Piper potoa

lores_morron.gif

Ordiziako mutiko horrentzat 3.300 euroko isuna eskatu dute Espainiako bandera rojimierda dela idatzi omen duelako, interneteko foro batean. Por ofensas y ultrajes a España, diote. Argi ibili beharra dago, beraz, esaten denarekin. Zorionez guri ez litzaiguke sekula santan gure burutik antzekorik pasatuko. Ez horixe.

Izanak izan, beste batzuek nahi dutena idazten dute gutaz. Gogoan daukat, esaterako, besteak beste, Calleja jaunak, bere liburuetako batean eskaini zigun “filoterrorista” hura.  Lore bat baino ez, beste hainbat lore dedikaturen artean. Hari, ordea, Espasa saiakera saria eman zioten liburu harengatik eta guri irainengatiko epaiketetan ez sartzeko aholkatu ziguten, ez baikenuen irabaztekorik izanen. Halaxe geratu zen, ba, gurea: bere hartan. Izan ere guk ez ohorerik, ez minik ez ezer, nahiz eta sekulakoak entzun. Ez ofensarik ez ultrajerik, guri.

Honen guztiaren harian, baina, kezkatzen hasita nago tradiziotik datorkigun  esapide batekin: “Piper potoa”. Nork ez du entzun, esan, erabili… halakorik? Zein ote da isuna halako gauza batentzat?

Kontuz, beraz, ahaztu tradizioa eta deitu Espainiako banderari, “Espainiako bandera” soilik, eta ez besterik. Kontuz ibili piper potoarekin. Kendu burutik, erauzi ahotik, garbitu mihitik. Badaezpada.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Piper potoa”-ri buruz