Nazio forala eta aldebiko itunak

Nazio forala eta aldebiko itunak – 

Historia, irabazlearen iruzurrak haizu eta egiazko egiten dituen hori, beti izan da aginteak erabilitako tresna ezin baliotsuagoa. Iraganak dituen izurdurak, ertz eta tolesdura ugari bere interesen norabide berean jartzea beti izan da haren trepeta kuttunetako bat. Baliabide guztiak eskura dituzula ez da izango hain zaila hori egitea, are gehiago gure garaiotan inoiz ez bezalako artilleria mediatikoa beldurgarria nahieran dutenean.

Ez naiz ni historian aditua, ez antzineko paper jan-zale amorratua ere, baina egunerokoan geure mandatarien erabaki iruzurti eta doilorrak justifikatzeko egiten diren historiaren erabilera eta diskurtso maltzurrek kalte egiten dute: atmosfera zikindu, birikak pozoitu eta gogamena zarrastatu egiten dizkigute. Geure ingurumenaren eta gure buruaren defentsan besterik ez bada ere, ez da kalterako izaten, noiz edo noiz, paseoska bat edo beste iraganean zehar egitea. Honako hauek zertzelada txiki batzuk besterik ez dira, baina esanguratsuak oso, gaur egungo asko ulertzeko:

– Aitzin-aitzinean ba omen ziren foru izena izan baino lehenago ere, ahozko eta ohiturazko izaera zeukaten lege zahar batzuk, oinarrizko gauzetan nolabaiteko antolamendu eta arautegia izateko eta zenbait eskualdetan (ez gaur egungo probintziak, hain justu) sortuak. Horien garapenaren ondorioz etorri ziren geroago batzar nagusiak, ahaldun nagusiaren figura e.a. Oso gutxi dakigu antzinako lege horietaz eta errez da boteretik demagogia merkea egiten horren kontura.

– Bilakaera horretan, gure mandatarien bertsio ofizialaren arabera konkista ondoren Gaztelako erregeek gure lege zahar sakratu guztiak errespetatzen zituzten. Ez da harritzeko denok baitakigu gerra eta konkista guztien ondoren irabazleak beti errespetatu izan dituztela txiki-txiki eginda utzitako herriaren hizkuntza, kultura, ohiturak…Hori halaxe izan da mundua mundu denetik, munduko gerra eta sarraski guztietan. Istorio hau apaintzeko, gainera, hor dago mitifikatu diguten foru pasea edo foru baimena: “Onartzen da baina ez da betetzen”. Polita istorioa, baina ez digute esaten hori esaten zela (dela) Madrilek uzten zuenean ez besterik; hori esateko baimena Gaztelak ematen zuen, eta jakina, haien interesen arabera eman beti ere. Hala ez zenean sablez sast guztia erauzteko eskubidea haiek zuten. Gaur egun, bezala

– Bergarako besarkada (1839) berresteko Espainiako Gorteetan lege forma hartu zuenean honatx erantsi zioten klausula: “Berretsi bai, -lau probintzietako foru eta aldundiak- baina batasun konstituzionalari kalte egiten ez dion bitartean”. Alegia, gaur egun bezala.

– Hain zen hau horrela ezen handik berrogei urtetara (1876) Foruak guztiz ezabatuta zeudela eta aldundiak mapatik desagertarazita, espainiarrek zergak biltzeko zituzten arazoei aurre egiteko, Canovas del Castillo Espainiako mandatari nagusia etorri zen zertara eta beraiek horretarako propio jarritako aldundi berri batzuekin negoziatzera (edo argibideak ematera) eta haiek egin beharreko kobraketa sistema ezartzera eta euskal lurraldeak Espainiako zerga sisteman integratzera.

– Frankok Euskal Erdiko hiru diputazioetan bi deuseztatu zituen, bere sokako zen bakarra Araba bere horretan utzita, esan nahi baita, herri xumea zapaltze eta lapurtzeko eta hizkuntza eta kultura bat lurperatzeko Madrildik zetorren sisteman laguntzeko prest zeudelako errespetatu zutela Arabakoa, trukean haien patrikak betez jakina. Gure mandatari autonomistek orduko hura azaltzeko, gaur egun erabiltzen duten diskurtso bera erabiltzea dute eta esan: Arabako eskubide historikoak errespetatu zituen Frankok.

