Kanpaina hasiera

Kanpaina hasiera –

Kanpaina hasiera

Aurten hirutan joan gara jada hiltegira; hortaz, traizioaren harra bizi-bizi dabil gurean. Aurtengo lehendabiziko gaztak eginak ditugu, eta bigarrenak ere bai. Erditze garaia aspaldikoa dela ematen du, erditzeko dauden apurrek orainaldira dakarzkigute sasoi hartako eromena eta ilusioa.

Urruna egiten zait blog honen azken sarrera, baserriaren jarraikortasuna nuen hizpide. Harrezkero, Yasek eta Albertek lortu dute, epe barruan, behar zuten gutxieneko diru kopurua euren gurpil gaineko gaztandegia egin ahal izateko.

http://www.elikaherria.eus/wp-content/uploads/2018/02/Antzuola-1024x683.jpeg
Etxaldeko emakumeak

Urruna egiten zait Etxaldeko emakumeak etorri zireneko eguna, eta Ferranen etorrera; eta urrunak ere Miguelekin telefonoz izandako elkarrizketak. Ade eta Toniren agerpena ere orduan izango zen…

Ferran, Miguel, Ade eta Toni

Uztailetik urtarrilera arte gaztandegia lo egon da, hautsez estalita, ilunpetan. Azken asteotan joan da bizia hartzen. Lehen kolpea Etxaldeko emakumeek eman zioten, hura margotzen auzolanean. Bigarrenean, arestian aipatutako wwooferrek arindu dute garbiketak duen pisua. Hirugarren eta azken pausuan gorpuztu da esfortzu hori guztia, pasa den ostiralean egin genituen hiru gazta horietan, hain zuzen ere. Ikaragarria da, hilabeteko epean –besterik ez– gertatu da dena… Batzuetan ez da erraza kanpainari hasiera ematea, irakurle. Horren adibide garbia da pasa den asteko estropezua: gatzagia.

Gazta egin nahi baduzu, ezinbestekoa da gatzagia. Esnez elikatzen diren hausnarkari gazteen sabelean dagoen entzima multzoa da. Bi aukera daude: etxeko gatzagia eskuratu ala erostea. Eta ekologikoan egiten baduzu lan, ekologikoa behar du izan.

Orain dela bi urte saiakera egin genuen, eta etxeko gatzagia lortu genuen, kostata. Izan ere, gure arkumeak beti daude amekin; eta zer ikusi hura ikasi, haiek ere! Belar ondua, belar freskoa… egokitzen dena. Horrek esan nahi du, arkumea hiltzen duzunean, sabelean gatzagiaz aparte, topa ditzakezula belar arrastoak edota artilea –askotan ibiltzen baitira amen ileak ahoan–. Horretarako erremedioa zen arkumeak normalean baino txikiagoak hiltzea, baina horrek ere ziurtasunik ez.

Bada, halere, beste faktore bat aintzat hartzeko modukoa: gaztetan duen eragina. Orokorrean esan daiteke etxeko gatzagia erabiliz gero, gaztak biziagoak izango direla, min punttu bat izango dutela. Beraz, gaztagileak lortu nahi duen gazta zehaztu behar du, eta ikusi helburutzat duen gazta horretan zer nolako eragin izango lukeen gatzagi bat ala bestea erabiltzeak.

Gure etxean zenbait proba egin genuen. Lote batzuk etxeko gatzagi hutsarekin; beste batzuetan erdia etxekoa eta erdia erositako likidoa; eta gatzagi likido hutsarekin gainontzekoak. Noski, gaztatan ez da gaur egin eta bihar probatu; hemen ohikoa den gaztak, gutxienez, bi hilabeteko ontzea eskatzen du. Hortaz, zuk probak egiten dituzu, baina jarraitu behar duzu gazta egiten jakin gabe proba horien emaitzak zeintzuk izango diren. Denborarekin etortzen dira negarrak eta algarak…

Egia esaten badizuet, oso bereziak ziren etxeko gatzagiarekin egindako haiek –ez dakit ez ote zegoen sugestio zertzelada bat: geure arkumeena zen–. Baina, gure iritziz, bixi punttu horren atzean ñabardura asko desagertzen ziren, gehiegi. Gaztaren melodia hartan, kolore gehiago lortu nahi genituen. Hori dela eta, erabaki genuen, berriz ere, gatzagi likidoa erabiltzea.

Urteetan izan ginen elkarte batean salgai zegoen gatzagia geure kasa eskuratzea erabaki genuen, behin elkarte hori utzita; eta iaz, arazorik gabe, eskuratu ere. Prezioa antzerakoa izan zen, bi euroko aldea edo.

Baina, ai, aurten! Aurten bikoitza kobratu nahi izan digute: 40€ litroa! Ezin sinetsi, zer egin? Ekologikoan agiria duen gatzagi bakarra, eta prezio horretan! Gure ustez inmorala; horrela, lehor-lehor esanda: inmorala.

Enpresak esan digu guk ematen diegun lana gehiegizkoa dela gurekin egingo duten negoziorako, kasik galerak izango lituzketela iazko prezioan eginez gero. Beharko genituzkeela erosi 18 litro gatzagi, prezioa mantentzeko. Pentsa, gure etxean, kanpainako 3 litro behar ditugu! Lau baserri bilduta, zortzi litroko eskaera egiteko moduan ginen. Helburua, urruti, oso urruti. Azkenean, uko egin diogu enpresa horri erosteari.

Eta gauzak zer diren, lagun! Baserri horietako bati heldu zitzaion beste gatzagi baten erreferentzia. Biologikoan ari diren Iparraldeko artzainek erabiltzen duten gatzagiarena, hain zuzen; eta horren aldeko apustua egin dugu. Orain artekoa bildots-gatzagia zen, eta orain erabiliko duguna txahal-gatzagia; jakin badakigu horrek aldaketa batzuk ekarriko dizkigula; adibidez, zaporeak leunagoak izango direla, baina abanikoa irekiko dela esnearen ñabardurak azalarazteko.

Horra hor kanpaina hasteko bi aldeak.

Batetik, elkartasuna eta laguntza jaso ditugu, besteak beste, Etxaldeko emakumeengandik eta orain etxean dauden wwooferrengandik. Horrek goxo sentiarazten gaitu, babesean; indarra ematen digu, oztopoz oztopo aurrera egiteko; pertsonengan sinesteko eta etxeko ateak irekitzeko gogoa pizten digu.

Bestetik, txikitasunaren zama gainean erori zaigu; galera-sortzaile bilakatu gaituzte. Produktu ekologikoak egiten dituen enpresa ez-ekologiko batek baserritar txikiok bideraezintasunera zigortu nahi gaitu. Eta, hala eta guztiz ere, gure arteko elkarlanak aukera berriak topatzera eraman gaitu. Eta aurten ere oztopoz oztopo gazta ekologikoa egin ahal izango dugu –beti ere, ondo bidean–, prezio onargarri batean.

Kanpaina hasiera   Kanpaina hasiera  
Kanpaina hasiera   Kanpaina hasiera

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN