Euskarak mendez mende iraun du. Benetan?
Euskarak mendez mende iraun du. Benetan?
Egia da noski, hainbaten ahotan sarritan entzuten dugun esaldi hau. Gutun berau eta honen irakurleak lekuko, urrunago jo gabe. Halere ez da egia osoa. Beste hainbesteko egia litzateke esango bagenu euskara etengabe hiltzen aritu dela mendez mende eta duela hogei mende zuen lurraldearen zatitxo batean baino ez dela bizi gaur egun. Irautearen kontua ederra da gure harrotasuna eta autoestima suspertzeko baina etengabeko heriotzaren kontuari bizkar emanda bizi bagara, hura aintzat hartu gabe, euskara erabat galdu arte jarraituko duen arriskupean jartzen gara. Askorentzako, etengabeko heriozpidea amaitu eta irauli egin da azken urteotan erdietsitako lorpenei esker: Euskara batua, euskarazko irakaskuntza eta komunikabideak, euskararentzako lege babesa, e.a. Halere, pentsatu beharra dago horiek gabe ere, euskarak mendez mende iraun duela gaurdaino bizirik iritsi den lurraldeetan.
Bada zerbait beraz, hizkuntzaren batasuna euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak eta euskararentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan ere, zenbat iraun du euskarak bere etengabeko atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu zaionean? Mende bat, mende terdi, bii mende? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lurra eman geniela eta honuzgero hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen.
Elebakarren oxigenoa amaitu zaigu baita euskararen lurraldeko zokorik ezkutuenean ere. Elebakarrik gabe euskararenak egingo du apurka apurka azken bi mila urteetan egin duen bezala Garonatik Ebroraino, ohiko mende parean. Noski, gaur egun ezin da ezinbesteko elebakar haren antzekorik sortu. Elebidun eta eleanitzen garai honetan hautazko elebakar funtzionala sortu behar da: euskaltzalea. Gaztelera, frantsesa edo ingelesa hitz egin arren, euskara besteen gainetik hautuz eta ohartuki hobetsiko duena bere bizitzaren egoera guzietan. Besteak baino maiteago duelako. Besteak baino bereago sentitzen duelako. Hezkuntza sistemak eta batez ere euskal komunikabide publikoetan zabaltzen diren ereduek, elkar hartuta lan egin behar dute elebakar funtzional hauek sor eta ugal daitezen. Gaur egun gehienbat sortzen diharduten elebidun indiferenteak azken eta erabateko heriotzaren ataria direlako. Azken bi mila urteotan izan ohi diren moduan.
Beraz euskararen etorkizuna euskaltzaleen esku dago… ba gureak egin du orduan. Euskaltzaleak badaude eta gero ere izango dira baina hori afizioa bezalakoa da: batzuk euskararekiko afizioa hartuko dute baina gehiengoak ez. Ehizarako afizioa garatzen dute batzuk baina gehiengoak ez. Argazkigintzarako afizioa garatzen dute batzuk baina gehiengoak ez. Eta afizio bat duenak ez du ulertzen besteek nolatan ez duten afizio hori gustoko, nola litekeen afizio horri edertasunik ez topatzea, nola litekeen afizio hori ez gozatzea. Euskaltzaleak ez du ulertzen Euskara bezalako hizkuntza batetaz ez maitemintzea. Eskoziako batek esan zidan duela gutxi: “euskararen berri izan nuen eta shock egoeran gelditu nintzen, hain ezberdina, hain misteriotsua… eta Europaren erdian hantxe zegoen eta nik ez nekien”. Maitemindu zen eta hona etortzen da ia urtero hemengo euskaltegi batean euskara ikastera eta oso ondo hitz egiten du eta ulertzen du. Ezagutzearen eta konsziente izatearen arteko aldea. Denok ez gara konszientzia maila berera iristen gai guztietan. Hor dago koxka!
Beraz, euskarak behar duena legea da, Euskal Herrian hizkuntza ofizial bakarra euskara eta hori estatuarekin lortzen bada, ba estatua behar da.
Ah! Eta elebakarrak oraindik badaude, nik ezagutzen ditut , benetan diot. Baina daudenak ezkutuan daude, nork nahiko luke agertu? Euskaldunek beraiek egingo lieke barre eta!