Egun ere, soka berekoak izanik, modu berean daude errespetatuta hiru probintzietako eskubide historikoak: Espainiako batasun guztiz sakratua ziurtatu ez ezik herri xumea zapaltzeko eta lapurtzeko zein hizkuntza eta kultura lurperatzeko tresna ezinbestekoak duelako Madrilek indar autonomisten ekimena, trukean haien patrikak betez, jakina.

Baina iragana iraganean utzi, joanak joan esan eta gure gaurko mundura itzulita, honatx hemen zenbait galdera-iradokizuna norbaiti zer pentsaturen bat ekarriko diolako esperantza xumean:

– Jeltzaleek gure askatasunaren oinarri sendotzat saldu diguten Itun lortu berri hori, noren askatasunaren oinarria da? Gu denona dela eta ez soilik baten batzuen patrikena onartuta ere, ez al dira horrekin esaten ari askatasuna Madrilek ematen digula boto batzuen beharrean daudenean eta kendu ere haiek kenduko digutela boto horien beharra desagertzen denean? Ez al da hori askatasunaren oinarria baino, nagusien oinak musukatuz urteetarako morrontza sinatzea? Gainera badakigu Madrilen ez dutela inoiz ez legerik ez pakturik betetzen.

Munduko beste bazterren batean izan al da Gernikako Estatutuaren berrogei urteko ibilbidea baino adar jotze handiagorik?

– Gure agintari unionista-autonomisma-kolonialistek sinestarazi nahi digutenaren beste muturrean: Katalunia hor baldin badago -independentziaren atarian- horrelako morrontza-kondenarik inoiz sinatu ez duelako da. Nik ez dut imajinatzen egungo Katalunia, urteak pasatzen Madrilen audientzia eske ogi papur batzuk negoziatu ahal izateko.

– Baina hori bera atzekoz aurrera ere esan liteke: Jeltzaleek arrazoi: Katalanek hori egin dute kontzertu ekonomikorik ez dutelako, bestela ez lirateke hor egongo. Egia: Espainiaren morrontza askoz handiagoa litzateke eta zailagoa lukete kateak apurtzea. Morroi batek, behin bere burua salduta askoz zailago dauka askatasuna lortzea.

Beste aldetik begiratu besterik ez da egin behar: berrogei urte hauek gu inoiz baino espainolagoak bihurtzeko balio izan dute. Katalunian ez da horrelakorik gertatu.

– Ez gaitezen engaina: Katalunia aspaldian da herri independentea, eta horixe erakusten digute eguneroko jardunean. Formalki ere laster izango da Estatu independentea.

– Norekin ari dira orduan jeltzaleek gure morrontza negoziatzen ez bada ustelak zura jandako, ura toki guztietatik sartzen eta erremediorik gabe jitoan, hiltamuan dagoen gerraontzi barregarri eta guztiz akabatu batekin? Imajinatzen al dugu Kataluniarik gabeko Espainiako estatua? Nor da Madrilen bertan, gerraontzi barregarri eta guztiz akabatu hori defenditzen ari den ia bakarra, PNV ez bada? Beraiek badakite daukaten boteretxoa Espainiaren boteretik datorrela hori desagertzen bada, akabo. Horregatik ari dira Espainiaren salbamendu lanetan jo eta su; atoi-lanetan, euskaldunen lotsagarri. Horregatik ez dute ezer jakin nahi izan Kataluniarekin.

– 78an bezala egun ere Espainiaren batasun santu-sakratuaren alde egiten ari dira jeltzaleak, bai orduan bezain lotsagarriro egin ere. Baina oraingo hau estatu baten akabera besterik ez da, eta akabera guztiak bezalaxe zaratatsu, ikusgarria eta itxurakeriatarako batere tokirik uzten ez duena.

Ematen ez badu ere larri dabiltza, itxurakeriatan eta ustelkeriatan eta gezur salmentan oinarri duen sistema batean hain eroso ibilitako hauek, sistema hori azkenetan dela ikusita.

– Garaia dugu aspertzeraino sakralizatu dizkiguten foruak, aldundiak, kontzertu ekonomikoak, itunak eta abarrak, gure morrontzak ondo lotzeko baliabideak besterik ez direla izan pentsatzen hasteko edo hori ere izan direla bederen, pentsatzen hasteko,. Begira bestela nortzuk diren horien guztien defendatzaile nagusiak egun:PP, UPN, PSOE, PNVak, eta orain podemosak ere bai.

