Komunikabideen birkokatzea eta zalapartatxo interesatuak
Oier Aranzabalek atzo EAJren berpizkundea ikusten zuen Onda Vascaren atzean. El Paisek ere artikulu mamitsua argitaratu zuen atzo zazpi komunikabideen birkokatzeaz. EAJren apustu mediatikoa ikusten zuen Onda Vascaren indartzean ez ezik Noticias taldearen hedatzean (Deian eman diren aldaketetan batez ere).
PSEk PPren aliantza estrategikoa lagun, EITB bere politikaren ardatz nagusitzat du, nola “terrorismoa deslegitimatzeko” hala oposizioa higatzeko.
Txema Monterok modu interesgarrian aurkeztu zuen Argiako elkarrizketa honetan abertzaletasunak prentsa interesgarri eta eragingarri bat sortzeko izan duen ezintasuna. Aranzabalek atzo zioen bezala, berandu ari da EAJ, komunikabide publikoen kudeaketa galdu duenean kezkatu baita bere interesak hedatuko lituzkeen komunikabide pribatuak indartzeaz (Deiaz gain).
Noticias taldeak eta Onda Vascak aurrerantzean izango duten indar eta eragina ikusteke dagoen arren, hasi dira hasi gobernua eta haren inguruak higatzeko lanetan. Azkena, Canal Sur, Andaluziako telebista publikotik kontratatu duten Julian Pavonen harira sortu duten zalapartatxo interesatua da.
Deiaren zalantzak ulergarriak dira (Andaluziako profesional bat Euskal Telebistan? Zer nolako ekarpena egingo dio? Komisario politikoa izango da?).
Baina noraino dira kezka profesionalak eta noraino higatze lan baten hasera?
Ala biak dira batera?