte edukitzeko. Segregazio ekonomikoaren izenean, alegia.

  • euskaldun bat 2020-01-02 15:17

    Garrett, zeu zara mestizajearen eta aniztasun kulturalaren alde idazten duena. Dagoeneko hasi gara ikusten arazoak. Jarraitu, jarraitu…

  • euskaldun bat 2020-01-02 20:25

    Garrett, artikulu hau zuretzat:
    “Récord de ocupación en Alemania que busca extracomunitarios cualificados” https://www.expansion.com/economia/2020/01/02/5e0de89ae5fdea24188b4594.html

    Artikuluko azken “La precariedad, el reverso de la moneda” irakurtzeaz ez ahaztu.

    Laburpena: eskulana merketzeko beste helbururik ez dute inmigrazioarekin, Merkelek enpresa handien eskaerak bete besterik ez du egiten. Ikusi egin behar da hemengo ezkez iraultzaileak ere nola laguntzen duen postulatu horietan! Galduta zaudete, galduta. Ea noiz aurkitzen duzuen argi pixka bat.

  • Natural naturala da, aiton-amonak aipatu gabe, edo aitatxi-amatxi haiek, gehieneak analfabeto erabatekoak, eskola batetan bertakoak normal antolatzea, eta bertakoak ez direnak, ikus dezagun zer egiten den Alemanian, Frantzian, Italian edo beren buruan sisneten duten lurraldeetan. Natural natural. Lurdes hori, ez dakit zergatik idazten duen bere izena frantsesez, hori bai, natural natural. Eta tartea badagoenez, galdera bat, zergatik ez du idazten, izkribatzen euskaraz, ez euskeraz, bere aiton-amonen testu- maila jasoan?

  • Peru_Gabiriko 2020-01-08 12:02

    Lourdes, ez zara ba zu prestigo eta izen handiko hizkuntzalaria, artikulu honetan garbi adierazten duzun bezala? Zertara dator, orduan, unibertsitate giroko aldizkari honetan gure akatsaren sintomak aditzera ematea? Azkarra zara, gero. Ez zara zu gai honetan profesionala? Zergatik ez dituzu mahai gainean konponbideak ipintzen eta adierazten, “lehen egin izan bagenu…” eta antzeko kritika inteleZtualak kexuz adierazi beharrean?

    Pentsalari “sakon” hauen poseak gogaikarriak dira benetan.

    Besteren gaineko talaia besteoi erakustea biziki gogoko dute. Ez dira territorian sartzen sekula, beti goitik, “helicopter vision”, mapak eta kartografiak erregelarekin marrazten, beti trazo txukunak egiten.

    Horretarako kobratzen dute…

  • Begirune guztiarekin bada ere, ohar labur bat Oñederra andreak bota duen boutadea dela eta.

    Alegia, Gasteizko ikastetxeetan bakanka baino gertatzen ez den ikasle-bereizketa horren arrazoia ez da, berak dioen bezala, “euskararen kalitatea” ziurtatzea.

    Oñederrak ongi asko ezagutzen duen Coopper-en “Language Planning and Social Change” liburuari begiratu bat ematea besterik ez du, gogoratzeko zer-nolako egoerak aurkitzen diren acquisition planning delakoa ikastetxeetan abian jartzean, ez bide baitira berdinak ikasle erdaldunek hizkuntza berria eskuratzean erakusten dituzten premia pedagogikoak eta euskara etxetik dakarten ikasleenak.

    Hortik dator, funtsean, mantentze-eredua eta murgiltze-eredua modu desberdinean tratatzeko ahalegina. Eta ez inolaz ere segregazionismo edo pedigree-asmoetatik.

  • Ados Meredithekin. Oso kritika larria (merkea bezain) iruditu zait Oñederrarena. Euskararen erabilerarekin kezkatzen diren ikastetxeetan hamaika lan dauzkate euskararen erabilerari nola edo hala eustearekin. Hortik datoz horrelako saiakerak, eta ez inor baztertzeko asmotik. Baina batzuk (gero eta gehiago) hain dira kosmopaletan eta mordorno, ze, segregazio ikusten baitute soilik españolez jardutea ez den ekimen guztietan.

  • Zein erraza da besteek egiten dutena kritikatzea alternatibarik eman gabe. Artikulugileari zera erantzungo nioke, hizkuntza desberdinak irakasten dituzten akademietan horrela sailkatzen dituzte; jakintza mailari begiratuz. Hori bai, horrek balio du Espainolerako, Frantseserako, Alemanerako, Ingeleserako,… baina Euskararako ez! Nola ba ikasi gainontzeko ikasgaiak ardatz-ikasketak gutxieneko hizkuntz gaitasunik gabe? Mirariak Lourdes-en!

  • Are gehiago. Erranen nuke seme-alebei dagozkien kontuetan ama edo aita ez denak ez duela hanka sartzerik.

  • Peru_Gabiriko 2020-01-09 23:57

    Zomorrio! Aho itxiak ere ez dik zozokeriarik iaulkitzeko arriskurik

  • Jakin Gasteizko zenbait eskoletan euskara etxetik dakartenak (eskola publikoetan oso gutxi dira, tamalez) gela desberdinetan segregatzeko irizpidea ere badagoela. Zer lortzen da horrekin? Gaztelania komunikazio-tresna izatea ikasleen artean, baita etxean euskaraz hitz egiten dutenen kasuan ere. Gaztelera nagusi den egoera horretan ezinezkoa da euskararen erabilera bermatzea.

  • Bakakizu. Murgiltze eredua dugu bidea.

