Donostia LIBRE 2016
Donostia LIBRE 2016
Apirilaren 9 eta 16 arteko astea mugitua izango da Donostia aldean; duela hiru urtetakoa ez baitzen aspertzeko modukoa izan. Hiru urte pasa dira Boulevard-ean Herri Harresia eraiki zela. Denbora azkar pasatzen da, pentsatu dut; ondoren gaizki sentitu naiz. Espetxeratu zituzten gazteentzako ez da hain azkar pasatzen ari, oraindik barruan daude.
Justizia balantza batekin irudikatzen dugu. Ofizialki orekatua egoten da, baina denok dakigu beti aldera batera jotzen duela bestera baino gehiago. Bereziki interesgarria iruditzen zait apirilaren 13an egingo den mahai-ingurua, “Komunikabideak: adierazpen askatasuna eta Mozal legea” lemapean. Fidel Castrok duela urte asko esan zuen etsaiaren gezurrak salatzeaz gaindi, indarra jarri behar genuela egia zabaltzeko. Mahai-inguruan Argia eta Ahotsa.info-k hartuko dute parte, baita LaHainek ere.
Balantzaren kontuarekin jarraitu nahiko nuke. Duela oso gutxi hasi naiz sare sozialak erabiltzen, urte erdi eskas. Twiterren mugitzen naiz bereziki, baina Facebook eta Pinteresten ere ibiltzen naiz zerbait. Kontua da twiterren, dirudienez, euskal herritar independentista, euskaltzale, feminista, ezkertiar… (tartean “eta” nahiz “edo” sartu) asko eskuineko jendea jarraitzen aritzen direla. Badute (badugu?) morboso edo masoka puntu bat, ene iduriko; beti esan dut Intereconomiaren audientzia erdia, gutxienez, bere burua ezkertiartzat daukan jendea dela. Terapia moduko zerbait izango da, psikologoa baino merkeagoa. Kontua da euskal txiolari askok espainiar txiolariek esaten dituzten astakeriak txiokatzen dituztela; batzuk ikaragarriak.
Mahai-inguruan “Operación araña” delakoan atxilotu zituzten bi lagunek hitz egingo dute, @erreharria eta @JEgurzegi. Balantzaren desoreka islatzen duten bi lagunen testigantza.
Ze bizia dagoen Donostia 2016!
Donostia LIBRE 2016