20. urteurrena ospatu du TEKNOPOLIS saioak

20. urteurrena ospatu du TEKNOPOLIS saioak –

Ospakizuna laburtzen duen saioa martxoaren 2an emango da ETB1en, 13.30ean, eta hurrengo egunean ETB2n, ordu berean.

Duela 20 urte eman zuen Teknopolis saioak bere lehen emanaldia, ETBn. Geroztik, astero izan da Elhuyarrek ekoitzitako saio hau ETBko lehen bi kateetan, helburu jakin batekin: zientzia- eta teknologia-gaiak gerturatzea ikus-entzuleei, modu entretenigarrian, bertako zentroei eta ikertzaileei emanez lehentasuna.

Hala, urte horietan guztietan saioaren babesle eta parte-hartzaile izan direnak bildu ziren urteurreneko ospakizunean. Ekitaldia EiTBko Multibox aretoan izan zen, eta sari-banaketa itxura izan zuen, umorez zipriztinduta.

Iñaki Leturia Yurrita Teknopoliseko aurkezleak eta Alaitz Ochoa de Eribe Agirre kideak gidatu dute sari-banaketa. Hurrenez hurren, hauek igo dira oholtzara, sariak eman zein jasotzera: Maite Iturbe Mendialdua (EiTB) eta Itziar Laka Mugarza (UPV-EHU); Iñigo Ansola Kareaga (EVE) eta Amaia Zurutuza Elorza (Graphenea); Vicente Atxa Uribe (MU) eta Arturo Elosegi Irurtia (UPV-EHU); Arantxa Tapia Otaegi (Eusko Jaurlaritza) eta Mario Pérez López (ESS Bilbao), Iñaki Mujika Aizpurua (Tknika) eta Asier Marzo Pérez (UPNA-NUP); Alfonso Carlosena Garcia (UPNA-NUP) eta Elena Aldasoro Unamuno (Eusko Jaurlaritza); Paloma Domingo Garcia (FECYT) eta Marian Martínez de Pancorbo Gómez (UPV-EHU); Nekane Balluerka Lasa (UPV-EHU) eta Jon Artola Mendiola (Tknika); Cristina Uriarte Toledo (Eusko Jaurlaritza) eta Nekane Errasti Lozares (MU).

Sariak sinbolikoak izan dira: taula periodikoaren nazioarteko urtea den aitzakiarekin, egiten duten ikerketarekin lotutako elementu kimiko bana jaso dute sarituek: urrea, oxigenoa, merkurioa, hidrogenoa, meitnerioa…

Sari-banaketaren tartean, saioaren ibilbidearen adierazgarri diren bideo batzuk, umorezko bakarrizketa bat, eta lebitagailu akustiko batekin egindako erakustaldi zientifiko bat ere izan dira.

20. urteurrena ospatu du TEKNOPOLIS saioak

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.