Olano ala Olano, nor bizi da zoriontsuago?

Mundu anglosaxoian orain arte egindako ikerketen arabera, pentsakeraz liberals edo progresistak eta conservatives, edo kontserbadoreak, ezberdinak dira oso, eta ez bakarrik politikoki. Ogibideari dagokionez, esaterako, ikasketa lerro ezberdinak hautatzen dituzte; pozik bizitzeak esanahi ezberdina du batzuentzat eta besteentzat

Orain arte, psikologia politikoari kasu eginez gero, lehenak ez ziren bigarrenak bezain zoriontsu bizi, baina Science aldizkari zientifikoan orain gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, “Conservatives report, but liberals display, greater happiness”, irauli egin da orain arte indarrean zegoen ustea.

Pentsakera ezberdineko jendeari zoriontsuak al ziren galdetuta, inkesta bidez egiten ziren ikerketak orain arte, 2006ko “Are We Happy Yet?”, kasu. Eta orokorrean, kontserbadoreak progresistak baino errazago onartzen zuten zoriontasuna. Orain ordea, guztiz metodologia ezberdina erabili izan dute California, South California eta Chicagoko unibertsitateetako psikologia departamenduetako ikerketa burutzeko orduan.

Sean Wojcik irakasleak, ikerketaren arduradun nagusiak adierazi zuenez, “gure ikerketarako zoriontasunarekin zerikusia duten jokabideak aztertu ditugu, eta Twitter eta Kogresuko mezu eta hitzaldiak kontutan hartzeaz gain, politikariek Linkedin-en eta argazkietan agertzen duten irribarreari ere erreparatu diogu”.

Kontserbadoreek errazago esaten dute zoriontsuagoak direla, baina progresistek zoriontasun maila altuagoa agertzen dute.

Ondorio hauetara heltzeko, AEB-etako bi alderdi nagusietako agintari garrantzitsuenetako batzuk aztertu dituzte; hitzaldietan egiten duten hizkuntzaren erabilera positibo edo negatiboa eta hauteskundeetako argazkietan duten irribarrea. Eta konturatu dira kontserbadoreek hitz negatibo gehiago erabiltzeko joera dutela; progresistek, kontrara, hitz positibo gehiago hartzen dituztela ahotan. Hamazortzi urte luzez AEB-etako Kongresuko transkripzioak aztertu dituzte emaitzak erabat berretsi ahal izateko.

Twitter bidezko azterketan, aldiz, herritar xumeak aztertu dituzte. Bakoitzak jarraitzen duen alderdiaren arabera kokatu dituzte, bi alderdien jarraitzaile direnak alde batera utzita, eta 47.257 txioren azterketa liguistikoa egin dute gero. Bi zerrendatan banatu dituzte hitzak eta emotikonoak, poza agertzen dutenak alde batera eta tristezia agertzen dutenak bestera jarrita; software bat erabilita, bistan da. Eta berriro ere progresistak aurpegi alaiagoa eta kontserbadoreek goibelagoa dutela erakutsi dute emaitzek.

Metodologia berri hau erabilita, errealitatea faltsutzeko dugun joera ekidin nahi izan dute ikerlariek, “norbere burua dagoena baino hobeto baloratzeko ohitura baitugu”, Wojcik irakaslearen arabera. “`Balanced Inventory of Desirable Responding´ izeneko inkesta bat erabili genuen, dagoeneko frogatua dagoena, eta konturatu ginen kontserbadoreek joera handiagoa dutela errealitatea dotoretzekoa”.

Olano ala Olano, nor bizi da zoriontsuago?Laburtuz, “kontserbadoreak autoebaluaketa inkestetan zoriontsuago azaltzen dira, autokonplazentziarako joera handiagoa baitute; baina ez dute progresistek baino zoriontasun maila handiagoa beraien portaera aztertuz gero”.

Ikerlarien ustez, komenigarria da orain arte erabili izan den metodologiari berri hau gehitu eta biak erabiltzea.

Esandako guztiak, ez dago esan beharrik, ez du esan nahi ezkerrekoak zein eskumakoak benetan zoriontsu bizi direnik.

 

Baina gatozen gurera eta esaguzu, zeure aburuz eta inguruari erreparatuta, nor den zoriontsuagoa, Ezker Abertzaleko kidea ala jeltzalea?