Arrazoi duzu, parre egingo lioteke, eta hori ez du lege batek aldatzen. Zaletasuna ondo landuz gero “afizioaren” maila aise gaindi daiteke eta gizartean zabal hedatu eta sakon sustraitu. Ez dugu urrun joan behar horren adibidea aurkitzeko: Katalunian dugu. Eta independentzia euskara salbatzeko bidea bezala baino, euskara zabaltzea eta nagusitzea ikusten dut nik independentziara egunen batean eraman gaitzakeen bide bakarra. Hori ikusten ez duenak Sabino Aranaren “Errores catalanistas” zoritxarrekoaren bidean barrena jarraitzen du. Eta ehun urte nahiko behar lukete okerraz jabetzeko. Ala ez?
Eta nola nagusitu daiteke euskara? Bai, arrazoi duzu… euskara nagusitu gabe independentzia ezinezkoa ikusten dut baina idependentziarik gabe euskara nagusitzea ere ezinezkoa iruditzen zait. Bigizta amaigabea! Zu euskaltzalea zara, ni ere bai… baina oraintxe bertan hemen idazten ari garena idazten ibiltzeak friki batzuren parean jartzen gaitu euskaldun gehiengoaren iritziz. Euskaltzalea zara eta euskaltzalearen prismatik ikusten dituzu gauzak baina gehiengoa ez doa hortik nahiz eta euskaldunak izan. Niri ere gauza bera gertatzen zait eta neure buruari gogorarazi behar izaten diot.
Lehen urratsa jendea lozorrotik ateratzea egoeraren larriaz ohar dadin. Eta bitartean frikiak gotortu, normalak garen txoko birtual hauetan. Gogoa eta plaza gotortua izanez gero gutxi izanda ere luze irauteko gaude.
“Eta independentzia euskara salbatzeko bidea bezala baino, euskara zabaltzea eta nagusitzea ikusten dut nik independentziara egunen batean eraman gaitzakeen bide bakarra” Arrazoi osoa.
Euskara nagusitzeko EITB bezalakoen kontrola behar da edo presioa egin, EITBk (adibidez) bultzatu beharko luke euskaraz, gazteentzat 2BRUCE WILLIS ek espaƱolez egiten du, eta beraz “kazero” edo “urde” batekin sartu, aldiz BRUCE WILLIS ek haien buruak EUSKARAZ egingo balu, euskara ere “guaya” litzake.EITB helburu estrategiko bat da, eta oraintxe etsaiaren eskuetan dago.
Ze zaila den mobiletik ondo idaztea š
“Eskoziako batek esan zidan duela gutxi: āeuskararen berri izan nuen eta shock egoeran gelditu nintzen, hain ezberdina, hain misteriotsuaā¦ eta Europaren erdian hantxe zegoen eta nik ez nekienā. Maitemindu zen eta hona etortzen da ia urtero hemengo euskaltegi batean euskara ikastera eta oso ondo hitz egiten du”
Nik antzko esperientzia izan nuen tipo Belgiar batekin, baina etorri zenerako oso ondo zekien euskara, izan ere bere unibertsitatean ikasi zuen.
Hori bai, ez espero holako albisteak EITB n ikustea, errazagoa da hona TORTILLA PATA bat egiten ikastera etorri den txinatar bat agertzea gure komunikabideetan, kasualitatezkoa dela uste duenak………..ez daki zein garrantzizkoak diren komunikabideak gaur herri bat esistitzen ez dela ere sinistu arazi nahi duenarentzat.
Euskaldunei euskaltzaleak izatea eskatzen zaigu. Espanol gehienak ez dira espanolzaleak eta begira zeinen hizkuntz indartsua duten!
Guk geuk ez badugu euskararen etorkizunean sinisten, nork sinistuko du? Bestalde egungo gizarte globalizatu honetan, elebakarra izateak ez dio inori onik egingo, nik uste. Eta bukatzeko, Darwinek zioenez, bizi iraupena ez dago indartsuenaren esku, baizik eta uneko egoerara moldatzen dakienaren esku.
Elebakarrik ez dago, eta gaurko egunean gutako inork ez luke elebakarra izan nahi; bai ordea euskaldun peto, euskara lehen hizkuntza (hizkuntza nagusi) duen hiztun. Hurrengo belaunaldiekin saiatu behar dugu hori lortzen, euskara lehen hizkuntza (hizkutnza nagusi) izango duen belaunaldi bat lortu, eta haiei ahalik eta tresna eta aukera gehien eman horrela bizi daitezen.
