Nire hitzarmena

Nire hitzarmena –

Nire hitzarmenaGoogle-n hitzarmena bilatu eta 330.000 emaitza eman dizkit segituan, baina inortxo ere ez da astearteaz gero harrituko, ezta? Gaurko egunkarietara heltzeko ahalmena galdua balu, aldiz, etorkizuneko filologoak nekez asmatuko luke kopuru erraldoi horren azken zergatia. Orotariko Euskal Hiztegia eskura baleuka, erraz asmatuko luke hitzarmen hitza XX. mendearen hasierako neologismoa dela eta, gainera, Iparraldekoa, han hain garrantzizkoa izan den Eskualduna aldizkarian lehenengoz erabilia 1908an. Hegoaldera Mirandek ekarri zuela erabakiko zuen, agian, zehatzago adin batekoak garenok ondo gogoan izango dugun liburu batek: Jon Miranderen idazlan hautatuak (1981). Nolanahi ere, ordutik-edo nolabaiteko ikasketak —hobeto esanda, nolabaiteko irakurketak— ditugun euskaldun guztiok ezagutzen eta erabiltzen dugun berba da hitzarmena.

Hitzartu-tik sortua da, noski, eta hauxe hitz(a) hartu esapidearen lexikalizaziotik, hau da, hiztunek hitz bi zirenak bakarra bailiran hartzetik. Hitza eman eta hartu egiten dugu. Hitza atxiki edo edukitzen dugu, hitzari eutsi ahal diogu, baina hautsi edo urratu ere bai.  Baita kendu ere. Zein esapide erabili beharko dugu aurrerantzean, bihar, etzi edo etzidamu, asteartean egin zen hitzarmenaz hitz egiteko?

PSOE eta Unidas Podemosek egin duten hitzarmen hori hamar puntuz osatua da, hainbeste esanahi esoteriko dituen zenbaki horrezaz, Testamentu Zaharreko jainkoak Moisesi eman zizkion aginduetatik hasi eta Egiptoren gainean ekarri zituen hamar izurrietan buka. Gaitzerdi, gizakiok hebrearren jainko hark baino gauzak ez hain muturrekoak, ez guztiz zuri, ez guztiz beltz egiteko joera daukagu.

Konformatuko ote gara hamarretan zortzirekin edo zazpirekin? Hamarretan bostekin, akaso? Zein dira zure ezinbestekoak, irakurle? Lan duin, egonkor eta kalitatezkoa? Zerbitzu publikoen babesa eta ustelkeriaren aurkako borroka? Klima-aldaketa? Enpresa ertain-txikiak eta autonomoak babestea? Giza-duintasunaren aldeko eskubide berriak? Kultura eskubide izan dadin? Feminismoa? Husten doazen lurraldeak biziberritzea? Catalunya? Zerga-justizia?

Ez dakit, ba, nik ba. Denak ez dira ondo irtengo. Neuk buruan ditudan hiruzpalau hauek sakon aldarazteko modua egingo balute, horietan behintzat merezi duen zerbait egingo balute, ontzat emango nuke. Bestela, zin egiten dut hurrengo hauteskundeetan Rayo gure txakurrari emango diodala bozka, jan dezan.

Nire hitzarmena

Irakaslea, filologoa eta euskaltzaina. Araba.