– Bukatzeko: non da ezkerreko subiranismoa bere baliabide guztiekin, iritzi publikoan nagusitzen ari den aldebikotasunaren inguruko iruzur handi hori botatzeko eta diskurtso ofizial itogarriari aurre egiteko? Atmosferaren zikina aipatu dugu hasieran eta premia larrian gara aire berritu eta garbia arnasten hasteko. Hitza dugu horretarako tresna behinena.

Nazio forala eta aldebiko itunak

Nazio forala eta aldebiko itunak

13 pentsamendu “Nazio forala eta aldebiko itunak”-ri buruz

  • ‘Nazio forala’ euskaldunak bi metropolien menpeko nahi gaituztenon aldetik atzo asmatutako txorakeria handi bat da. Hortan ados.

    Baina barkatuko didazu, foruak herri honen betiko lege tradizionalen eboluzio bat dira, idatzi ziren garaira moldatutakoak, hori bai. Horrek ez du kentzen, ordea, gure herriaren izate jatorrizkoaren arrasto garbienetakoa direnik, beren eraginak gure antzinako lurretan ere aurki daiezkeelarik.

    Auzolana, lur komunalen mantenua eta erabilera, lurraldearen defentsarako milizia herritarrak, komunitatearen garrantzia, arazoen konponketa eta epaiketa herritarrak… herri bezala karakterizatu izan gaituzten ezaugarrietako asko Pirioetako Kodea bezala ezagututakoan daude. Gure historia tristearen ondorioz lege hauen itzala ere ez da geratzen gure ‘foru’ erkidegoetan, gaur egungoari ‘foru’ deitzeak irain bat besterik ezin du izan.

    Ez naiz inolako aditua baina interesgarria da oso ikustea nola batzuetan Erdi Aroko legediek (nire ustetan) egungoa baino justizia zentzu eta praktikotasun handiagoa daukaten. Gaur egun estatu aberatsak eta modernoak diren Suitza, Islandia, Luxenburgo etabarrek beren jatorria (eta legedia) zuzenean Erdi Aroan daukate, kasualitatea?

  • Aupa Mikelats:
    Konforme zurekin. Horixe adierazi nahi nuen idatzi gabeko tradizio horren aipamena egiten dudanean. Niri baina, gutxienez planteatzeko eta duda egiteko kontua iruditzen zait, gaur egungo giro politikoan (gaur baino lehen ere bai) ez ote den egin lege zahar horietaz eta ondorengo foruez halako sakralizazioa, onik ekarri beharrean batzuen intereserako erabili izan dena; sakralizazio horrek ez ote duen balio izan, ekimen subiranistan behintzat, aurreratzeko ez baina geldotzeko eta geldiarazteko. Hura dena ezagutzea, ikertzea ondo biltzea eta zabaltzea bazterrean utzi ezin daitekeen gauza da dudarik gabe Beste kontu bat da gaur egungo politikako diskurtsoan norainoko pisua beharko lukeen horrek guztiak, batez ere proiektu subiranista bati begira. Esan nahi dut, euskarazko kultura bati -iraganekoa zein egungoa- askoz garratzi handiago eman beharko genieke, nik uste, XIV. mendeko legedi bati baino.
    Mila esker zure ekarriagatik eta segi ondo.

  • Ez naiz aditua historian baina uste dut gaur egungo foruak ez direla foru zaharren jarraipena, foru zaharreko (gaizki informatua ez banago) aintzinako legeak zuzenbide pirenaikoan zuten erroa, ta gaur egungoak Zuzenbide Erromatarran, beraz gure foru legeetatik ez da ia deusik gelditzen, ta hori jada duela mende asko gertatzen dela.
    Beraz gaur egungo foruak ta duela 400 urtekoak bai izango dutela jarraipena ta gutxi Espainiako legediak mendeetan zehar ebaki dituelako, baina gure benetako foruetaz uste dut ez dala ia ezer gelditzen.

    Dakidan gutxiaren aburuz.