  • Besteren batzuek ere erantzun duten bezala, euskararen erabilera dago horren atzean, eta ez besterik. Hara, eremu euskaldunean denak batera jarri behar dira, nagusi diren euskaldunen artean erdaldunak berez euskaldundu daitezen, baina, euskara nagusi ez den herrietan, murgiltzea alderantziz gertatzen da, euskaldun elebakarrek euskara gorde egiten dute, eta gehiengoaren joeraren mendean geratzen dira. “Erdaraz ere ikasi beharko dute” esango digu sasiunibertsalistaren batek. Ikasiko dute, lasai; baita irakatsi gabe ere, kalearen indarrez; baina ez noa hortik.

    Euskal Herriko erdal herrietan, Euskal Herriko herririk gehienetan, murgiltze prozesua alderantziz egiten ari gara (esate baterako, nirean, Leioan): erdal herrietako ume euskaldunek gaztelania besarkatu eta hori bakarrik erabiltzen dute, hara. Errealitatea hori da. Aspaldian nabil ni hori eskatzen, E eredua esaten dot nik: herri ez-euskaldunetako eskoletan gurasoei aukera hori eskaintzea, euskaldunak batera jartzea, talde bat osatzeko adina badira behintzat. Eremu euskaldunean, ostera (akaso Oñederrarenean), hobe da denak batzea.

    Baina demagogia egiteko tentazioa handiegia da, Lourdes. Polemika sortzeko eta blogari irakurle kopurua handitzeko bakarrik justifika daiteke artikuluan botatzen duzun okada. Oso ikuspegi bihurria hartzen duzu, ezaina, merkealdiko demagogiaz blai. Irakurria dizut hori baino hoberik, zorionez.

  • Nik ere, artikuluaren azken parteari buruz bi hitz, jaurtikitako salaketak harritzeaz gain, gaitzitu nauelako. Abiapuntu oker xamarra ez al duzu hartu, Lourdes? Eta gainerakoan ez ote zaituzte aurreiritziek itsutu? Hala iruditu zait niri, eta apal zein asmo onez nahi nuke zerbait erantzun.
    Gasteizko eskola batzuetan euskara etxetik dakartenak ikasgela batera zuzentzen dituzte, etxean euskararik egiten ez dutenak, berriz, beste batera, eta hori, “euskararen kalitatea oinarri hartuta”; hala esan duzu, Lourdes. Hasteko, ez da orain Gasteizen hasi den zerbait. Hizkuntza gutxitua eskolaren bitartez berreskuratu nahi izan den herrietan eratu dira mantentze-ereduak eta murgiltze-ereduak. Kanadan hasi ziren aspaldi. Elebiduntzea helburu, ondorio onak erdietsi zituzten bai ingeles hiztunek bai eta frantsesek ere. Eta guk haiengandik ikasi, W.E. Lambert-en eskutik, J. Cummins-enetik, eta beste askori jarraitzen hasi gintzaizkion. Hori zen helburua, alegia, elebitasun gehigarri bat eragitea, edozein zela etxeko hizkuntza. Horrenbeste badakikezu, noski. Beraz, zertara dator esatea “maniobra zatar” deitu duzun horren oinarria euskararen kalitatea bermatzea dela? Nahi dena da, berriz diot, ikasleek dakiten hizkuntzari, bestea gehitzea eta berena hobetzea, maila ona erdiestea bietan. Eta horrek, erritmo eta metodologia egokituak eskatzen ditu eskolatzearen lehen urteetan, hau da, eredu desberdinak: hortxe gakoetariko bat, ez bakarra, haatik. Mantentze-ereduari bagagozkio, azpimarra dezagun gizarte-presentzia urria duen hizkuntzaren erabilera indartzen duela eredu horrek, haren aldera den atxikimendua ahalbidetzen, bestela, haurrek etxekoa gutxietsi eta alde batera uzten baitute. Beraz, otoi, gai honi dagokionez, utzi segregazio hitza ulertu ez, edo asmo txarrez ari direnentzat, egiten den planteamendua ikasle mota guztien mesedetan baita, ez pedigree kontu batengatik. Gehiago esango dut, pena hartzen dut maiz, guraso eta irakasle askoren artean, didaktika-ezagupen edo prestakuntza eskasaren faltan, nire ustez, entzuten baititut ghetto-arriskua eta halako argudio makur bezain errazak erabiltzen gai honetaz ari direla. Auzi giltzarria dugu hau, gutxiago aipatu eta dakitenen artean gehiago landu behar dena. Gurasoak entzun, hitz egin, baina ez utzi haien artean talka egiten, elitismoa eta beste argudio okerrak tartean direla.
    Osa dezagun esandakoa orain, eskas litzateke eta, horretan uztea arrazoiketa. Hain zuzen, ez baitira jadanik euskara eta gaztelania bakarrak haurrek etxetik dakartzaten hizkuntzak, ama-hizkuntza gehiago dira eskoletan, hortxe koska nabarmena. Hortxe dudak eta behar berriak. Konplexutasun handia sortu da. Hezkuntza Sailak behar luke egoera hori funski aztertu eta kudeatu, baina, tamalez, etsipena sortzen du dagoen hutsuneaz konturatzeak. Hori dela eta, gure ikastetxeek ezinbestekoa dute, bakoitzak berean, konplexurik gabe, elebitasun eta didaktika-irizpide benetakoetatik abiatuz, errealitateari moldatuz, denon onerako, segregaziorik gabe (atzerritarren bakartzeaz ari naiz, noski), hizkuntzen plangintza eta metodologia egokiak antolatzea eta lantzea.