Usurbilgo ituna: "Zubietako errauste-plantak ez du inolako babes sozialik Gipuzkoan"
Hau da prentsaurrekoan irakurritako agiria:
1- Zubietako errauste-planta zentzugabekeria arriskutsua da Gipuzkoarrontzako, gure osasuna, ekonomia eta ingurumena kaltetzen dituelako.
2- Zubietako errauste-plantak ez dauka inolako babes sozialik Gipuzkoan. Gipuzkoarren borondatearen aurka hartutako erabakia da. 35.000 sinadura daude erantzun baten zain. Gipuzkoarrok geure burua maite dugu, baita geure seme-alabena ere, eta horregatik, ez dugu errauste-plantarik nahi geure lurraldean.
3- Errauste-plantak gipuzkoarrok arnasten dugun airea zabortegi bihurtuko luke, eta ez gaude hori onartzeko prest, inondik inora. Nahikoa izan dugu zabortegiekin, eta garaia da gauzak egiteko modua aldatzeko. Errauste-plantak zabortegi toxikoak sortzera behartuko liguke, errausketaren errauts toxikoak gordetzeko, eta gure inseguritatea handituko luke.
4- Gipuzkoarrok ez dugu ezer irabazten errauste-plantarekin. Galdu, ordea, asko. 400 milioi euroko gastua gehiegizkoa da lanposturik apenas sortzen duen azpiegitura batentzako, areago krisi egoeran. Horren ordez, bilketa eraginkorra, birziklapena eta konpostajea azkartuko dituzten industria eta ikerketa-lerro berdeak behar ditugu. Gipuzkoak aurrea hartu behar dio etorkizunari, Usurbilek urtebete eskasean egin duen bezalaxe.
5- Gipuzkoa “zero zabor lurraldea” izan daiteke, eta munduko lurralde aurreratuenen pare jarri, gure osasuna babesteko eta beroketa globala gelditzeko. Usurbilgo Itunak helburu horrekin egingo du lan. Hain zuzen, Usurbilek erakutsi digu bidea: organikoaren %100 biltzen du egun; 77.500 kg organiko bildu ditu 2010eko martxoan; %82 murriztu du zabortegira botatzen duena, eta botatzen duen apurra ez da toxikoa, organikorik gabeko hondakinak direlako; bilketa selektiboa %80ko langa aspaldi gainditu du.
6- Hortaz, bilketa selektibo eraginkorra, birziklapena eta konpostajea dira zaborren arazoa konpontzeko gakoak, eta ez teknologia kutsakor eta arriskutsuak. Hartara, zaborren arazoa konpontzeko teknologiarik onena eta seguruena herritarrak dira.
7- Usurbilgo Itunak berretsi egiten du 6 urteko moratoriaren eskakizuna Gipuzkoako Diputazioari. Aldi berean, 6 urte horietan zehar Gipuzkoa osoan “zero zabor” programa zabala ezartzeko deia egiten dio, errauste-planta toxiko eta oso garesti bat egin aurretik jakin behar baitugu gai ote garen hondakinen arazoa konpontzeko errausketarik gabe. Gipuzkoako Diputazioak ezin dio aukera honi bizkarra eman, ezin die gipuzkoarrei bizkarra eman, gipuzkoarron zordun delako, eta ez alderantziz.
8- Usurbilgo Ituna sinatzen dugun erakunde, sindikatu, elkarte eta alderdiek zera adierazi nahi dugu, bukatzeko: gure egin ahal guztia egingo dugu gipuzkoarrek ahalik eta gehien birzikla dezaten, inongo erraustegirik erretzekorik izan ez dezan.
Sinatzaileak: Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Erraustegiaren aurkako plataforma, EHNE, ESK, LAB, CCOO, ELA, Alternatiba, Aralar, Ezker Abertzalea, Ezker Batua, Berdeak.