Mikel Laboarekin elkarrizketan
Mikel Laboarekin elkarrizketan
1965ean Zeruko Argian egin zioten Mikel Laboari elkarrizketa. “Au da, abeslari ta sendagille gazte onek diona, nere uztez gitarrarekin askoz obekiago esaten du. Zorionak lebendabiziko exituengatik, bigarrengo diska itxoiten gelditzen naiz. Laister izan deila”.
Gutxi hitz egiten zuen komunikabideetan Laboak. Hemen, Ez dok amairu, edo Kataluniako kantagintzaz besteko kontu batzuei buruz solasean, Argia-tik, Euskonews-etik edo Entzun!-etik hartutako galde-erantzunekin.
Zer eskatzen dio Mikel Laboak bizitzari? Bakoitzak zerbait egiteko gaitasun bat dugu, eta nik hori eskatzen diot bizitzari; egiten dudan hori ongi egitea, alegia. Berdin dio kalegarbitzaile edo abokatu, injeniero edo kantaria izan; kontua, egiten duzuna ongi egitea da. Ni agian medikuntzara dedikatu izan banintz, orain diru gehiago edukiko nukeen, baina kantagintzara dedikatu naiz. Gizasemeak oso problematikoak gara eta nahi duzuna modu egokian burutzea, ez da bat ere erraza izaten.
Zer aportatzen dizute poemek? Nola aukeratzen dituzu?
Normalki, irakurtzen ditudan poemen artean, batzuk gehiago gustatzen zaizkit, deigarriak iruditzen zaizkidalako, mundu berezi batean sartzen nautelako edo nere burua espresatzeko balio dutelako. Sarri atzera jotzen dut, eta berriro begiratzen ditut irakurritakoak. “Lizardi”, adibidez, irakurri orduko gustatu zitzaidan, baina denbora asko pasa zen musika asmatu nion arte. Askotan azalpen logikoa eskatzen zait, baina hain txarra naiz gauzak esplikatzen! Marixolek, nere emazteak. Isadora Duncan-ek botatakoa neri oso ongi egokitzen zaidala esaten zidan lehengoan. Halaxe zioen gutxi gora behera dantzariak: “si me explicase con palabras no tendría porqué bailar”. Arrazoi du nere emazteak. Azken finean, gauzak behar bezala esplikatzeko ahalmenik banu ez nuke kantatuko. Nor bere komunikatzeko modura moldatzen da.
“Gauzak ongi esplikatzen jakingo banu ez nuke kantatuko”. Holako esaldirik esan al du Mikel Laboak noizbait? Guretzat, abokatuek, adibidez, oso ederki hitz egiten dute. Literaturagileek, Atxaga eta kasu, badute mintzatzeko ohitura eta oso hizlari onak izaten dira. Nik badut oso lagun on bat, J. Luis Zumeta margolaria, eta berari ere ez zaio mintzatzea gehiegi gustatzen, ez baikara oso trebeak. Nik esango nuke abeslari eta margolarien mundukook ez dugula idazleek duten hitz egiteko erraztasunik. Xabier Lete behar bada trebeagoa dugu baina hura idazlea da, abeslariaz aparte. Mintzatzea, egia esateko, ez da nirea. (nolakotasuna).
Zuk zeuk inoiz ez duzu letrarik idatzi. Asmorik ere ez? Ez, ez naiz inoiz idaztera animatuko. Neuk erdi asmaturiko hizkuntza hori erabiltzen dut hainbat kantutan, baina bestelakorik ez.
Zure burua “rockerotzat” izan al duzu noizbait? Nik beti egin dut musika ezberdinak entzuteko ahalegina; bai klasikoa, bai rock eta baita Jazz-a ere.Gure garaian Folk musika asko entzuten genuen; rock-a geroago etorri zen. Oroitzen naiz Rory Gallagherren rock kontzertu batera joan nintzela Anoetako polikiroldegian eta oso deigarria izan zen zuzenean hura ikustea, oso tipo bizia baitzen.Gero talde gehiago entzun ditut: AC/DC, Lou Reed… Nik musika denak ditut gustuko, eta iruditzen zait informazio asko eduki behar dugula alde guztietatik. Mozart pixka bat entzutea, gero Dut taldea… Adibidez, Johann Sebastian Bach-en Pasioak San Mateo eta San Juan bertsioak aipatuko nituzke ere, oso interesgarria baitira.
Ferminek [Muguruzak] oso “rockeroa” zarela esan zuen garai hartan… Je, je… Kalean ere bitan agurtu naute nere aldamenetik pasatzean “Kaixo, abuelo del punk!” esanaz. Hala bada… je, je!
Txartzat hartzen al duzu?
Ba… nitaz zer esaten duten eta zer naizen pentsatzen hasten banaiz egun gorri daukat!
[…] Mikel Laboa elkarrizketa. Zuzeu.com zabaldubildudel.icio.us […]