Bat nator zeharo zurekin. Inork ez luke gaur ezin besteko elebakar izan nahi. Elebakar funtzionalak lan bera egin dezake eta eleanitza izaki, euskararen prestijioa goratzen laguntzen du. Bat zeharo halaber hurrengo belaunaldiaren zain egon beharrarekin, oraingoarekin jai dugu eta. Bai, zain, baina hitzaren bi adierez, alegia, esperoan eta zainduz. Eta horretarako gauza asko aldatzen hasi behar dira hezkuntza sisteman eta hemengo komunikabide publikoek transmititzen dituzten ereduetan.
Elebakarren erreferentzia bizia sinbolo garrantzitsua izan da euskaldun garaikideontzat. Izan ere, Euskal Herri arkaiko eta aratz haren eredu bizia ziren, modernitateak kutsatu gabeko harena. Eta elebakarrekin batera, badoaz pixkanaka-pixkanaka gure euskal agureak ere, herri hontako arima tradizionalaren azken adierazleak.
Hemendik aurrera geratuko zaiguna ez da zenaren karikatura bat besterik izango, modernitatea eta globalizazioaren ozeanoan murgilduriko gazte euskaldunak: europako edozein gazteren antzekoak, bai azalean eta bai barrenean, apenas arima propiorik gabe eta euskara traketsean mintzatzen. Gure arbasoen lotsa.
Eta hori gutxi balitz, ez dago errelebo generazionalik, ez dira ume euskaldun nahikoa jaiotzen, mestizaje kulturalak eta atzerritarren inbasioak aurrera darrai… eta, gu, herri moduan, zeharo ahuldurik, etsiturik, zaharturik eta koldarturik gaude, ezgai garelarik etorkizunari aurrez begiratzeko. Ikuspuntu objektibo batetik begiratua, galdu dugu jada historiaren trena.
Trena galdu dugula uste izango bagenu ez ginateke plaza honetan egongo. Ez dut uste euskararenak egin duenik oraindik, are gutxiago interneten eskaintzen duen gotorleku berria izanda. Luze iraun dezake oraindik apurka higatuz eta ximelduz. Baina naro loratzeko behar duen nagusitze soziala, hori bai dela betirako gal dezakeen trena, datozen urteetan hainbat gauza errotik aldatu ezean.
Zebat milioi elebakar daude Frantzian? Espainian? Estatu batuetan? Jaio zaren ta bizitzen zaren lekuan bizitza garatu dezakezun bitartean, biztanleriaren gehiengoa ez du bigarren hizkuntza bat beharko ezertarako.
Teknologia berriak aurrera egin ahala gailutxo batekin edozein hizkuntza eskura izango dugunean oraindik ta gutxiago.
Gauza da hemen elebakarra izan zaitezkeela baina Gazteleraz edo Frantsesaz soilik, ze eskolan Ingeles pixkat ematea, gero inoiz erabiliko ez dezuna (gehiengoari buruz ari naiz) ez zaitu elebiduna egiten.
Hemen elebidun gehien gehienak euskara ta gaztelania dakitelako dira, nik elebiduna naiz, nahiz ta Ingeles pixkat dakidan, ta zertarako erabiltzen duten nire ezagun gehienak euskara edo gaztelera ez diren beste hizkuntzak? Ezertarako ez.
PAIa bezalako hizkuntz ereduak gainera desberdintasun gehiago zabaldu ditu.
Dirua duena akademiara jotzen du Ingeles maila bat izateko (suposatzen da hortarako zegoela PAIa, akademietan ingelesa ikasi behar ez izateko ta mundu guztia ikas zezan maila ekonomikoa kontuan hartu gabe), dirua ez duenak, matematika ingeleses ulertzeko gai ez dena ingelesarengatik, akademiara ezin du joan.
Horregatik Ingeleseko irakaskuntzarekin zerikusia duen (akademia, irakasle) guztia NAfarroan izugarri hazi da PAI delakoa ezarri zutenetik.
