Tren istripu batean 60 hildako eta 150 zauritu izan dira Indian

2.15etan izan da istripua. 60 pertsona hil eta 150 zauritu dira gaur goizaldean Mendebaldeko Bengalan (India) izandako tren istripuan. Ezbeharra Sainthia geltokian suertatu da, Calcutara zihoan trenak Vananchal Express konboiaren aurka jo duenean. Lehenengoak Koch Bihar eta Calcuta lotzen ditu eta geltokian geldialdia egin beharra zuen. Argitu gabeko arrazoiengatik, baina, trena ez da gelditu eta abiada handian bidaiariz beteriko trenarekin kolpatu da, azken honen atzeko bagoiak erabat suntsituz.

MjkxOA==

Hildakoei dagokionez, 57 bidaiariak ziren eta hiru langileak. Bengalara zihoan treneko gidaria eta bere laguntzailea eta Vanchal Express konboiko segurtasun guardia dira hildako enplegatuak. Zaurituak -horietarik 35 larri daude- Sainthiako ospitalera eraman dituzte.

Sainthian geldirik zen trenak Bhagalpur (Bihar) eta Ranchiren (Jharkand) arteko ibilbidea egin behar zuen. Berandu zebilen eta abiatzeko prest, Calcutara zihoan trenak atzetik jo du.

Bigarren istripua

Bi hilabetetan bigarrenekoz izan da tren istripua Mendebaldeko Bengalan. Maiatza hondarrean 148 pertsona hil ziren antzeko ezbeharrean. Calcuta-Bombay ibilbidean zen trena errailetik atera eta kontrako norabidean zihoan merkantzia trenaren aurka jo zuen. Orduan gerrila maoistari atxiki zioten sabotajea, baina hauek bertan parte hartu izana ezeztatu zuten.

Gobernuak bart gaueko istripuaren kausekiko zalantza duenez, jazotakoaren inguruan ikerketari ekingo diola iragarri du Banerjee ministroak.

 

Tren istripu andana izan da azken hamarkadan Indian, eta istripuen bilduma eskaini digu Aljazeera egunkariak.

Irudia | Mendebaldeko Bengala | PlaneMad | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.