Epaia eta liburu batzuk
Epaia eta liburu batzuk –
Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobelaz aritu ginen Galtzaundi Irakurle Taldearen apirileko saioan, hain justu la manada deritzon auziaren epaia ezagutu zen egunean. Izan ere, kultur etxeko betiko gelan bilduta, gozatu genuen liburuaren emakume protagonistaren inguruan hizketan; arauei aurre egin, inguruaren kontra borrokatu eta munduaren aurrean une oro bere identitatea azaltzen duen pertsonaia, hauskor izatetik urrun dagoena… gaixotzen den arte.
Gizakion tasun eta keria eternalez aritzeko abiapuntu gerta liteke liburu bat eta halaxe suertatu zen Jenisjoplinen kasuan ere, bizi gaituen egoskorkeria eta gor/gogortasuna, besteak beste, hizpide izan baikenituen.
Kanpoan, gure zain, Iruñeko bortxaketaren epaia gaitzesteko kazerolada. La manada eta epaileen errealitatea. Hauskortasuna inoiz beren baitan onartu ez (gizon matxoak) eta bestearena antzeman ezin dutenen errealitatea, bai kalean (la manadakideak), bai botere judizialean (hiru epaileak). Dena den, botere judizialaren hauskortasunaren onarpen eza larriagoa zaigu, horixe baietz, epai batek bizitzan eragin zuzena izateaz gain, errealitateak berretsi, bermatu, aldarazi edota ereiteko ahalmena duelako. Gainera, la manadaren auziaren epaiak kalean baliokideak dauzka, beste forma batzuk hartzen ditu. Esate baterako, Malumaren 4 babys abestiaren letretan gorpuzten da eta doinu erakargarrian bilduta ederki irentsarazten zaigu. Noski, doinuek, reggaeton edo trap deituriko musika estiloek, ez daukate «errurik»; nahikoa dute horrelako letrak garraiatu behar izatearekin. 4 babys abestiaren letra la manadaren epaiaren baliokidea dugu, soka bereko jurisprudentziaren ondorio, isla, ordaina, herentzia. Milioika lagunen eguneroko letania-epai musikala…
Literatura argigarri izan daiteke ulertzeko zergatik posible diren oraindik orain horrelako epaiak ez ezik emakumeon bortxaketak, genero indarkeria eta matxismo testosteronikoa, 2018. urtean eta Europa mendebaldean. Jada euskaraz irakur daitezkeen saiakera esanguratsu batzuk aipatzearren, Silvia Federici idazle eta irakaslearen Caliban eta sorgina (Jakin-en Eskafandra bilduman) ezinbestekoa da emakumeen gorputza kontrolatzeko ahaleginak noiztik datozen jakiteko, sorgin-ehizak kapitalismoaren sorreran funtsezkoak izateaz gain iraganeko kontuak ez direla ikasteko. Eskafandra bilduman bertan egunotan argitaratu den Genero nahasmendua-n, Judith Butler filosofoak sexua, generoa, desira eta gorputza nork arautzen eta ekoizten dituen aztertu, eta diskurtsoaren eta ekintzaren bidez eraikitako konstruktu soziokulturalak direla argudiatzen du. Bortxaketaren gaia maisuki biluzten du Virginie Despentes idazleak King Kong Teoria liburuan, hona hemen aipu bat: «… horra hor ekintza bateratzaile bat, gizarte-maila guztiak, adin guztiak, gorputz guztiak eta are izaera guztiak josten dituena. Beraz, nola liteke ia sekula ez aditzea aurkariari esanez ‘nik halakoa bortxatu nuen, halako egunean, halako egoeran’… gizonek oraindik ere egiten dute emakumeek mendeetan zehar egiten ikasi duten horixe: beste modu batez deitu, apaindu, eraldatu, eta batik bat, sekula ez esan egin duten hori deskribatzen duen hitza. ‘Pixka bat behartu’ dute neska bat, ‘pitokeriatan ibili dira pixka bat’, neska ‘mozkor arraildua’ zegoen edo, bestela, gustuko ez balu bezala egiten zuen ninfomana bat zen…».
Bai, literaturak gure gabeziak zein beldurrak, arrakalak zein zauriak erakusten dizkigu, baita ahultasunaren eta lotsaren eremuak argitu ere. Aipaturiko Alberdiren nobelako protagonistari aldaketa datorkio soilik bere gaisotasuna onartzen duenean, soilik orduan. Modu berean, errealitatean, matxismoan oinarrituriko identitate orok berrasmatu beharra badauka ere, bere baitako zaurgarritasunari bizkarra ematen badio, nekez lortuko du…