Web orri baten azpiegitura lotu, lau puntutan
Gero eta errezagoa da norberak bere web orria egitea. Hori bai, joan den astean aipatu bezala, garrantzitsuena ez da web orria nola egin, baizik eta nola biziaraziko duzuen aurretik jakitea, aurretik planifikatzea, helburua, interakzioa, arduraduna, eguneratze maiztasuna, neurketa, etab…
Lan hori egina dagoela, web orriaren azpiegitura muntatzeari ekinen diogu. Sarean gatazkan eta ahaleginetan aritu eta gero bada ere, ia-ia edozeinek egin dezake bere web orria HTML, PHP, Javascript eta gaineratiko hizkuntzak ezagutu gabe. Horretarako daude CMSak edo web orri baten osagaiak kudeatzeko sistemak. Ezagunena agian WordPress da, baina bere egitura blogetarako prestatua dago batez ere. Web orri batentzat Joomla da erabiliena, kontzeptu gutxi batzuk menperatuz gero, erabiltzeko errexa gainera.
Oinarrizko pausuak lau dira
-
Gure web orrirako aukeratu dugun izena erregistratuko dugu. Horretarako enpresa asko daude, baita doakoak ere. Gauzak erreztearen aldera, gure dominioa ostatatze enpresa berean erregistratuko dugu, alegia gure web orriaren edukia gordeko duen enpresa berean.
-
Ostatatze enpresa asko daude, bat aipatzeagatik ovh.com. Honen web orrian sartu, eta agertuko zaizkigun urratsak segituko ditugu. Lehenik aukeratu dugun izena libre den begiratu dugu, eta ondotik ostatatze alokairua begiratuko gure esku izanen den espazioari erreparatuz batez ere. Web orri handi eta konplexu bat egin nahi badugu, leku anitz beharko dugu, eta ttikia eta arrunta bada, kontrakoa. Dena dela lehen web orri batentzat ez gastatu 5 euro baino gehiago hilabetean.
-
Izena eta gure web orriaren etxea daukagula, etxe horretan altzariak eta haiek kudeatzeko sistema jarri beharko ditugu. Joomla erabiliko dugu horretarako. Haren web orrian sartuko gara, eta gure ordenagailura deskargatuko dugu. Eleanitza den herrialde batean bizi garenez, CMS hoberenetariko bat da, hizkuntza batetik bestera pasatzeko aukera ematen duelako, eta euskarazko bertsioa daukalako. Gisa berean, gerora begira gure hasierako web orria aberasteko aukera asko ematen ditu.
-
Altzariak gure ordenagailuan ditugula deskonprimituko ditugu, eta alokatu dugun etxera eramanen. Horretarako FTP bat erabiliko dugu, Filezilla programa adibidez. Programa gure ordenagailura deskargatu eta irekiko dugu. Orduan gure ordenagailua gure web orriaren etxearekin konektatzeko datu batzuk eskatuko dizkigu, ostatatzea kontratatzean lortu genituen datu batzuk alegia: etxearen izena (Host), erabiltzailearen izena eta pasahitza. Hauek bete eta Filezillari esker, ezkerreko aldean gure ordenagailuan dauden dokumentuak ikusiko ditugu eta eskuineko aldean gure web orriaren etxean daudenak. Une horretan mudantza egitea besterik ez zaigu falta. Horretarako Joomlatik deskargatu ditugun artxiboak ezkerretik eskuinera arrastratuko ditugu.
Hori eginda, gure web orria martxan da, gure etxe berrian bizi gaitezke, baina hura ordenatzea, eta hasi aurretik planifikatutakoa martxan jartzea gelditzen zaigu. Horretarako nabegatzailean gure web orriaren izena jarriko dugu eta ondotik /administrator web orriaren edukiak kudeatu ahal izateko. Erabiltzailearen izena galdetuko digu, eta hori kasu guztietan admin izanen da, eta gero aukeratu dugun pasahitza. Gaurko hemen geldituko gara. Gure web orriaren azpiegitura lotu dugu, baina oraindik asko falta zaigu nahi dugun erara moldatu ahal izateko. Datorren astean gehiago.