Arnas luzekoak
Arnas luzekoak –
Zoritxarrez ez naiz gure hizkuntzaren etorkizunaz ezkor agertzen den bakarra. Baina arazoa potoloagoa da, ez dezagun baztertu, Euskal Herriaren oinarrizko arazo nagusia, artikulazio eza dela; bai juridiko-instituzionala, politikoa, kulturala, linguistikoa, …
Beraz, ez da harritzekoa antzekotasun nabariak izanik, euskaldunak irlandarrei begira egotea, bai nazio gisa, bai euskararen egoera aztertzerakoan.
Hasieratik eta ezer baino lehen, gogorarazi nahi nuke, mailaz-maila, ingelesen oinpean, irlandar nazioa deseginda gelditu zela. Lurralde txiroa. Emigrazio-proletalgoaren barreiatzaile munduan barrena. Bere kultura aberatsa hondatuta. Hizkuntza zabartuta, izan zuten literatura hizkuntza ederra, batasuna galdu eta dialektoetan zatitu zutena.
Klase nagusia ordezkatuz, ingeles jauntxoak nagusiturik. Legeak ezabaturik. Nazio jitea erabat deseginda, Ingalaterrako probintzia baztertu erdeinagarri bat bihurtuz.
Irlandarrek bazuten – eta badute – noski, beren nazio kontzientzia, baino nazio kontzientziak ez dira beti gauza bera. Nire ezagutzak dionez, irlandarren nazio kontzientzia bera da, irlandarren lehenengo berezitasuna.
Irlandar sentitzen dira ikaragarri. Irlandarrak, swahili (Kenia) izan dezake bere ama hizkuntza, baita espainiar armadan ofiziale izan daiteke, edo Iruñeako “Billabesaren” gidari. Irlandar jatorrikoa baldin bada, jatorria aski du irlandar petoa izateko.
Irlandako sentimendu nazionala eta abertzalea katolizismoan oinarritu da, nik uste. Ingelesak zapaldu egin zituzten. Ingelesak anglikanoak dira. Irlandarrak, ia obligazio nazionalez bezala, katolikoak dira. Euskaldun fededun haren antzera.
Beraz, nagusiak ingeles eta anglikano, eta zapalduak irlandar eta katolikoak. Dena dela, ez dira ingelesak erlijioan oinarriturik, nazio kontzientzia eraiki duten bakarrak. Hamaika badira, nazio kontzientzia, erlijio kolektibitatearen kontzientzia gainean eraiki dutenek. Urrutira joan gabe; espainolak berak, arabeen aurka.
Denborak erakutsi duen bezala, honek, sakoneko arazoa mahai gaineratzen du: aberria eta hizkuntza egon behar zuen lekuan, katolizismoa dagoela. Eta erlijioa ez da aberria. Hor koska, eta ez txikia.
Honekin ez dut katolizismo irlandarren kritikarik egin nahi, baina nire ustez, hizkuntzak balio duena, bere balioa da, ez erlijioak eskaintzeko lukeen balioa. Aberriarentzat hizkuntzak balio duena, abertzaletasunak ez bestek aurki lezake. Abertzaletasunak nazio hizkuntzan bertan aurkitu behar du haren balio nazio egilea.
Ez nuke lotsagabe izan nahi, baina nire uste apalean, erlijioak erabili ohi ditun pilotak, ez dira frontoi honetako aproposenak.
Irlandera – euskara gaztelaniekin bezala – indarrez, ezin neur daiteke ingelesarekin. Hori ukaezina da, indarraren zapalkuntza luzearen mesede zuzenaz gain, egun, komunikabide asko eta bortitzak dituzte. Oso garatuak dira. Zalantzarik gabe beraien hedatze garaian bizi gara.
Euskararen egoera aztertuz asko idazten da, eta baliteke gehienak mesederako izatea. Baino nire ustez, bihotza eta maitasunean oinarritzen dugunean euskarak galdutakoa berreskuratzeko, hanka sartzen ari gara.
Egoera honi aurre egiteko ez da aski, herriak bere nazio hizkuntza zaharrari miresteak. Nik ez dut uste, herria “jo eta su” abiatuko denik, jatorrizko hizkuntza berea duelako soilik, hizkuntza hortaz jabetzera. Nik ez dut uste.
Herria mugiarazteko arrazoiak – herri abertzaleaz ari nahiz – ezin izan liteke hizkuntzaren zahartasuna edo edertasuna. Jendeak “ikusi” egin behar du, euskaldunak zertarako duen euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik UPNk eta bere “bazkide berriak, erabiltzen dituzten euskaldunen bozkak, euskarari erasotzeko. Politiko abertzaleen eginkizuna da hori.
Arrazoi hutsak ere ez dira aski. Alderdi zinez abertzaleak, hizkuntzak nazio eraikitzean duen garrantzia aspergabe gogoratu beharko lukete. Hizkuntzaren balio nazio egilea praxian erakutsi.
Baina gertatzen dena da, politiko askoren arrisku handi bat, oportunismoa dela, eta oportunismoa, – garbi esanda – berehalako irabazi batzuengatik, helburuak saltzea da.
Politiko abertzaleentzat, adibidez, hizkuntz politikako oportunismoa, hau liteke: erresistentzian, zapalketa garaian, ez da gehiegi errepikatu nahi izaten hizkuntzaren arloan, galdua dutenek ez ikaratzeko. Ahalik eta gehienak hurbildu arren, “kontzesioak” egiten dira. Hori da oportunismoa.
Jende asko eta asko dira euskara ikasi ez dutenak, hirietan bereziki, baina horiek ere abertzale behar ditugu, eta itxuraz, nola nahiko zail den orain euskaraz jabetzea, tolerante izan behar da oraingoz, “pentsatzen dute”.
Askatasuna lortutakoan, aisa konponduko dugu hori, diote. Eta hizkuntzaren arloa, askatu eta gerorako uzten da. “Errealistak” izan behar omen gara.
Bitartean, nazio hizkuntzaren ederraz eta zorigaitzaz etengabe arituko zaizkigu. Oker guztien erruak non dauden salatuko dituzte. Zapaltzaileengandik beti galdatuz arituko dira. Nazio hizkuntzaren defendatzaile biziak dirudite….Hori dena bai, baina erabaki zintzoa euskara ikasteko ez.