Imanol Agirre: “Liburu-dendak kultur epizentro dira, ala bestela ez dira”

Imanol Agirre, Garoa Liburudendako sarreran - ZuZeu cc
Imanol Agirre semea, Garoa Liburudendako sarreran – ZuZeu cc

Londresen bizi zela, Foyles lokal mitikoak liluratuta, liburu-denda zabaltzeko ideia izan zuen Flor Illarramendik. Irakurzale eta ameslaria izaki, Erresuma Batutik itzuli orduko mamitu zuen ametsa, Paco Illarramendi aitak utzi zion Trinitate kaleko bodega zaharrean. Franco hiltzeko bi urte falta zirenean zabaldu zituen ateak Garoak, eta ordutik esporak besterik ez ditu bota Zarauzko liburu-dendak.

“Koadrilarekin etortzen nintzen Florren liburu-dendara, eta horrela ezagutu nuen bera”, azaltzen du Imanol Agirre aitak. Garai aski berezia zen, diktadura azken arnasa ematear zeneko hura. Agirrek orduantxe begiz jo zuen Flor, irakurgai klandestinoak konpartitzeak sortzen duen konplizitatetik akaso. Maitemindu eta bi urtera ezkondu ziren. “Ameslaria zen bera, eta mahaia albaranez beteta izaten zuen”, oroitzen du liburuzainak, “ni sartu nintzenean, serio hasi nintzaion antolatzen. Bezero bila; ikastetxe, liburutegi eta abarretan. Kontuak egunean eramanaz”. Flor eta Imanol elkarren osagarri ziren, eta horrek bihurtu zuen Garoa, hamarkadetan zehar, Zarauzko erreferentziazko liburu-denda. Bertako bezero eta lagun ziren Jorge Oteitza, Federico Krutwig eta Claudio Rodríguez poeta besteak beste (*Ikus bideoa).

Aitaren azalpenak dira garaien arteko kontrastearen erakusle. Agirrek Zarauzko enpresa batentzat egiten zuen lana, hura utzi eta jornada osoz “ jai-egunak barne” hasi zen liburu-dendan lanean. “Orduan desberdina zen guztia, ez genuen ez internetik, ez eta ordenadorerik ere! Ez zen orain bezain erraza liburu bat bilatzea, informazioa lortzea eta hura ekartzeko biderik bazen jakitea”, dio Agirrek. “Dena eskuz egin behar nuen. Orain bestelakoa da kontua”.

IMG_7999
Eneko Agirre liburu-dendan

Garai berriotan ere, semeei testigua pasa arren, arte galeria bihurtutako sotoko ofizinan egiten du lana aitak. ‘Bekario’ lanetan, dio txantxetan berak. Zaharretan abila izanik ere, berrietara moldatuta, ordenagailu baten pantailaren aurrean igarotzen ditu orduak diruzain lanak egiten. “Harro nago semeak egiten ari diren bidearekin”, dio begietan aita onaren dir-dirraz. Ez da gutxiagorako.

Imanol(txo) Agirre (semeak) ondo oroitzen du dendaren testigua nola hartu zuten: “Istorioa errepikatu zen. Londresen bizi nintzela, amak bisitatu ninduen batean, Foyles denda ezagunera eraman nuen berriz. Eta bertantxe esan nion etxeko liburu-denda hartzeko asmoa nuela”. Esan eta egin. Madrildik sorlekura zetorren Eneko anaia txikiaren eta bere neskalagun Patricia Geterekin batera, berritu zuten amaren ametsa. Gaur, duela hiru urte zehazki. Eta lan-taldea osatzen, handitzen eta aldatzen joan da apurka, inguruko lagun eta ezagunekin (Artikulu hau sinatu duen itsumutila tarteko). Hiru urteotan hamaika esperientzia, apustu eta esperimentu egin ostean, hilabete barru, Donostiako Gros auzoan kulturgune berri bat zabalduko dutela iragarri dute .


Zarautz & Donostia

Harkaitz Canok eta Anarik iritzi bera zuten denda lehenengoz zapaltzean: Europaren muinera bidaiatzea bezala da Garoan sartzea, eta bertan ospatzen diren ‘paperezko’ ekitaldietan parte hartzea. Imanol(txo) Agirre: “Zarautzen ditu erroak Garoak, eta orain hemen egin izan duguna Donostiara (ere) eramango dugu”. Irakurle klubez gain, Paperezko Kontzertuak ekimena eta antzerki, zein, zinemari loturiko ekitaldiak antolatu dituzte azken hiru urteetan zehar. “Laborategi bat da gurea; nola liburu-dendan eta arlo kulturalean, hala teknologikoan. Eten gabe esperimentatzen dugu”, azaltzen du Eneko Agirrek, Garoako adar teknologikoaren arduradunak. Hainbat proiekturen erantzule da bera (artikulua sinatzen duen itsumutilarekin batera). Osoigo.com politikariei galderak egiteko ataria da martxan jarri duten azken ekimena.

Ekainaren amaiarekin batera irekiko dute Donostiako gunea Zabaleta kalean. Bi pisu izango ditu; bata liburu-denda, hausnarketaz gozatzeko gune bizia eta bestea; co-working laborategi kultural-teknologikoa, ideiak landu eta burura eramateko. Hub moduko bat sortzea da Garoako lan-taldearen asmoa. Flor Illarramendiren ametsari jarraipena ematea, ametsa betikotzea. Are gehiago.

(P.S: Esker ona besterik ez Garoa.)

Ekaitza bainuontzi batean

2 pentsamendu “Imanol Agirre: “Liburu-dendak kultur epizentro dira, ala bestela ez dira””-ri buruz