Zuritasunaren festa

Zuritasunaren festa –

Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian.

Hasieran Espainiako Erresumaren aldia izan zen, eta denok ikusi genuen zer zegoen bosgarren mendeurrenaren kari antolaturiko ekitaldien atzean. Kulturen arteko topaketa gisa erakutsi ziguten hura genozidioaren ospakizuna zen, ez zegoen benetako gogoetarik ez bestelako begiradarik gertatuaz. Orain bozketa egun orori «demokraziaren festa» nola, «Hispanitatearen festa» deitu zitzaion 1992ko mozkorraldi patriotiko hari, eta guk (diferenteak, formatuak, kritikoak beti) atoan hartu genion usaina.

Zuritasunaren festaGero Elkanoren txanda heldu zen, eta nola Oasiak ere bere mitoak behar dituen (ahal bada unibertsalak, homologatuak) igo beharra zegoen olatuaren zurda gainera. Utikan 92 hartatik ikasita, moldatu egin zen diskurtsoa, ustez. Elkanoren balentriak ez zuen zerikusirik proiektu inperialista batekin, euskaldunon izaera ekintzailearekin baizik. Gu ginen onenak munduan itsasontziak egiten, ozeano zakarrak lemaz goldatzen. Jende ausarta izan gara beti, begiratu bestela bost mende ostean gure enpresei, teknikaren berri ona zabaltzen urbi et orbi.

Evo Moralesen kontrako estatu kolpearekin, orduan bezalaxe etorri dira gertaerak, ordea. Zuriak indioa zapaldu du. Demokrazia eskean dabiltzanek itxura fisiko hutsagatik iraindu, jazartu, hil dute bestea. Wiphala kendu dute masta publikoetatik, Bibliarekin sartu dira gobernu egoitzan. Disimulurik gabe, itsusiaren, ezjakinaren, pobrearen kontrako ehiza mendekaria da Camachorena eta Mesarena. Hamahiru urte ez dira nahikoa izan bostehun urteko arrazakeria desagerrarazteko.

Onkerian erori gabe, gauza bat geratu da argi. Hispanitatearen festazaleak, Oasiko apostoluak, Europa kultuan hitzetik hortzera «demokrazia», «unibertsaltasuna», «giza eskubideak» darabiltzatenak, kolpetik isildu dira. Hala komenita, gorde egin dituzte irudiak, mutuarazi hitzak. Orduan bezalaxe, atera egin dute Bolivia mundutik.

Zurikeria horrelaxe garbituko dutelakoan.

Zuritasunaren festa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Zuritasunaren festa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-11-18 11:44

    Wikipedian irakurri dut Bolivian oraintxu gertatua eta ulertu dudanagatik Evo Morales ez da oso fin ibili, hau da, bandejan jarri dio oposizioari? Konstityzioan idatzita bazegoen 3 aldiz baino gehiagoz ezin dela presidente izan, zergatik tematu zen horretan? Oso erraza zuen bere taldeko beste norbaiti uztea Putinek egin moduan. Zergatik ez zuen hori egin? Hain erraz jartzen badiozu aurkariari, gero normala gertatutakoa.

  • euskaldun bat: Berdin-berdina pentsatu dut nik.

    Ta ni saiatzen naiz horrelako aferak (urruneko zerbait, kasu hontan) aztertzen, ideologia alde batera utziz. Zoritxarrez, askori berdin dio zer gertatu den. Bere ideologiatik soilik aztertzen dituzte gertaerak.