Ta akademiera joan al duenak, lan gehiago du baina gauzak ulertzeko gai izango da ingelesez (ta ez PAIrengatik), baina dirua ez duenak bazterrean geldituko da.
Horretarako omen dago eskola publikoa?
Elebitasuna? Nor nahi du denbora oron hizkuntzaz adatzen egon? Nik ez.
Euskaraz hemen bizitza egin ahalko banu, gaztelera ez nuen beharko, ta emigratzen badut jada ikasiko dut.
Ta ez du erran nahi hizkuntzak ez direla ikasi behar, baina obsesio hau, alferrik izateaz gain, euskara ahultzen du nire ustez. Ingelesarekin bazterrean ez delako gaztelania geratzen euskara bazik.
DiruZaindiak eta Sustapen Batzokiak konponduko (eta kobratuko) dute.
Nahiko ezkorrak dira hemen irakurritako iritziak. Orokorrean eta EH osoa kontuan harturik, duela 40 urte baino askoz hobea da euskararen egoera egun, eta zergatik ez da izango, aldi berean, 40 urte barru oraingo egoera baino hobea? Aldaketak nahi baino astiroago doazela zalantzarik ez, baina horrek ez du esan nahi atzera goazenik, euskaldun elebakarrak desagertu arren.
Jendea euskara ikasteak ez du esan erabiliko duenik eta kontuta izanda herri euskaldunetan geroz eta erabilera urriagoa dela, ez dakit nik egoera oso ona izango denik… Agian aukera gehiago egongo dira hainbat esparrutan euskara erabiltzeko baina erabilera ez da nabari.
http://www.gipuzkoakodatuak.net/eu/atlasa
(aukeratu “euskara”, “aukeratu biztaratuko den adierazlea” eta azkenik hautatu “Lehen hizkuntza. Euskara (%)” Han ikusi dezakezue nola euskara lehen hizkuntza duten horiek geroz eta ehuneko txikiakoan bilakatzen ari diren.
Marka litzateke duela 40 urte baino hobeto ez egotea, frankismotik irten berriak ginela aintzat hartzen bada… EAEn. Zeren Nafarroan egoera ez baita orduan baino hobea eta Iparraldean are okerragoa da.
Hala ere, erabilera ez aurrera baina apur bat atzera doa, eta hori da hizkuntza baten egoeraren benetako termometroa, Jaurlaritzak zabaldutako eta euskalgintzak oro har isilik irentsitako plazebo-datuak gora behera.
Adierazleak nahi dituzu? ETB1ek ez du %2aren langa gainditzen. %70 elebidun, dauzkaten herri askotan ere, euskararen erabilera malda behera doa, zenbat irakurle dauzka egunkari euskaldun bakarrak? Zenbat egunkari erdaldunek?
Ikastoletan eta D ereduko ikastetxeetan euskararen erabilera datuak oso kezkagarriak dira herri gehienetan (haurren gurasoen erabilerari erreparatu besterik ez dago egoera ulertzeko), aisialdiko eta kultur eskaintza erdaraz da %99an…
Jaurlaritzaren eta bere eskolakoen fikziozko kontakizunak sinestea libre da, baina belarriak zabaldu eta begiak ireki bezalakorik ez dago, egoeraren larriaz jabetzeko.
Egia esan, ez dut Iparralde eta Nafarroako egoerak zuzen-zuzen ezagutzen beraz ezin horri buruzko iritzirik eman eta Jaurlaritzak zer dioen, niri bost. Baina zuk diozunez, belarriak eta begiak zabalduz, azken hamarkadetan lortu dugu euskal prentsa bat eta aldizkari anitz sortzea, euskal telebista bat, euskeraz hutsez irrati kate ugari, lanbide askotarako euskara behar-beharrezkoa izatea, euskara teknologia berrietara hedatzea, ikastolak non-nahi, unibertsitate ikasketa guztiak euskaraz egiteko gero eta aukera gehiago…
Arrazoia duzu egoera tamalgarriak ere badirela diozunean eta nik ere nahiago nuke aldaketak nabarmenagoak izatea. Agian, gakoa botila erdi hutsik edo erdi betea ikustean datza edo agian herri euskaldun peto-petoan bizi zara eta ni ordea erdal girotik euskalduntze girora doan herri batean. Horrek ez du esan nahi bertan gozo gelditu behar dugunik, besoak antxumaturik, baina orain arte eta epe laburrean lortu duguna, ezin uka dezakegu.
