Motxila eta mozala

(Euskadi Irratiko Arratsean saiorako prestatutako testua)

Motxila da gure iraganeko gu horren oihartzuna, eta aldatzeak, gure bizitzako aldi edo aro bat definitiboki atzean utzi dugula adierazten du. Hala aurpegiratu zidan lagun batek orain gutxi, bizkarretik zintzilik neraman zorro berria ikusi zuenean. Zergatia galdetu nion nik, urdurituta, eta zorrotz erantzun zidan hark: 

Lagungiroz, bizilekuz edo orrazkeraz alda dezakezu, garai ilunagoetako disko zaharrak oparitu, kirol-jertseen kaltean alkandorak lehenetsi, poteoan, limoidun garagardotik ardo beltzerainoko trantsizioa egin. Baina aldatuko duzun azkeneko gauza, aurretik nor zinen edo nor zinela erakutsi nahi zenuen esaten duen objektua, pertsona ororen transformazioaren azken katebegia, motxila da. Beste denak aurrekariak dira, baina motxila berritu arte, aldaketa ez da erabatekoa.

altus Motxila

Gogoratu nuen nola marrazki bizidunek jada pantailari lotzen ez nindutenean, soinean neraman oraindik Lukas Ahatearen motxila berde hura. Nola Piperrak, Sorotan Bele, Gatibu, Hertzainak eta halakoen letrak buruz ikasten hasi baino dexente beranduago lortu nuen gurasoek Altus markako motxila erraldoia oparitzea. Eta gogoratu nuen, baita ere, Altus urdin hartan lagunek idatzitako esaldi erromantikoek bide luzeagoa egin dutela nire bizkarrean, haietako batzuen laguntasunak baino. 

Ezin izan nion lagunari kontrako argudiorik eman, baina esaldiak utzi zidan halako larritasun bat. Memoria ariketa egiten jarraitu eta, soinean eraman ditudan 6 motxila gogoratu nituen. Geroztik kezkati nabil. Dagoeneko sei, ez ote dira askotxo?

Motxilaren metafora baldarraren aitzakian, eta bestondoen hazkunde exponentzial geldiezinak lagunduta, jabetu naiz orain arte baztertutako egiaz:

Gure hogeitagutxi edo hogeita-ez-horren gutxietan eroso eta lasai gabiltzanak ez gara atzo jaioak. Beldur pixka bat ematen badu ere, komeni da kontuan hartzea; makina bat gauza aldatu eta gertatu dira munduratu ginen hartatik.

Motxilaren batean gelditu zitzaizkigun Superbat, euskaraokea eta Xabier Amurizaren Dragoi Bolaren bikoizketa lan bikainak. Beranduxeago, baita ere, Betizuren hiru dimentsioko irudiak, unibertsolariak eta belaunaldi oso baten ereserkia bilakatu den ‘Lokaleko leihotik’ kanta hura. Motxila horretan ditugu peseta edo frankoekin erositako txikleak, kanikak, kromoak…

Motxila mendizaleagoan gordeta egongo dira telefono deiek messengerreko solasaldiak eta google-ko bilaketa ezin motelagoak eteten zituzteneko garaiak, fotologak, “zurekin akordatzen naiz” edo horrelako zerbait esan nahi zuten dei-galduak, Nafarroa Oinez, Kilometroak… Motxila horretan baita ere, Berri Txarrak, Ken Zazpi edo Des-kontrolen kantak, lehenengo Walkman gero Discman eta geroago 128 MBko MP3etan entzundakoak.

Baditugu bizkarrean hamarnaka ikasturte, makina bat mozkorraldi, bi mende, bi milurte dozena erdi bat agintaldi…

Eta kontua da, motxilaren metaforaren gehiegizko ustiaketa eginda, nire gain sentitu dudala fundamentuzko zerbaitetan hasi beharraren zama eta erantzukizuna. Indarrez ere bete nau ordea, eta une batez belaunaldi oso baten ordezkari sinetsita asmo eta ideia handiak etorri zaizkit burura:

“Utzi beharko geniokeela gure aurrekoek euren neurrira eraikitako egituretan hutsik geratuko diren eserleku bakanak konkistatzeko elkarren aurka leihatzeari, sortu behar genituzkeela gure hedabideak, gure argitaletxe, diskoetxe, baratz, sare, denda eta tabernak. Eta egitura zaharrago erdoilduen akatsak errepikatu beharrean, horizontaltasuna eta parekidetasuna oinarri ezinbesteko behar genituzkeela izan. “

Baina halako baieztapen handiusteak papereratzeko tentazioa izan dudanean gogoratu dut, batzuoi indarra mingainetik joaten zaigun bitartean, beste batzuk aspaldi hasi zirela horrelakoak eguneroko lanarekin aldarrikatzen. Oztopoak gainditu eta erasoak jasan behar izaten dituztela.

Gogoratu dut Topatuko kideek egin duten eta egiten duten lana. Gogoratu ditut Iraitz Salegi eta kazetari gisa aritzeagatik ezarri nahi dioten 18 hilabeteko kartzela zigorra. Gogoratu Mozal Legea eta nola mugatuko duen alternatibak ikusarazi, eraiki, kontatu eta sortu nahi dituen ororen lana.

Eta erabaki dut, motxila berria erosteko bidean denak lehenago musika taldea edo alkandora aldatzen duen bezala, egitura berriak sortu dituztenak eta egunero lanean ari direnak defendatu eta baloratzetik hasi beharko genukeela. Hori eta mozalak esaten utziko ez didan horrek nire motxilak nitaz esango duenak baino gehiago kezkatzen nauela.

NIRE KONTRA ESANAK