Gipuzkoan EAJ izango litzateke nagusi (baina bestelako datu batzuk ere eman zituen inkestak)

  1. Diputazioak enkargatutako Gipuzkoako Batzar Nagusietarako boto asmoaren aurreikuspena neurtzeko inkestaren arabera, EAJ izango litzateke lehen indarra Gipuzkoan, botoen ia laurdena eskuratuz. Guztira 14 batzarkide lortuko lituzke. Gogoratu, egun 16 batzarkide dituela eta beraz, inkestaren arabera beti ere, bi eserleku galduko lituzke.
  2. Bigarren indarra PSE-EE izango litzateke, botoen %21ekin eta 13 batzarkiderekin. Honek ere beherakada izango luke, 16 izan baitzituen aurreko hauteskundeetan.
  3. Ordezkaritzen beherakadaren arrazoi nagusia, inkestan Ezker Abertzale legal baten aukera kontenplatzea da. Ezker Abertzalea, azterketa honen arabera, Gipuzkoako hirugarren indarra izango litzateke, 9 eserlekurekin. Dena den, eta Arabatik blogean, atzo egindako sarreraren erantzunetan aipatzen denez, Maiatzera arte Ezker Abertzaleak zabaldutako eztabaidan eta mugimenduetan eman daitezkeen aldaketek goranzko aurrikuspen bat eman diezagukete. Inork ez daki oraindik baina, maiatzeko hauteskundeetan aukera legal bat aurkezteko aukerarik izango duten.
  4. Gainerakoan beherakadarekin alderatuta, PPk azken legegintzaldiko bere sei batzarkideak mantenduko lituzke. Indar unionistek, honenbestez, eta UPDk ordezkaritzarik lortuko ez balu, 51 batzarkidetatik 19 lortuko lituzkete. Ordezkaritzaren %37,25 alegia.
  5. Aralarrek igoera nabarmena izango luke inkestaren arabera. Egungo 2 batzarkidetatik 5 izatera aldatuko litzateke, bozken %9,45 bere eginez.
  6. Barne zatiketa izan eta Gipuzkoan karguen ia gehiengoa H1!en eskuetan geratu arren, EAk hiru batzarkideko ordezkaritza izango luke, nahiz aurreko legegintzaldian 7ko ordezkaritza izan zuen. Honenbestez, eta atzo Enekoitz Esnaolak zuzen aipatzen zuenez, Gernikako akordioa sinatu zuten alderdiek %33,89ko babesa izango lukete 17 batzarkide.
  7. Ezker Batuak ordezkaritza bakarra izango luke, batzarkide asko galduz eta gainerako alderdiek (H1!, Alternatiba, UPD eta gainerakoek) ez lukete ordezkaritzarik izango erakundeetan.
  8. Abstentzioa %38,59koa izatea aurrikusten dute inkestek.
  9. Diario Vascok zuzen dioenez, EAJ izango litzateke lehen indarra, baina balizko akordioen indarra ikusita (PSE-PP edota Ezker Abertzalea-Aralar-EA) akordioa egin beharko luke beste indarren batekin.
  10. Inkestaren arabera, akordio bozkatuena EAJ-PSE izango litzateke eta hurrengoa EAJ-Aralar. Egun Jaurlaritzan dagoen akordioa berritzeak (PSE-PP) %2,79ko babesa besterik ez du.
  11. Markel Olano izango litzateke, inkesta horren arabera, balorazio onena duen politikaria.
  12. Agian interesgarriagoa da, inkesta berberean ondorioztatzen dena: Gipuzkoarren %68k, (bi herenek!) interes nuloa dutela politikan, alegia.
  13. Inkesta Aztikerrek eta Logikalinek egin dute, 3263 pertsona galdekatuz. Emaitzek, adierazten dutenez, %95eko fidagarritasuna dute.

Gipuzkoako boto intentzioari buruzko inkestak datu asko ematen ditu

Irudia | Gipuzkoako boto intentzioari buruzko inkestak datu asko ematen ditu | www.gipuzkoa.net | LGPL
Irudia | Gipuzkoako boto intentzioari buruzko inkestak datu asko ematen ditu | Ezezaguna | LGPL

Zer duzu buruan “Gipuzkoan EAJ izango litzateke nagusi (baina bestelako datu batzuk ere eman zituen inkestak)”-ri buruz