… eta horiek guztiak izanda ere, erabilpenak behera egin. Zer gehiago behar duzu kezkatzen hasteko?
Ni azkeneko bi urteetan, zenbait tokitan, Juan Ignaziok proposatzen duen jarrera hartu dut, ala anztekoa, bederen. lanbideak ahalbideratzen dit, aitortu behar, helduei eskolak ematen baitizkiet. Baina, halere, zabal daitekeen jarrera dela uste dut. Esaterako, euskara ulertzen dutenekin ez dut sekula gazteleraz egiten. Berdin du beraiek zein hizkuntzatan erantzuten didaten, baina euskara euren egoera komunikatiboetan sartzen lortzen dugu eta egun gehienek normaltzat hartzen dute, izan ere, euren euskara “hobetzeko” balio duela esaten diet. Bada….ez litzateke urrats makala izango euskaldun aktibook euskara ulertzen dutekin sistematikoki eta publikoki euskara hutsez egitea, gaztelera ala frantsesa jakingo ez bagenu bezala. Katalinian jarrera hori %14k baino ez du omen hartzen eta eraginkorra dela ematen du.
Bi aukera daude: Marytwo-k bikain definituriko plazebo-datuak irentsi eta lasai eta pozik hil, edo begiak ireki eta errealitate gordina ikusi.
Hego Euskal Herrian eta 2016an (Ipar Euskal Herria nahi baino gutxiago ezagutzen dut, baina ez dirudi bertako egoera batere hobea denik), biztanleen gehiengoa ELEBAKAR ESPAINOLA da eta ez du aldatzeko inolako asmorik. Gero, badugu nolabaiteko minoria garrantzitsu bat edo, “euskararen kontra ez dagoena”, folklore-mailan eta txakurrari bi hitz egiteko ongi ikusten duena, baina benetan garrantzitsuak diren gauzetan ezta okurritu ere euskara espainolaren gainetik (ezta maila berean ere) jartzerik. Bigarren talde honi Baskoak deitzen diet nik.
Azkenik, hirugarren taldea, ez dakit Euskaltzaleak deitu edo, benetan eta urte osoan euskaraz bizi nahi dugunak eta ez ETB2 edo Gara-ren modeloaren jarraitzailke baskoak. Zenbat gara? Oker egoteko beldur handirik gabe esango nuke biztanleriaren %5era ez garela iristen. Eta gainera, konplexuz beteta gaude horietatik gehienok.
Baldintza horietan ez da posible ez euskarak eta ez beste edozein hizkuntzak luzaro irautea. Independentzia lortu bitartean judutarren antzera lobby indartsu bihurtzen ez bagara, hemen gureak egin du hamarkada gutxitan.
Erabat ados. Lobyak behar ditugu, euskararekiko konpromezua duten dirudunak, ospe handiko jendea, punta-puntako zientzialariak eta artistak. Artaldeak nori jarraitzen dio? Alde baterako joera ikusten duenean hara mugitzen hasten da besterik gabe. Gaur euskara ikasi nahi ez duen elebakarra bihar lasai asko euskararekin harro egon daiteke. Dena artalde kontua da, ez dago jarrera eternorik. Artaldea mugiaraziko duen jendea behar dugu eta hori prestigioaren bidetik izan behar duela iruditzen zait. Jendeak norbait izan nahi du, besteak baino gehiago izan nahi du eta euskara erabiltzeak glamourra ematen diola ikusten badu hara joango da burubelarri. Prestigioa, pertsona ospetsuek ematen die tamalez bada ere. Ba lortu dezagun pertsona ospetsuak euskararen alde lobia egiten izatea.
Biekin erabat ados, “beste bat” askok pentsatzen dugna idatzi duzu hitzez hitz, eta agian jakin gabe bide batzuk proposatu dituzu, pozten nahiz burua erabili eta arazoei aurrez aurre begiratzeko gaitasuna duen jendea ikusteaz. “datu plazebo” espresioa erabili izana ezin zuzenagoa da, ze juxtu engainuaren muinean heman duzu.
