Gizon lasaia
Gizon lasaia –
Iñaki Azkona. Iruinsemea. Gizon lasaia, John Ford-en filmeko boxeolari irlandarra bezala. Gaztetan, gudu aunitzetan zaildua. Ikasketaz, legegizona. Baina horretaz goiz aspertu zen. Mendia maite du bulegoak baino aise ere gehiago. Mendia eta euskara. Gure territorio libre bakarrak. Gogoan dut noiz jakin nuen Iruñeko Udalean euskara teknikari hartua zutela. Gasteiztik Iruñera heldu nintzen eta irratia aditzen ari nintzen, 80ko hamarkadako iluntze batean. Poza hartu nuen. 30 urte baino gehiago egin ditu Iñaki Azkonak euskarari zirrituak irekitzen Iruñeko Udalean. Balduzen denborak ezagutu ditu Iñakik. Chorrautenak. Jaimerenak. Barcinarenak (!) Mayarenak. Hoberenean, epel. Gehiagotan, arrotz. Maiz, etsai garbi. Berak baizik ez daki zenbat aldiz egon den amore ematekotan, hiriburuko Herriko Etxean fundamenturik egitea ezinezkoa zelakoan. Ez dakit beti eskertu izan zaion ahalegina. Agintarien epelkeria edo etsaitasuna ez ezik, euskaltzaleen ezulertua eta axolagabekeria ere izan ditu partida. Sekulako ilusioaz halako ikuskizun bat Iruñera ekarri eta aretoa erdi hutsik agertzen zenean bezala. Beharko, gizon lasaia. Urterik beltzenetan, Iñakiri esker ikusi dugu Iruñean euskarazko antzerkia, euskal musika, bertsoa, literatura. Lan ederra eginda, erretirora doa orain. Mendi-leporen batean ez bada, euskarazko ekitaldiren batean topatuko gara harekin.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urtarrilaren 9koa]
Eskerrik asko Iñaki Azkona!