Imajina ezazu zer nahi duzun
Marasmok edozein lekutan ibiltzeko gaitasuna daukagu, eta gure arrastoa uzten dugu goazen tokira goazela. Sarea erabiltzen dugu horma batetik bestera salto egiteko edota pareta bertikaletik behera zintzilikatzeko. Oraingoan ordea, sarea hormatik askatu eta gazteak emarauntzeko erabiliko dugu. Euskal Herriko gazteok armiarma sakabanatuak gara, baina elkarrekin batuko gaituen sarea osatzeri ekin diogu jada. Gazteon artean dagoen hurruntzea apurtu asmoz, azaroan, Marasma saretzen ekimena jarri genuen martxan. Ordutik, emarauntzen dihardugu, bakoitza bere izaerarekin, bakoitzak eman dezakeenarekin eta eman nahi duenarekin baina guztiok elkartuta.
Sistema patriarkar kapitalistak eraman gaitu gazteoi bata bestearengandik aldentzera, eta sitemak berak sortu digu elkartzearen beharrizana. Nahikoa da gazteoi buruz besteek hitzegiteaz. Behin eta berriz entzun dugu gazteok alperrak, drogazaleak, pasotak, e.a. garela. Baina gazteok hori baino askoz gehiago ere bagara eta aurrerantzen geu izango gara gure izaera deskribatzen duten izenlagunak ezarriko ditugunok. Inork ez du gehiago gazteon partez erabakiko. Gazteok hitza hartu behar dugu, subjektu bilakatu behar gara.
Hitza hartu behar dugu bizi dugun errealitatea nolakoa den azaltzeko, zer aldatuko genukeen plazaratzeko, zer sortuko genukeen hausnartzeko. Azken finean, hitza hartu behar dugu nahi duguna eta sentitzen duguna esateko. Horregatik abiatu genuen Marasma saretzen ekimena “… eta gazteok zer diogu?” galdera plazaratuz. Azken hilabeteotan, galdera horren bidez ari gara hartzen hitza gazteok eta erantzunekin herriz herriko edota auzoz auzoko gazte diagnostikoak eratuko ditugu. Diagnostiko hori izango da gazteon errealitatearen irudi eta isla. Modu honetan, sistemak norbanako bakotzaren arazo gisa saltzen dituen arazoak amankomunean jarri eta elkarlanaren bitartez eraldatuko ditugu. Diagnostiko hori abiapuntu hartuta, egungo egoera ankerra beste hobeago bategatik ordeztu dezakegu. Eraldatzeko bide horretan hitza hartzea izan da lehen pasua, baina gero, jarrera zirikatzaile eta askeaz ekingo diogu lanari.
Orotariko gazteok bilduko gaituen sare erraldoia osatu nahi dugu eta Imajina abestiaren bideoklipean errealitate anitz hori irudikatu nahi izan dugu gazte espresio ezberdinen bidez (dantzariak, musikariak, ikasleak, e.a.). Imajina 121 Krew, Norte Apatxe eta Goienetxe Anaiak hip-hop taldeek sortu dute elkarlanean. Hip-hop eta rap doinuak aukeratu ditugu gure izaerarekin bat datozelako; gazteok bezala zirikatzaile eta kaletarrra delako musika estilo hau.
Youtuben duzue ikusgai bideoklipa.