  • Esaten dutenean “Gure ahozko tradizio, usadio eta ohituretan oinarrituta sortu ziren Foruak”, bestelako errealitate bat estaltzen da: Euskal herrialdeen Foruak Nafar Estatuaren “Foru Zaharra” deiturikoan oinarrituta daude.
    Eta bestea kondaira: “gaztelako erregeak gure tradizio, usadio eta ohitura horiek errespetatzeko zina egiten zuen”. Egokiagoa litzateke esatea: konkistatutako lurraldea mantentzeko eta matxinadak saihesteko helburuz, Gaztelako Erregeak Nafar Legedia (Foru Zaharra, alegia) bere interesetara moldatu zuen eta, horrela, bertakoei euren bizimodua errespetatua izango zela “saldu” zitzaien, mugapen “txiki” batzuekin, jakina (Epaile tribunala, adibidez, Burgosen, txikikeria bat…).

  • Hiltzen Hil 2017-06-21 19:04

    Gure lurralde historikoak antolatu eta administratzen zituen araudi-sorta dira foruak, beti ere, euskaldunon izaera eta idiosinkrasian oinarriturik. Hori baino gehiago, euskaldunon bereizitasun etno-nazionalaren manifestazio argia ziren, gerora gaztelaniar eta frantziarren kolonizazioak desitxuratua eta liberal masoien erreuz ahaztua.

    Gure sistema forala izan zen Europako lehen sistema-politiko demokratikoa, non euren tokia zuten herritar xumeen kezkek eta ekarpenek bizilagun-batzarretatik hasi eta batzar-nagusietarainoko estruktura organiko batean.

    Niri lotsa handia emango lidake etorkizuneko euskal estatua oinarrituko balitz zuzenbide erromatarrean edo anglosaxoiean, edo frantziar errepublika masonikoa edo estatu-sobietarra hartuko balu eredu gisa. Kanpokoekiko mirespena eta gurearekiko auzo-lotsaren adierazpen tamalgarria. Zenbat eren-aiton hil ziren trintxeretan Foruak defendatzearren? Hala, gure gudariei eta, orohar, Euskal Herriari egin diezaiokegun omenaldirik handienetako bat da foruen berpizkundea, egungo testuingurura egokituz jakina.

    Horrek guztiak eskatzen du zuzenbide eta historian adituak direnen arteko elkar-lana eta ikerkuntza handi bat, eta tankerako ekimenik ez da ikusten zoritxarrez, ez jeltzaleengan ez ezker abertzalean, ez inon.

    • Ni konforme, Hiltzen Hil. Horixe beharko genuke esparru honetan bezala beste askotan ere (pentsamendua, ekonomia, legedia, literatura, itzulpena…), adituen lana haiek behar bezalako baldintzetan aritu ahal izateko. Kontua da ez daukagula ikerketarako edo sorkuntzarako sistema arrastorik ere eta horretarako intentziorik ere ez. Bitartean agintetik hala foruez nola beste edozertaz egiten den manipulazioa erabatekoa da. Horixe da nik agerian utzi nahi nuena. Agintarien diskurtsoa nagusitu da eta ez adituen lana, diskurtso horretan “foru” esaten denean, jainkoaren legeaz ari dira, profetaren hitz sakratuaz, mesiasen etorreraz. Historia manipulatuz gauza batzuk sakralizatu dira, askapen prozesu baterako guztiz baliagarriak beharko luketenak, justu kontrakorako erabili izan dute, prozesu hori geldiarazteko eta mamiz husteko; Etorkizuna eraikitzeko beharko luketena,noizean behin sinatu beharreko morrontza eskandalagarria bihurtu zuten antzinen eta hor segitzen dugu egun ere. Izan ondo.