Modernoa eta aberatsa omen den eremu honetako alderdi politikoek eta administrazioek ez dute baliabide askorik gastatzen euskara edo gure herriaren bizirauupena zihurtatzeko, milloiak gastatzen dituzte edozein ergelkeria defizitarioan (defizitarioa guretzat ez euren hurbileko lagun eta familikideentzat) eta noski, euskerarekiko datu negatiboak ateratzen direnean pixka bat “kozinatu”, “datu plazebo” pare bat, eta albistea 3 egunetan albistegietatik fuera.
Garaia da Europako eta munduko beste herri askok bezela KONTZIENTZIA hartu eta mugi gaitezen.
Euskarak duen salbazio bakarra zerean datza: euskaldunak, testuingurua edozein delarik ere, lehenetsi egin behar du euskara; bestela, jai.
Ados, Katalanek egin dutena urte guzti hauetan guk ez bezela, gero katalanak omen dira peseteroak, gu saldu gintuzten kontzertu ekonomikoaren truke, katalanak aldiz euren esana, haiek kontzertua baino kultura eta hizkuntza aukeratu zuten.
Egia da diozuna. Itun ekonomiko “miresgarria” lehenetsi eben orduko gure negoziatzaileek. Sasoia da esateko karlistak, bai, izatez karlista hutsak zirenak ( nahizta beraiek etiketa hori ukatu, nola ez) negoziatu zutela herriaren izenean .Hain zuzen be, euskal kulturarekin zer ikusi duen guztia bigarren edo hirugarren mailan sentitzen zutenak .Honek, daukaguna errazago ulertzen laguntzen du.
Euskera, beste hizkuntzak bezela, gozamenak salbatuko du bakarrik. Gaur eguneko gazteak ez du gozatzen euskeraz hitzegitean. Ikusi eta ikasi duen eredua akademizista hutsa delako eta euskera horrekin lotzen duelako solik. Eta esan egin behar da, irakaslegoaren euskera maila txarra da orokorrean- ez da bere errua guztia, berari ere horrela irakatsi baitiote- , ez du ezagutzen soilik ahozkotasunetik jaso daitekeen aberastasun guztia, argot-ak…. Beraz, nola gozaraziko behar dio inori bera juxtu-juxtu badabil?). Hor dago benetako kakoa, nire uste apalean. Transmisio aberatsean eta tokian tokiko goi mailako komunikazioa lortuko duten argot-ak indartzean.
Gozamenak bainoago, beharrak. Eta beharretik dator erabilera, eta erabileratik gozamena.
Hemen nagusitu den diskurtsoa “borondatekeriarena” da. Unionistek, guztiek, euskara egitera “intimitatera” bidaltzen gaituzte, hots, eragozpenik eragingo ez diegun eremura.
EAJ borondatekeriaren eta ardurak besteratzen erregea da. Euskarari ikaragarri maite omen dute JELtzaleek, platonikoki baina. Hainbeste maite dute ze, ez dadin gasta, erabili ere ez baitute egiten (salbuespen batzuk badira).
Ezker abertzalean gatazka dago euskaldun euskaltzaleen eta euskalitxurazaleen artean. Bestela esanda, Berriatarren eta Garatarren artean. Oraingoz Garatarrak dira nagusi, eta hori aldatzen ez bada, ez daukagu zer eginik. Zulora arian-arian.
Bai, diozun bezala, beharra irakasle ona da. Baina zoritxarrez oso urrun gaude egoera horretatik. Bitartean, hobe kasik belarriak eta burmuina seduzitzeko erabiltzen ditugun tresnak egokiak diren ala ez birplanteatzea.
Arrazoi osoa, zurekin ados, eskelak ikusten ditudanean, nere aitonamonen historiak entzun, eta birraitonenak ere, argiago ikusten det gertatzen ari dena.Euskaldun jatorrak badoaz, eta gelditzen zaiguna, gazteria, nire lagunak barne, ezker abertzaleko “estetika” mantendu bai, manifak…..zer diot, jai “errebindikatiboak” bai, etab.. baina euskeraz era egokian komunikatzeko gaitasunik ere gabe. Gazte edo gaztetxe bateko youtuberako jai-errebindikatibo-bideo bat egiten duten bakoitzean ikusten dugu euren euskara maila, euskaraz soilik komunikatu edo dokumentu bat egin behar dutenean maila kaxkarra, eta egun guztia aldiz erdara hutsean.