Lasterka
Fikzio hutsarekin nekatu eta errealitatera hurreratu zen Jean Echenoz. Nobelak berezko dituen tresnekin, oinarri errealeko fikzioak egiten hasi zen. Ravel lehena. Des éclairs, Nikola Tesla asmalariaz, azkena. Tartean, Lasterka hau, Emil Zatopek korrikalariaren atzetik dabilena. Atzetik, diot, ez baita biografia gordina, ez memoria soila, ez historia hutsa. Nobela dela esateak ere ez digu askorik laguntzen, nahiz eta aipatutako guztietatik baduen zerbait. Hartzen du Echenozek pertsonaia, zukutzen dio bizitza, eta sartzen du edontzian iruditzen zaiona. Korrikalari bizitza fokatzen dio, igoaldi-jaitsierak, mitoa gizendu baino gizondu egiten du, humanizatu. Haren korrikaldia beste erraldoi baten eskutik joan zela gaztigatzen digu, komunismoaren ondotik. Irudi lezake bat dela Historia eta bestea Zatopeken istorioa, baina bat egiten dute kontakizun osoan zehar, giza-eme ororenak bezalaxe egunerokoan. Ikusiko dugu irabazle eta ez konforme, ikusiko dugu galtzaile eta pozik, ikusiko dugu lasterka, helmugaren baten bila, baina zerbaitengandik ihesi bezala. Ikusiko dugu tipo bat, lasterka hasi nahi ez, baina behin abiatuta, berriz atzera gelditu ez zena.
Lasterka
Jean Echenoz
Itzultzailea: Gerardo Markuleta
Meettok, 2011
4 puxtarri 5etik
“Ravel”-ek, behintzat, ez ninduen konbentzitu: inpostatuegia iruditu zitzaidan dena. Ildo beretik al doa hau? Ahalegina egiteko, ala ez…
“Lasterka” soilagoa iruditu zait, naturalagoa, errazago sinesten da pertsonaia, istorioa bera; ez da batere pretenziosoa, kontrara, Zatopek-en irudiarekin bat datorrela iruditu zait, apala, xomorroa, landua; eta txukun kurritzen du (hau, Zatopekek egiten zuenaren aurka).
Eskerrik asko iritziagatik, Aritz. Aukera bat emango diogu, bada.
Txarren-txarrenean, onena: labur-laburra dela (eta gutxi iraungo dizula niganako haserrealdiak)