      • Hiltzen Hil 2017-06-22 18:40

        Ni ere ados nago zure irakurketarekin eta eskerrak ematen dizkizut gai hori mahian jartzeagatik. Izugarria da euskaldunontzatForuen potentzial sinboliko, historiko, sozial, etniko eta politikoa edo hori iruditzen zait niri.
        – Historikoki, foruak gure iraganeko subiranotasun politikoaren aurrekaria dira, hots, euskaldunon subiranotasun politikorako justifikazio historikoa.
        – Sinbolikoki, lege-zaharrek gure arbasoekin lotzen gaituzte zuzen-zuzenean. Eurek hasi, garatu eta, batez ere, defendatutako tradizio-politiko horrek duen potentzial sinbolikoa ikaragarria da. Foruen berpizkundean oinarritutako mugimendu abertzale batek matxinadetan edo guda karlistetan (eta bertan parte hartu zuten heroietan) aurki ditzazke bere eredu sinbolikoak. Imaginario sendo bat garatzeko sekulako eragilea da. Irlandarrek badute euren Irish Rebel music-a non ingelesen aurkako erresistentziaren egitandiak kantatzen dituzten. Guk tankerako eredu historikoak behar ditugu. Euskal epika bat behar dugu gure arimak aztoratzeko, eta foruen defentsaren historian badago zer aurkitu.
        – Etnikoki, euskal foruek ere berebiziko potentziala izan dezakete. Pentsa komunitate etniko/erlijioso guztiek dituztela euren barne-lege eta antolamendu-erak. Juduek Toran eta Talmudean oinarritzen dute euren komunitaeen barneko harremanak. Europako komunitate musulmanek Sharia legea erabiltzen dute euren komunitateak antolatu eta kohesionatzeko. Ijituen kasuan, familiako patriarkak dira euren barne-lege tradizionalak kudeatzen dituzten epaileak. Alegia, foruen berpizkunde-mugimendu baten bitartez nolabaiteko euskal estatu paralelo baten oinarriak ezar daitezke.
        – Politikoki, foruen berpizkundean oinarrituriko mugimendu politiko batek izaera transbertsala izan dezake, alegia, identidadea ezartzen du erdigunean ezkerra eta eskuina dikotomiatik harago; horrez gain, benetan unionistak diren erregionalista eta jeltzaleak berkokatzera behartzen ditu. Horretaz gain, aldarrikapen foralean sakonduz subiranotasun kota berriak lortu daitezke erabateko subiranotasunaren bidean
        – Sozialki, antolakunde foral tradizionalak potentzial handia du. Izan ere plataforma egokia da bizilagunen eta herritarren kexak gora igo daitezen, auzolangintza berpizteko edo lur komunal zaharrak berreskuratzeko.

        • Aupa Hiltzen Hil:
          Berandu izanda ere, zure iruzkina oso interesgarria iruditu zaidala esan nahi nizun. Interesgarria bezain iradokitzailea. Nik ere adituen lanaren beharra ikusten dut hor eta oso ekarri polita egin lezakeen lan ildoa seinalatzen duzu haientzat: Antzinako euskaldunen arautegia, arauak jartzeko moduak, antolatzeko moduak e.a. eta konkisten ondoren etorri ziren eta baten batzuei hainbeste gustatzen zaizkien morrontzak bideratzeko paktismo mota guztiak bereiztea. Bereizketa hori ez egitea ez ote den foruen inguruan dagoen nahas-mahasaren arrazoietako bat susmatzekoa da eta haien erabilera interesatua egiteko abiapuntu. Oztopoak baina, ez lirateke edonolakoak izango: Ez dago horretarako interesik, dirua azpiegitura erraldoietarako besterik ez dago eta teknikoki ere zaila litzateke iturriak urriak omen direlako.
          XXI. Mendean bizi nahian dabilen herria baldinba gara, herri horren eraketa proiektuan oso lagungarri izan daitekeen lana litzateke hori, eta akademikoki edo zientifikoki lukeen balore guztiaz gain, aplikazio praktikoak bilatu beharko litzaizkieke ondoren, gaur eta hemen, duguna dugula, mitifikazioa eta sakralizazio guztiak albo batera utzita. Izan ginen handian galtzea baino hobe dugu garen txikian izaten hastea.

          • Hiltzen Hil 2017-06-30 17:25

            Herri batek bere jatorrizko izaera eta arbasoekiko lotura galtzen badu, ez du etorkizunik izango. Ondo izan harrigarri

  • – Barkatuko didazu, laguna, baina foruen mitologia euskal herri xeheak eta euskaltzale eta protoabertzaleek sortutako kontaera modu bat da euskaldunon izaera nazionalari oinarri bat emateko. Bestalde, antropologikoki inbestigatzaile arrotzek (Humboldt, Sandra Ott) demostratu dute oinarriko euskal erakundearen berezitasuna bai jabegoa eta bai giza-harremanei buruz. Artikulugileari gogoraraziko nioke espainolek izan direla euskal foruen zergaitia eta kontzientzia erasotu dutenak eta erasotzen dutenak. Beste gauza bat da ustez abertzale bezala ageri diren batzuk, espainol eta frantses estatuen molde baliokide batetaz baliatua, euskal nortasunari harrika ibiltzea. Zure kasua.
    – Euskaldun herrialdeek konkistari bai, egia da, beste itxura bat eman nahi izan zioten, bai Nafarroan eta bai hiru probintzietan. Aipatzekoa da Monteagudoko Paloteatuaren bertsoa “hacia mil quinientos doce navarra se unió a castilla/sin abandonar sus fueros/así el pacto lo pedía”. Nahiz eta konkistatuak izan, euskaldunok jarraitu diogu gure izaera politiko sozialari eusten baldintza eta garai berrietan. Denok dakigu Nafarroa konkistatu zela. Baina nafarrak ez ziren konkistatuak izan, bere izate instituzionalaren oroimena eta egiazpena defendatu dutelako beti. Madrilek batzutan uzten zuen beste erremediorik gabe ez zuelako eta beste batzuetan atzera egiten zuen. Baina euskaldunok irmoki defenditu ditugu gure eskubideak. Eta okasioa sortu denean, gure eskubideak berreskuratu ditugu. Frankismoak ezabatu zituen kontzertuak eta berrogei urte geroago berrezarri ziren. Horri eskoziarrek “devolution” deitzen diote.
    Foruai deusestatzeko espainolek bi gerra odoltsu eta luze egin behar izan zituzten eta halaere ezinezkoa izan zitzaien guztiz foruak kentzea. Gelditu ziren eskubideak gure buru jabetzaren oinarri bat dira. Hori ukatzea urrutiko intxaurretako alegoria maximalista eta inexistente baten truke tranpa nazkagarria egitea besterik ez da.
    Jeltzaleek argi daukate gauden egoeran egoera aprobetxatu behar dela kendu digutena edo eman ez digutena lortzeko. Bestela pentsatzea, bestelako alternatibarik gabe, gure teilatuari harriak botatzea besterik ez da.
    Niri bost axola dit Espainia munduko herririk ustelena eta puroena bada, niri axola dit ea Espainiako gobernariek euskaldunon eskubidearen aurrean izango duten postura, ezker eskubi puro ala ustel gorabehera, hori espainolen kontua baita. Baina hemen noski badira tipo batzuk pentsatzen dutenak Espainia aldatu behar dugula. Joan daitezela beraiek beren lagunekin Espainia aldatzea, gu gure herriaren alde egin bitartean.
    Bai Harrigarri joan zaitez zure espainol lagunekin Espainia aldatzea. Ea beraiekin atmosfera puroagoa arnasten duzun.

    • Tira, gauza ondo tristea iruditzen zait niri, zerbaiten inguruko juzgua eman aurretik pertsonak sailkatu eta estigmatizatu behar izatea modu horretan, hanka sartzeaz gain ridikulu handia egiteko arrisku nabaria hartzen da gainera horrelakoetan. Beldurtzekoa da ikustea aurretik egindako juzguak noraino ailegatu daitekeen morroi bat itsutzea, aurrean daukagun testua ezin irakurriraino nonbait.

  • Eskerrik asko zure erantzun ezagatik, Harrigarri.
    Irakurri dut zure testua, gertatzen dena ez zaizula gustatzen erantzuna eta noski nirekin debatitzeko prest ez zarela. Zure eskubidea da.
    Hori bai, ni ez naiz inoren morroi, hori badela zure aldetik aurre juzgua zuri gustatzen ez zaizun iritzi bat deskalifikatzeko.
    Beldurtzekoa da zenbaitzuen harropuzkeri ideologikoa gure herri nortasuna eta gure herri alderdiak erasotzeko. Jarrai ezazu ezker suberanistaren morrontzan eta astolanean.

  • Harrigarri jaunak hau dio bere artikuluan:

    “Garaia dugu aspertzeraino sakralizatu dizkiguten foruak, aldundiak, kontzertu ekonomikoak, itunak eta abarrak, gure morrontzak ondo lotzeko baliabideak besterik ez direla izan pentsatzen hasteko edo hori ere izan direla bederen, pentsatzen hasteko”.

    Zer ikusia du horrelako adierazpen batek Hiltze Hil jaunari egindako adierazpenen ondoan? Harrigarri jaunarentzat foruak (ez goiko paragrafoan baina Hiltzen Hili egindako erantzunan) oso gauza politak dira. Baina foruen benetako izana, gaur egun gure burujabetzaren oinarri direna, hori berarentzat (ez dakigu zerren izenean) “morrontza”ren adierazpen dira. Behar da aurpegi gogor halakoa!